Etxetik Miribillara

Etxahun Lekuek irabazi du Larrabetzuko finalaurrekoa, eta Bizkaiko txapelketako finalean kantatuko du. Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza ere sailkatu dira

Etxahun Lekue, atzean Miren Amuriza eta Ibon Ajuriagojeaskoa dituela, atzo, Larrabetzun. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Zuazubiskar Iñarra.
Larrabetzu
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Etxahun Lekue gailendu zen, atzo, Bizkaiko txapelketako azken finalaurrekoan, eta finalean kantatuko du Larrabetzukoak. Haren atzetik sailkatu ziren Ibon Ajuriagojeaskoa (507,5), Miren Amuriza (504,5), Mikel Goiriena (439,5), Ander Elortegi (434) eta Julen Erezuma (410,5). Dotore zegoen Larrabetzuko frontoia, bete-bete: esku bateko atzamarrekin zenbatzeko beste aulki huts, eta bertsolarien gertukoek margotutako pankartak hormetan. Epel hartu zuten entzuleek seikotea, eta eskertu zuten babesa bertsolariek.

Saio puntuagarria hasita, gogoetarako baliatu zuten bertsolariek hamarreko handiko ariketa. Erezuma eta Amuriza Batxilergoko ikasleekin lanean aritzen diren bi sexologoren azalean jarri zituen Maite Berriozabal gai-emaileak. Zorrotz ekin zion Amurizak: «Beraz uste dot dagokigula / guri argi esatea,/ hori fikzino zehatz bat dala/ ta ez errealitatea». Kezka horri tiraka jarraitu zuen Erezumak, «sexua beti gozatzeko da/ zentzunagaz jokatuta» kantatuta. Nola masturbatzen zen azaltzean ikasleek jarritako «nazka aurpegiak» ikustean, hala itxi zuen bertsoaldia Amurizak: «Nik konklusino bat atara dot/ euren keinu ta abarrak:/ gorputzez oso gazteak dira, /mentalitatez zaharrak».

Bederatzi urteko alabak sakelako telefonoa eskatu zien Ajuriagojeaskoa eta Lekue gurasoei; ez oparitzea erabaki zuten haiek. Fin hasi zen Lekue: «Izan be mobil hortatik dator/ txarra dan hainbat eredu./ Ondo erabilten dakienean/ erregalauko dotsegu». Sareak dituen arriskuak aipatu zituen Ajuriagojeaskoak, eta honela amaitu zuen ofizioa: «Eta luzaro ezingo dogu/ gizartean kontra joan».

Zortziko txikiko bertsoaldiek berotu zuten ordura arteko epela. Donejakue bidea bakarrik egiten ari zen Amuriza, baina Ajuriagojeaskoa ingurutik kendu ezinda zeramatzan azken egunak. Afalorduan alboan jarri zitzaion Ajuriagojoeaskoa, eta bizi hasi zen Amuriza: «Lagun inbisible bat ein dot/ eta ze gustora.../ Eta parkatu baina/ hortxe jarriko da». Arin erantzun zion Ajuriagojoeaskoak: «Itsaskorragoa naz/ bieira bat baino.../ Zugaz heldu nahi neuke/ Santiagoraino». Entzuleen barre artean, honela bukatu zuen Amurizak: «Nahiko ta sobra daukat/ neure txirlarekin».

Durangoko Azokan galdu ziren 6 urteko bi haurren larruan jarri zituen gaiak Elortegi eta Erezuma. Haur begietatik hasi zen Elortegi: «Kendu negar horiek/ egiten baitu motz./ Lasai hortxe baitaude/ Pirritx eta Porrotx». Gurasoak aipatu zituen Erezumak: «Zu ez aguantatzearren/ apropos ein dabe».

Ale politak utzi zituzten bertsolariek hamarreko txikiko ariketan. Enpresa ikasketak egin zituzten Amurizak eta Goirienak; ikasketak amaituta, enpresa batean lanean aritu zen Amuriza, eta ogi ekologikoa egiten Goiriena. Lanean batera hasteko proposatu zion Goirienak Amurizari, eta ezetz esan zion hark: «Hiru master daukadaz/ hirurak apartak./ Ni naz entendidu bat/ hara hor zaratak.../ Neuk egingo deutzudaz/ zeuri ogi katak». Aurreko ariketan Amurizak erabilitako ideia hartuta erantzun zion Goirienak: «Ta idea barriek/ nire buruetan.../ Txirla ogie egitea/ ari naz pentsetan». Zorrotz eta bizi amaitu zuen Amurizak: «Gizon baten buruan/ hori tipikoa,/ baina txirla bakarrik/ ere da nahikoa./ Hemen ogia egiten/ guai dabil tipoa,/ gero transporterragaz/ buelta mitikoa.../ Hori al da zuretzat ekologikoa?».

«Autotik jaitsi, eta zuzen etorri da zugana. Estu besarkatu zaitu». Hari ezberdin bati egin zion tira bertsolari bakoitzak, gai-jartzaileak emandako bakarkako ariketa josteko. Txirrindulari baten azalean jarri zuen bere burua Lekuek: «Afizionatu naz honezkero/ hortxe nabil bueltan bueltan/ buru eta hankak ketan... / Karrera bat dot ta lehenengoa/ izan gura neuke metan/ ta horretarako buru-belarri/ nabil berez entrenetan/ errepide txarrenetan». Hala amaitu zuen bertsoaldia: «Ekipoko lau gabiz batera/ ibilten gara edarto./ Entrenadora gure atzetik/ kotxean bera bai bapo./ Pasa izan doguz kilometrotan/ lehen be hamaika halako./ Ai ene zenbat zartako.../ Baztarra jo dot baina halan be/ ez da izan lar niretzako./ Entrenadorak besarkatu nau/ ta barrea urten jako/ bizirik nagoalako». Lagun batek telefonoz deitu zuen, eta harengana joan zen Amuriza: «Bajatu naz eta hemen/ laztu egin jat azala./ Dardarka desintegrau da/ heldu eta berehala/ hondarrezko gaztelu bat/ izango balitz bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.