Musika

Etxeparek 1545ean idatziak, Ibon RGk 2024an «cantatzeco»

Ibon RG musikariak Bernart Etxepareren 'Linguae vasconum primitiae' liburua hartu du oinarri 'Iaquin vahu' diskoa osatzeko. Itxaro Bordak egin dio hitzaurrea eta ahapaldien aukeraketa.

Ibon RG musikaria 'Iaquin vahu' diskoa zabaltzeko fotoan. AITOR IZAGIRRE
Ibon RG musikaria 'Iaquin vahu' diskoa zabaltzeko fotoan. AITOR IZAGIRRE
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 17a
05:15
Entzun

Euskaraz inprimatutako lehen libururaino jo du oraingoan Ibon RG musikariak lehengai bila. Bernart Etxepare idazleak Linguae vasconum primitiae liburuaren hitzaurrean bertan aitortzen zuenez, doktrina zabaltzeko ez ezik, «placer harceco» ere eman nahi izan zuen argitara bere liburua euskaraz. Zehazki, baskoek ere, «bercec beçala», materia izan zezaten euren hizkuntzan «solaz egiteko», «denbora igaraiteco» bai eta «cantatzeco» ere. Eta, bost menderen ondoren, Etxeparek 1545ean idatziz utzitako proposamena onartu du orain musikariak. Ahotsa lehen lerroan mantenduz eta instrumentazio soilez jantzita, alderik alde kantatu duelako Etxepareren liburu osoa, eta 80 minuturen bueltan dabilen Iaquin vahu diskoa (Repetidor) delako horren emaitza. Kanturako gonbita egiten du hitzaurretik beretik hasita.

Euskal filologia ikasi zuen, eta ezagutzen zuen testua, noski, baina Ibon RGk dioenez, «kasualitatez» amaitu du Etxepare kantatzen. 2021ean Itxaro Borda idazle eta euskaltzainarekin zebilen Buztinezko etorkizuna emanaldia eskaintzen, eta Bilbo Zaharra euskaltegiak Etxepareren liburua hautatu zuen orduan Bilboko Arriaga antzokian egin ohi duen klasikoen irakurketa jarraiturako. Etxepareri buruzko hitzaldi bat eskatu zioten Bordari, kantaren batekin lagundu ote zezakeen galdetu zion hark, eta hori izan zen orain kaleratu duen diskoaren lehen hazia.

Liburu osoa kantatu du diskoan Ibon RGk, baina ez testu osoa. Apokalipsiari buruzko Iudicio generala bertso sortako pasarte batzuk bakarrik kantatu ditu, esaterako, liburua zabaltzen duen Doktrina kristiana izeneko poema bilduma luzetik. Eta antzera jokatu du beste poema batzuen kasuan ere, poema osoa kantatu ordez, haren pasarterik esanguratsuenak hautatuz. Bordak lagundu du hautaketa horiek egiten.

Egitura berari ezberdin kantatzea

Hain zuzen, apokalipsiari buruzko testuak kontatzen duenaren ildoan, giro ilun eta dramatikoa sortu du musikariak Iudicio generala kanturako, organo batek eta Verde Pratoren ahotsak lagundurik. Ttunttuna entzuten da Amoros gelosia kantuan. Akordeoia Ezconduyen coplac-en. Saxofoia, pianoa eta txeloa ditu Potaren galdacia abestiak. Baina erabat biluziak dira beste kantu batzuk. Ibonen ahotsak bakarrik darama Amorosen gaztiguya abestia hasieratik bukaerara, bai eta Emazte fauore ere. Testuek eskatu diotenari jarraitu diola dio musikariak. «Bitxia da, baina Etxeparek maiz metrika bera darabil testu gehienetan. Hamabost silabakoak dira bertso lerroak, erdian moztura batekin, zortzi eta zazpi silabako bi parte osatuz. Eta hori izan da beste erronketako bat: metrika berberarekin, kantu hain ezberdinak egitea».

Izan ere, denetarik du diskoak, musikalki. Badira free-jazz-era gerturatzen diren pasarte batzuk. Badira kantaera tradizionalagoen aire bat dutenak. Eta, are, Alan Lomax ikerlariak kotoi landaketetan bildutako lehen blues grabazioen aire bat du, esaterako, Mosen Bernat echaparere cantuya abestiak, esaterako, galdera-erantzun moduko egitura klasikoarekin.

Ez da inork Etxepare kantatzen duen lehen aldia. Maite Idirinek kantatua du, esaterako, eta Oskorrik ere Etxepareren testuak hartu zituen oinarri, 1977an, Mosen Bernat Etxepare diskoa sortzeko. Bereziki ezaguna da, esaterako, haien Sautrela kantua. Baina erabat bestelako bertsioa topatuko du entzuleak Ibon RG musikariaren diskoan, Oskorrik proposatutako ospakizun girotik urrun dabilena. «Kantu biretan kantatzen da kanta hori, eta, askotan, ukiezintzat jotzen da material hori, horregatik. Ez dut Oskorrirena oinarritzat izan, ez hari kontra egiteko, ez ezertarako ere». Eta, lehengaia berbera izanik, erabat ezberdinak dira emaitzak horregatik.

Esanguratsua da kantak non grabatu dituen ere. Hala jokatu zuen bere aurreko lanean ere, Hil zara diskoan. Oraingoan, Bilbon grabatu ditu abestietako batzuk, lokalean edo etxean, baina Etxepareren jaioterrian eginak dira beste batzuk, Nafarroa Beherean, Duzunaritze-Sarasketako Apat gazteluaren oinetan. «Ahotsak etxean ez du hartzen erreberberazio egokirik, disko oso bat egiteko behintzat. Eta grabaziorako erabiltzen dudan materiala ere beti da lokaletik kanpo erabili ahal izateko modukoa, leku ezberdinek eman ahal dizkizuten dardarak eta dirdirak aztertzeko».

«Eiheralarreko elizako preterra izan zen Etxepare, eta hara sartu ginen, inori baimenik eskatu ere egin gabe. Jarri genituen mikrofonoak, kantua bi edo hiru aldiz eman, alde egin, eta inor ez zen enteratu».IBON RGMusikaria

Etxeparerena izandako elizan ere izan zen, tartean. «Aritz Galarraga idazlearekin nenbilen Gogoan dut liburua aurkezten, eta Etxeparerenak izandako lurretan genbiltzanez, baliatu egin genuen aukera abesti batzuk grabatzeko. Bi kanpoan, eta bat Eiheralarreko elizan. Hango preterra izan zen Etxepare, eta, nahiz eta oraingo eliza ez den ordukoa, hara sartu ginen, inori baimenik eskatu ere egin gabe. Jarri genituen mikrofonoak, kantua bi edo hiru aldiz eman, alde egin, eta inor ez zen enteratu».

IBON RG musikariaren IAQUIN VAHU diskoa
Ibon RG musikariaren Iaquin vahu diskoaren azala.

Beti kantuaren alde

Kolaboratzaile zerrenda luzea izan du diskoan musikariak: Enrike Hurtado, Garazi Navas, Miguel A. Garcia, Verde Prato, Maite Arroitajauregi Mursego, Matias Riquelme, Fernando Ulzion, Susana RG, Ane Arana eta Paralux. Soil mantendu dituzte konponketak, halere. Ibon RG: «Guztiak ditut lagunak, eta banuen lagun gehiago gonbidatzeko asmoa ere, baina kantuek erabaki dute neurria, eta ez da egon lekurik konponketa gehiago sartzeko».

Diskoarekin batera, liburuxka bat ere prestatu dute, eta Bordak idatzi du hitzaurrea. Etxepare ezaguna eta aldi berean ezezaguna dela onartzen du bertan idazle eta euskaltzainak. Datu biografiko urri batzuk, eta idazleak berak bere liburuan esandakoez aparte, gutxi direlako ziurtzat jo daitezkeen hari buruzkoak. Eta laino artean galtzen da horregatik haren pista.

«Mossen Bernartek Errenazimentuko garai kitzikagarriaz gozatzeko aukera ukan zuen, ikasle gazte, neska eta eztabaida politikoen zale bide zelako».

ITXARO BORDAIdazlea eta euskaltzaina

Horren erakusgarri da Bordaren testua. «Ikasketak non egin zituen? Agian Baionan, edo Bordelen, edo orain Iruñean. Orduko jendea alde batetik bestera ibiltzen zen, guk uste dugun baino gehiago». Eta hark bizitako giroaren zantzu batzuk ere ematen ditu Bordak. «Erran behar da Nafarroa bere osotasunean ezagutu zuela Etxeparek. Mosen Bernartek Errenazimentuko garai kitzikagarriaz gozatzeko aukera ukan zuen, ikasle gazte, neska eta eztabaida politikoen zale bide zelako. Zenbait urte beranduago, Anarlando Oihenart harrituko zen, Etxepare irakurtzean, apeza izanez zein libreki eta lizunki aipatzen ahal zituen emazteak».

Tipografia zaharberrituz

Erreskate ariketa bat ere bada lana, osotasunean. Etxeparek idatzita utzi bezala kantatzen ditu Ibon RGk poemak, eguneraketarik egin gabe, eta halaxe datoz letrak ere; Etxeparek, garaian baliatutako grafia errespetatuz. Eta Etxeparek bere liburua inprimatzeko baliatutako tipografian eman dituzte baita liburuxkako testuak ere. Garbitu eta berregin egin dituzte horretarako 1545eko liburuko letrak, eta hala osatu dute testuentzako tipografia. «Zahar itxura eman beharrean, horrekin saiatu gara irudikatzen Etxeparek nola jasoko zuen liburua inprimatu berritan».

Zuzenekoetarako entseatzen dabil orain musikaria. Azaldu duenez, bakarka aritzeko modukoak dira kantak, baina Garazi Navas akordeoi jotzailearen laguntzarekin ere arituko da, horretarako aukera dagoenetan. Gehiago egingo dituztela aurreikusi arren, kontzertu bakarra dute itxita oraingoz, apirilaren 27an, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.