Udaberriko ostiral arrats bat; narea, bizigarria. Urdin dago zerua Duzunaritzen (Nafarroa Beherea), hain urdin ezen uda baitirudi. Mendigune eta larreak berde sarkor: zapelatz eta belatzak hegan. Txori txikiak kantuan. Bernart Etxepare (1480-1545) jaiotako etxearen hormak aski berrituak daude; eguzkiak sendo jotzen du harriz zizelkaturiko horma irudian. Zera dago idatzita: «Bernat Etxepare idazlearen sortetxea ohidurak dioenez».
Lingua Vasconum Primitiae liburuko poemen egilea munduratutako inguruotan grabatu zituen Iaquin Vahu (Repetidor) diskoko abestietako batzuk Ibon RGk (Sestao, Bizkaia, 1978), Ibon Rodriguez berezko izenez. Elkarrizketarako hitzordua ere bertan jarria da. Kontatu du, eta kantatu du. Airos, inguruneak eta denbora-uneak bustita. Inoiz aurkeztu nahi luke lan hori Duzunaritzen bertan. Bitartean, hasia da zuzeneko emanaldiekin. Ekainaren 14an Bilboko Kampai Espazioan ariko da; ondoren, uda partean, Santanderren, Gijonen, Madrilen, Lisboan, Porton, Galizian...
Lekuek, espazioek, beren musika dute, beren oihartzuna dakarte. Zer dakarkizu Duzunaritzek, Etxepareren jaiotetxeak?
Leku guztiek dute xarmaren bat. Ni ingurune industrialekoa naiz, Sestao [jaiolekua] eta Bilbo artean dabilena. Ingurune horrek ere badu dardarizoa eragiteko gaitasuna. Hemen, Duzunaritzen, zailagoa da motorren hotsa entzutea [zoriaren kontuak: hau esan eta gutxira agertu da traktore handi bat, burrunbatsu], baina entzuten dira zintzarriak, animalien marrumak, txoriak… Dena izan liteke baliagarria eta erabilgarria musikarako. Bere horretan musika dela esan liteke, isiltasuna ez denez existitzen, eta, kontrakoa musikatzat har litekenez, musika dugu hemen, Duzunaritzen, eta han, Bilbon.
Esana duzu zoriz iritsi zarela Etxeparerengana: lehenik hitzaldi baterako kantua osatuta, Itxaro Bordaren proposamenez, gero obra osoa musikatzeraino. Behin hasita, berezko musikaltasunik topatu zenion Etxepareren obrari, ala xerka ibili zara, bilaketan, musikaltasun hori atera zedin?
Poesia guztiek dute musika. Askotan zalantza izaten da kantuetako letrak poesia diren, baina, bestalde, poesia guztia da musika, testua edozein delarik ere. Hain zuzen ere, diskoa zabaltzen duen testua gutun bat da, Etxeparek Lehete jaunari igorria, eta horri ere musika erauzi diogu. Etxeparerenak bezala beste edozeinen testuak dira malguak musikara ekartzeko. Edozein testu izan daiteke jolasteko materiala. Kasu honetan, gainera, badu musikaltasun berezkoa, errimetan, neurrietan… hamabost silabako bertso lerrotan dago idatzia ia liburu osoa. Gerora konturatu nintzen nik sortutako abestietara egokitzen zela poema bat baino gehiago. Nahiko modu inkontzientean sortzen ditut pieza musikalak; areago, batzuetan poema osorik irakurri aurretik sortu nituen.
Zergatik Linguae Vasconum Primitiae?
Liburua ezaguna zitzaidan Euskal Filologiako karreran ikasi nuelako, baina ez orain bezain sakon. Etxepareren poesia ezagutzeak lan bat hasita edukitzea esan nahi zuen. Iruditzen zait berak idaztean pentsatzen zuela bazitekeela gero kantatzea, ez akaso olerki guztiak, baina bai gehienak. Barne taupada eta erritmo batekin idazten zuen. Horrekin jolastea eta batzuetan apurtzea oso gustagarria izan da niretzat. Haren poema batzuk aurrez musikatuak zeuden, eta horrek ere eman dit aukera jolasteko eta ez errepikatzeko. Edonola ere, niretzat kantugai izan liteke Etxepareren poesia, eta izan liteke Albaniako poesia ere, zeina erabat ulertezina zaidan, baina modua ematen du esanahitik urrun dagoen zerbait aurkitzeko, eta horrek ate berriak zabal ditzake.
«Poesia guztiek dute musika. Askotan zalantza izaten da kantuetako letrak poesia diren, baina bestalde, poesia guztia da musika, testua edozein delarik ere»
Noiz erabaki zenuen lan osoa musikatuko zenuela, noiz egin zizun klik buruak, eta esan: «bai, posible da!»?
Itxarok [Borda] emandako hitzaldi hartarako zortzi bat pieza prestatu nituen, baina, denbora kontuengatik, bost eman. Oso gustura geratu nintzen emanaldiarekin. Inoiz baino azkarrago konposatu nituen kantuok, beharbada testutik abiatu nintzelako. Gehienetan letra da egiten dudan azken lana, eta honakoan alderantzizkoa izan da. Abstrakzio bat eta axolagabekeria moduko bat nahi izan dut testuarekiko…
Zergatik?
Bada, gutxienez hasieran nire musikaltasuna ez baldintzatzeko; azken finean, Etxepare aitzakia bat baita niretzat musika egiteko. Baina material poetikoa hain da garrantzitsua, baita nire bizitzan ere, erakargarria zitzaidan guztiz. Etorri zen Itxaroren proposamena, bizpahiru hilabete barru zetorren hitzaldia, eta ezinbestean oso azkar etorri ziren zirriborroak. Ikusi nuen bazegoela modua lana luzatzeko, eta hamasei poemak egiteko erabakia hartu nuen, bide batez, diskoa biribiltzeko. Eta, beste alde batetik, kantu asko ez direlako sekula landu, musikatu, eta ahaztu egin dira alde horretatik.
Leku batean baino gehiagotan grabatu dituzu piezak. Zu joan zara lekuen bila, ala lekuak berak eskatu dizu bertan graba zenezan?
Nik eman diet lekuei aukera kantua aukeratzeko, nolabait. Grabatzeko sistema erraza izan da, Duzunaritzera etortzea, Eiheralarrera, Behorlegi ingurura, mikroa hartzea nahikoa izan da… Zegokion lekura joan, kantuak probatu, eta nire gustuen arabera egin nituen grabazioak. Ez dago leku ideal bat kantuak grabatzeko; kantu bakoitzak desberdin egiten du dar-dar leku bakoitzean. Interpretazioa beti baldintzatzen du ingurunean, baina egia da, era berean, gerora konturatuz joaten naizela leku batean edo bestean behar duela izan. Ez da grabatzeko modu bakarra; lokalean ere probak egin izan ditut. Abesti batzuk izan ditzakete sei-zazpi grabazio proba.
Kantatzeko jarri zituen poemak-eta kantatu izan dira. Oskorrik, Maite Idirinek, Xabier Letek, eta Etxepare Rap-ek azkena: duela hamar bat urte, Emazten fabore eman zuen rap moldean. Guztiok errepikatu duzuena da horixe, Emazten fabore. Zergatik dela iruditzen zaizu?
Ez dut uste ausazko zerbait denik, baizik eta nahiko olerki garrantzitsua dela euskararen literaturarako. Bostehun urte dira idazle batek gai hori lehen aldiz liburu batean jorratu zuela, badira bertso lerro erotiko batzuk. Ezin dugu esan olerki feminista denik, hori gaur egungo talaiatik aritzea bailitzateke, baina badago kontsiderazio bat emakumearekiko. Beharbada feministagoak dira beste olerki batzuk zeintzuetan Etxeparek idazten duen emakumearen lekutik. Baina badago literatura, hau da, jakitea rol batean eta bestean jartzen eta eztabaida sortzen. Eta euskarazko lehen liburuak hori egitea zoragarria da. Horrek erakarri izan du hainbat euskal artista, Oskorri, Maite Idirin eta beste... Beharbada mitifikatu egin da Emazten fabore, baina badira kopla eta bertso lerro aipagarri gehiago liburu osoan.
«[Etxepare] Pozik egongo zen bere orduko testuak oraindik kantatzen direlako, baina agian berak nahi zuen estatusa ez dugu lortu. Oraindik mespretxatua da euskara, egunero ikusten dugu»
Oskorrik Gabriel Arestiren laguntza izan zuen testuak moldatzeko; zuk, berriz, Itxaro Bordarena izan duzu, baina ez moldatzeko, baizik eta ahapaldiak aukeratzeko.
Buztinezko etorkizuna bere ipuin distopikoa plazaz plaza eramaten ari ginen. Ni sintetizadore batekin aritzen nintzen, eta hark irakurri egiten zuen. Itxarok esan zidan Etxepare musikatu behar genuela sintetizadoreekin. Galdetu nion nola ezkonduko ziren bi gauzak, eta erantzun zidan Etxepare oso punka izan zela bere garaian, eta horrekin gustura egongo zela. Gero diskoak ez du bide hori hartu, pare bat kantutan izan ezik. Itxarok egin zuen bertso lerroen aukeraketa. Poema guztiekin egin dugu pieza musikal bat, baina guztiak ez ditugu sartu oso-osorik. Hizkuntzari dagokionez bai, garrantzitsua izan da Etxepareren moldea erabiltzea eta mantentzea. Erabaki genuen egokitzapenik ez egitea arlo horretan.
Zergatik?
Uste dugulako, eta defenditu nahi dugulako, liburu hau bere horretan ulertzen dela, euskara batua dela jada nolabait, ahalegin bat eginda behintzat. Orduan ez zegoen euskara baturik, jakina, baina euskara batua Linguae Vasconum Primitiae-n oinarritua dago, besteak beste. Baina nik uste dut badela ahalegin bat egiteko gonbita… Ez bada ulertzen, saiatzea ez dago gaizki, izan baitaiteke hegoaldezentrismoaren zantzu bat ere. Ni bizkaitarra izanik, errespetu handiz hurbildu behar izan natzaio Nafarroa Behereko eta garai hartako Etxepareren hizkuntzari, eta hori erabaki politiko bat ere bada, baina orduko euskarari eusteko beste arrazoi potolo bat literarioa da. Etxeparek hala idatzi zuen, hori entzuten zuelako, eta fonetika hori erabili nahi zuelako.
Euskarari egindako odak izan ziren liburuko azken bi poemak: Kontrapas eta Sautrela. Mende erdi geroago halako gaurkotasunik edo aldarri indarrik luketenik pentsatzea ere: «Jakin bahu» esateko moduan Etxepareri…
Bai, euskarari egindako aldarriak dira, baita aitzinsolasa bera ere. Eta, bai, esango genioke zer gaurkotasun duten bere hitzek eta zer-nolako egoeran gauden. Pozik egongo zen, seguru, bere orduko testuak oraindik kantatzen direlako, baina agian berak nahi zuen estatusa ez dugu lortu. Oraindik mespretxatua da euskara, egunero ikusten dugu. Arrisku hori ordurako ikusten zuen, eta inprentari esker urrats handia egin ahal izan zuen liburua argitaratuz. Harengatik gaude hemen, besteak beste.
Gutxi edo gehiago kantatu izan zaio Etxepareri. Zenbat kantatu zaio?
Nik uste dut poeta gutxi kantatu izan direla hainbeste. Honi ekin nionean, segituan ikusi nuen ez nuela bertsiorik egingo. Sortzeko gogo handia nuen orduan, zorionez oraindik itzali ez dena. Orduan hori nahi izan nuen egin. Baina nik uste dut olerkari asko daudela Etxepare baino ahaztuagoak. Oskorriren lanak 50 urte ditu; espero dut beste 50 urte pasatu baino lehenago norbaitek beste buelta bat ematea Etxepareren lanari. Aukera bidean jarri zitzaidan, eta horregatik heldu nion. Bestela, ziur asko ez nuke hautatuko, baina pixkanaka neure eginez joan naiz, eta oso pozik horrela.
«Leku fisikoarekin, materialarekin lan egiteak eramaten zaitu leku batera»
Atseden hartu eta lekuz mugitzeko garaia. Duzunaritzeko gainetik beherantz egin, eta, Etxepareren jaiotetxetik bi kilometro eskasera, Apat jauregira egin dugu; Donejakue bidean dago, eta XIV. mendean aipatua da jada. Egun etxea gobernatzen duen bikoteak abegitsu hartu gaitu. Elkarrizketaren bigarren zatiarekin ahots kordak berotu ditu Ibon RGk, eta bi pieza eman ditu zuzenean, Emazten fabore jauregi barruan, eta Sautrela lorategian.
Zeure bakarkako lehen lanetan, hau da, Hil zara I eta Hil zara II-n (2019) zerorrek idatzi zenituen hitzak. Ondoren, Enrique Hurtadorekin batera, Artzeren poesia musikatu zenuen oMOrruMU baMAt-en (2021). Orain beste poeta bat hartu duzu ardatz, baina, edonola ere, soka bereko segida musikalak izan litezke.
Hil zara-k eraman ninduen hitzen idazketarekin inoiz baino gehiago sakontzera eta idazgintza horretaz hausnartzera: nola aldatzen duen hitz edo silaba batek dena, nola borrokatu esangurak musikari kentzen dion arreta. Eta bide asko zabaldu zizkidan. Ondoren halabeharrak eraman nau euskal poeta handi, kanoniko, gizonezko biren testuak lehengaitzat hartzera, Artzerenak eta Etxeparerenak. Halabeharrik gabe nekez hautatuko nituzkeen, nire idazgintzan jarraituko nukeen, eta jarraitu dut, beste hainbat kantu baititut eginda. Baina alderantzira lan egiteko moduak aukera eman dit hitzen gainean gehiago hausnartzeko, bien artean zenbait mende baitaude. Artzerenak, itxuraz, jostagarriak dira, fonetikaren erabilera handia dute, errimagabeak dira gehienetan, egitura askeak dituzte. Etxeparerenak beste muturrean daude, itxuraz; zurrunagoak dira, errimatuak beti, metrika berekoak ia denak; bada, agian hortxe dago koxka, material hain zahar eta zurrunarekin kantuek hain norabide ezberdinak hartzea. Kantuak egin ahala konturatuz joan naiz Iudicio Generala-ko ahapaldiak berdin kanta litezkeela Potaren galdacia kantuan edo Amore gogorraren despita-n edo Sautrela-n. Gauza bat argia da: kantu hauek, testutik abiatu ezean, ez ziratekeela sekula jaioko, horrela ez behintzat, eta horretaz jabetzea ez da gutxi.
Donibane Garazik eta liburuak euskarari eman zioten behar zuten tornuia. Zuri zer eman dizute, musikari moduan?
Ingurune honetara etortzea garrantzitsua izan da, nahiz eta batzuetan kasualitatearen ondorio izan. Baina zirrara berezia eragiten du pentsatzeak Etxepare inguruotan ibili zela. Ez dakigu zehatz non idatzi zuen, baina inguruok buruan izango zituen ziur asko. Horrekin lotuta, aipatzekoa da Aitor Izagirrek [Loty Negarti] egin duen Mossen Bernat echaparere cantuya piezaren bideoa. Abesti horretan bere kartzelaldia kontatzen du Etxeparek, eta inguruotako irudiak ikusten dira bideoan. Iruditzen zait Izagirrek irudikatu nahi izan duela espetxeko egonaldian Etxeparek zer izango zuen buruan, nahiz eta soinua eta ahotsa leku oihartzundun batean dauden grabaturik, agian bai kartzela batera eraman zaitzakeena. Horretan pentsatzeak musikaltasun bat eman dit, edo musikara iristeko modu bat. Leku fisikoarekin, materialarekin lan egiteak eramaten zaitu leku batera.
Zure bakarkako ibilian garrantzitsua bilakatu da ahotsaren bilaketa. Esperimentatzen jarraitzen duzu, edo topatua duzu jada?
Ahotsaren bilaketa ardatz nagusia da nire jardunean. Kantu hauek ere ahotsetik sortu dira ia guztiak, pare bat salbu. Gero nik eman diot pieza bakoitzari egokien sumatu dudan jantzia, probak eginez eta abar. Ahotsak bizitza propioa dauka, ahotsa zahartu egiten da. Eskarmentua pilatuz doa, eta bizioak ere bai. Ahotsa da burmuinetik gertuen daukadan tresna, eta gauzak zail jarri behar zaizkio bertan goxo gera ez dadin. Adibidez, inprobisazioan aritzen naizenean badu traba bat: burmuinak agintzen du, eta segituan eramaten zaitu tonu batera. Piano batekin, adibidez, errazagoa da atonaltasuna jokatzea, begiak itxi, eskuak jarri eta ausazkoagoa izan daitekeelako. Ahotsarekin ahalegin handiagoa egin behar da tonalitatea apurtzeko, eskarmentuak, entzuten duzun musikak eramaten zaituztelako tonalitatera. Batzuetan tonua nahi dut, eta beste batzuetan hori apurtu nahi dut. Ahotsaren bilaketa beti da aberasgarria: harritzeko uneak topatzen ditudan bitartean, horretan jarraituko dut.
Noiz bakoitza? Noiz puskatu tonalitatea? Noiz jo melodiarantz?
Beharbada oreka bat aurkitu behar dut, dena ez izateko melodikoegia edo atonalegia. Kantua eskatuz doa, ur batzuetan edo besteetan gehiago murgildu nahi duen. Baina ez soilik konposatzean: joaldi edo kantaldi bakoitzak, egoera bakoitzak, entzuleengandik jasotzen duzun arretak putzu batera edo bestera eraman dezake interpretazioa, edo bietara. Eta pozik nago kantuok onartzen didatelako aldi bakoitzean zipriztin ezberdinak ematea.