Ikasle bat Sandra elkarrizketatzen ari da. Idazle arrakastatsuaren lanean interesaturik dago. «Zer jakin nahi duzu?», galdetzen dio Sandrak. Hartu-eman jostalari bat da bi emakumeen artekoa, ia elkar seduzitzen ariko balira bezala; goiko pisutik datorren 50 Cent rap abeslariaren kanta ozenak elkarrizketa eteten duen arte.
Sandra eta Samuel Alpeetan kokatuta dagoen txalet batean bizi dira, euren seme Danielekin. Biak dira idazleak; Sandrak arrakasta handia duten autofikziozko obrak idazten ditu, Samuel idazle frustratua da. Gizona etxearen atikoa berritzen ari dela, erori eta hil egingo da. 11 urteko Danielek (istripu baten ondorioz ikusmena ia guztiz galdu duena) aurkituko du elurretan, bere txakurrarekin pasieran dabilela. Laster sortuko da zalantza Samuelen heriotzaren inguruan: suizidioa izan da, istripu bat edo hilketa bat? Sandrak bere laguna den abokatu bat kontratatu beharko du, galdera horien guztien erdigunean egongo baita. Perituen azterketak, galdeketak, egitateen berritzeak, defentsaren estrategiak… Epaiketa eran antolaturiko galderek Sandra eta Samuelen harremana xehatzen saiatuko dira, emakumearen erruduntasuna aztertu nahian.
Justine Triet zinemagile frantsesaren laugarren film luzea da Anatomie d’une chute. Dokumentalgintzan hasi zen Triet: ikasle mugimenduei buruzko Sur place laburra zuzendu zuen 2007an, eta Nicolas Sarkozy eta Ségolene Royal Frantziako presidentegai zireneko hauteskundeak erretratatu zituen Solférino filmean, 2009an. Fikziora pasatu zen ondoren, interesgarrien egiten zaion eremua, eta lau filmerekin parte hartu du Cannesko jaialdian: La bataille de Solférino 2013an, Victoria 2016an, Sibyl 2019an eta azkena aurtengo jaialdian. Anatomie d’une chute-rekin Urrezko Palmorria irabazi du; sari hori eskuratzen duen hirugarren emakumea izan da.
Trieten azken lanak epaiketa baten anatomia aztertzen du, bere galdeketa eta trikimailuekin, defentsako abokatu eta perituekin, epaile eta frogekin; baina zinemagile frantsesarentzat aitzakia bat besterik ez da, senar-emazte bikotearen arteko harremanean sakontzeko aukera. Epaiketa film baten mozorroa daraman drama familiarra sortu du Trietek. Horrela, epaiketan parte hartzen duten horien guztien kanpo begiradak eraikiko du bikote harremana, eta froga berri bakoitzak (dokumentuak, mugikorrarekin grabaturiko audioak…) geruza berri bat gehituko dio aztergaiari.
Epaiketari ikusgaitasuna emateko asmorik gabe, eta prozedura judizialen hoztasuna argitara eramanez, Anatomie d’une chute gutxinaka joango da informazioa azaleratzen; galdera bakoitzak bikotearen zirrikitu bat arakatuko du, eta zinemagile frantsesak era zolian, delikatuan kontrolatuko du istorioaren garapena, haren ikuspuntua inposatu gabe.
'Anatomie d'une chute'
Zuzendaria: Justine Triet. Gidoilariak: Arthur Harari, Justine Triet. Aktoreak: Sandra Huller, Samuel Theis, Swann Arlaud. Argazkia: Simon Beaufils. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 150 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: Abenduaren 6an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk
Robot Dreams
DOG Manhattanen, New Yorken, 1980ko hamarkadan bizi den txakur bakarti bat da. Egun batean robot bat eraikitzea erabakitzen du, haren laguna izango den robota. Haien adiskidetasuna hazten joango da, banaezin bihurtzeraino, baina udako gau batean, DOGek, pena handiz, ROBOT hondartzan utzi beharko du. Sara Varonen eleberri grafikoan oinarritua.
Zuzendaria: Pablo Berger. Gidoilaria: Eleberri grafikoarena, Sara Varon. Aktoreak: Animazioa. Musika: Alfonso de Vilallonga. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Espainia.
La terra delle donne
Sardiniako tradizio eta mitologiaren baitan, beldurra eta sineskeria dira nagusi Fidelaren bizitzan. Fidela zazpigarren jaioko da beste sei neskaren ondoren, eta, bere gogoz kontra, herriko sorgina bihurtuko da; ezin du gizonekin harremanik izan eta, beraz, ezta seme-alabarik ere, baina beste emakume batzuei erditzen laguntzen die. Bere patua onartu behar duenean, herriko erretoreak Bastianaren kargu utziko du, hau ere zazpigarren alaba bezala jaioa. Fidelak ama sentitzearen poza deskubrituko du, baina gizarte tradizionalean duen rolari eutsi beharko dio.
Zuzendaria: Marisa Vallone. Gidoilariak: Paola Sini, Marisa Vallone. Aktoreak: Paola Sini, Valentina Lodovini, Jan Bijvoet. Argazkia: Luca Coassin. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 104 min. Herrialdea: Italia.
Levante (Power Alley)
Sofiak, 17 urteko boleibol jokalaria, haurdun dagoela jakingo du, bere etorkizuna erabaki dezakeen txapelketa baten bezperan. Haurdunaldi hori nahi ez duenez, legez kanpoko abortu bat egin nahiko du, baina horretarako gaztearen abortua galaraztea erabaki duen talde fundamentalista baten aurka egin beharko du.
Zuzendaria: Lillah Halla. Gidoilaria: Lillah Halla. Aktoreak: Ayomi Domenica, Loro Bardot, Grace Passo. Argazkia: Wilssa Esser. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 92 min. Herrialdea: Brasil.