sailkapena
Manex Agirre Arriolabengoa (372,0 puntu)
Peru Abarrategi Sarrionandia (365,5)
Iñaki Viñaspre Simon (354,0)
Unai Anda Delika (337,0)
Eli Zaldua Barquin (331,5)
Ekaitz Samaniego Curiel (305)
Kultur etxeko aretoa goraino beteta ekin diote 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalerdiei, Aramaion. Manex Agirrek lortu du, saioa irabazita, martxoaren 16an Gasteizko Printzipal antzokian jokatuko den finalerako lehen txartela. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Unai Anda, Eli Zaldua eta Ekaitz Samaniego.
Kanpoko giro hotz eta elurtuari erantzun beroa eman diote sei bertsolariek, baita saioa entzutera joandako entzuleek ere: bete-beteta zegoen aretoa. Etxaun Otaño gai jartzailearen atzetik igo dira sei bertsolariak oholtzara, eta, ohi bezala, agurrekin ekin diote saioari. Bakoitzak bere helburuen berri emateaz gain, besteak beste, lehen sektorearen aldeko, Araba euskaldunaren aldeko eta eolikoen kontrako aldarriak egiteko baliatu dute lehendabiziko bertso sorta.
Zortziko handiaren txanda izan da gero. Andaluziatik gaztetan etorritako 80 urteko bi pertsona izan dira Eli Zaldua eta Unai Anda, orain beraiek zaintzeko etorkin bana kontratatu dutenak. Iñaki Viñaspre eta Ekaitz Samaniego bikoteak, berriz, harreran hartzekoa den umea ezagutzeko lehen zita izan du. Eta Manex Agirre eta Peru Abarrategi bi etxegabe izan dira, lo egiteko erabiltzen duten lekutik Poliziak kanporatuak. Osoena Agirre eta Abarrategiren artekoa izan da, baina ariketa horri erantzun diote, akaso, bertsolari guztiek egokien. Hortaz, konfiantzaz jarraitu ahal izan dute saioan aurrera.
Barre egiteko garaia izan da zortziko txikiak kantatu dituztenekoa. Bertsoaldi guztietan egon da barre egiteko motiborik, baina Anda eta Viñasprerena izan da arrakastatsuena. Erretzeari uzteko apustua egin duten bi pisukide izan dira; Anda, etxera sartu orduko tabako usaina aditu, eta kontu eske joan zaio Viñaspreri. «Harrapatu egin zaitut/ egon zaitez adi/ ta ez ez begiratu/ aizu txakurrari», zorrotz ekin dio Andak ofizioari. Gezurra dela esan dio Viñasprek, bizitzan horrenbeste erre eta gero usaimena zeharo galdua duela esanez. Azkenean, berriz erretzen hastea erabaki dute biek, eta hala amaitu du ofizioa Viñasprek: «bale, erreko dugu/ ezin zen bestela/ baina oroitu zure/ errua izan dela».
Tonu serioagoa hartu du saioak berriz hamarreko txikian. Ale onak izan dira hor ere. Rol hauek hartu dituzte bertsolariek: nagusiarekin bazkaldu ala ez erabakitzen ari diren langileena, banatutako gurasoen bikotekide berriekin harreman gatazkatsua duten anai-arrebena, eta bideo dei baten bidez elkar bisitatzeko zita non jarri erabakitzen ari diren lagunena. Gaien atzeko gaiei begira egon dira bertsolariak.
Ganbarakoaren txanda etorri da gero. Klima larrialdiari buruzkoak izan dira erantzun beharreko hiru puntuak. Lekuan lekuko problemei erantzuten eta egoera orokorrari begira jardun dute bertsolariek.
Etxean azkenean
Hau izan da bertsolariek bakarka bi bertso kantatzeko gaia: «Etxera bueltatu zara azkenean. Ez da izan espero zenuen moduan». Askotariko erantzunak aditu dira aretoan. Nepalen urtebete egon eta gero, gurasoak elkarrekin haserretuta aurkitu ditu Zalduak; psikiatrikotik etxera bueltatutako pertsona bat izan da Anda; preso egon eta gero etxera itzuli diren bi pertsona izan dira Viñaspre eta Samaniego; Gazan lanean egon, eta espero ez zuen esperientzia izanda itzuli da Agirre kazetaria; eta etxera itzuli eta bikotekidea ohean beste batekin topatu du Abarrategik.
Abarrategik «gu gara Barbie eta Ken» kantatu duenean irri txiki asko agertu badira ere, Samaniegoren ariketa eskertu du publikoak gehien. Barru-barrutik ateratako bertsoaldi hau egin du:
«Zortzi urtez preso egon eta/ ireki dute atea/ berriz ere naiz itxuraz/ lehen nintzen bezain askea/ etxea berriz ikusi/ ta txikitako parkea…/ nahi nuen buelta ederra, ideala izatea./ Baina hortxe hasi egin zen/ laguntasunen eskea/ hutsik zegoen nire ondoko/ konpainiaren partea/ eta horrela dihoa/ zailtxo lehenengo urtea/ ez da erreza izaten/ espektatibak jaustea».
«Errealitatea izaten/ da noizbait horren krudela/ betea non egunero/ jaki goxoez sabela/ eta goraino zihoan/ hutsunearen nibela,/ baina hori ez zen izan/ nire buruaren eskela./ Jaso dut lagun berrien/ laguntza oso epela/ denbora eman behar zitzaion/ ta ezin zen izan bestela/ orain pozik esango dut/ sentitzen dudan bezela/ bizitza berreraikitzen/ oso pozik nabilela».
Lehen finalerdia amaituta zabaldu dira finaleko ateak. Bost aulki daude libre. Datorren asteko Dulantziko saioan erabakiko da finaleko seikotea.