Ez da giro Villaorduña sendiaren etxean. Izan ere, Informatika Delituen Unitateko komisario Anderrek (Nerea Gorriti), familiako kideen ezkutuko intimitate eta lotsa guztiak agerian utziko ditu haien etxeko txirrina jo orduko. Komisarioak leporatuko die familiako kideren batek pornografia sare bat daukala zerbitzari informatiko partekatu batean. Orduantxe abiatuko da Familia sarekada antzezlana, Vaiven konpainiak taularatua. Gaur eta bihar izango da ikusgai, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Hankaz gora jarriko da, beraz, Villaorduñatarren etxeko giroa. Egozten zaizkien delituen erruduntzat joko ditu tramaren hasierak, baina ikusleak pixkanaka jakingo du akusazioen oinarri diren artxiboak ez direla hasieran ziruditenak. Ana Pimenta konpainiako zuzendariak egin du istorioaren argazkia: «Ikusleak pertsonaien errugabetasunaz ohartzen diren neurrian, komisarioaren galderen eta akusazioen eraginez, familiako kideek susmoa hartuko diote elkarri, baita nork bere burua zalantzan jarriko ere».
Lau dira familiako kideak. Gurasoak: Koldo (Mikel Laskurain) eta Monika (Ainhoa Aierbe) —gaztelerazko bertsioan, Pimentakegingo du Monikarena—, eta seme-alabak: Aitor (Xanti Korkostegi) eta Nora (Aitziber Garmendia). Istorioak aurrera egin ahala,beti sarera konektatuta egon arren, euren artean erabat deskonektatuta daudela konturatuko dira lau protagonistak. «Zenbat eta gehiago konektatu, orduan eta gutxiago ezagutzen dute elkar, eta orduan eta gehiago traizio egiten diote elkarri», nabarmendu du konpainiako zuzendariak.
Azkenerako, errugabetzat joko ditu inspektoreak Villaorduñatarrak. Horrek, ordea, ez ditu bere tokian jarriko gauzak; sekretuak eta lotsak jangelako mahaiaren gainean utzita egingo baitu alde etxetik inspektoreak.
«Zenbateraino lotsatzen zara zeure intimitateaz algoritmoen moral puritanoak epaitzen zaituenean?». Bada, Pimentaren arabera, galdera hori planteatuko dio obrak ikusleari. Argitu du, halaber, ez dutela moralista izatea xede: «Gure konpainia antzerki independentearen oinordekoa da. Hortik abiatuta, ikusleengan eragiten saiatzen gara».
Umorea erabiliko dute ikusleak hausnartzera bultzatzeko zubi gisa. Hortaz, Interneteko pribatutasunari lotutako jazarpenarengaraian, «komedia basati» gisa izendatu du konpainiak antzezlana. Horren bidez, beraz, Vaiveneko zuzendariaren hitzetan, gaur egungo teknologiarekiko mendekotasuna salatzea izango du helburu lanak: «Sareetan ez bazaude, ez zara existitzen, baina egoteko zure irudi autozentsuratua sortu behar duzu. Autozentsurak pobretze intelektuala eragiten du beti, eta hori aprobetxatuko dugu komedia tonuan erretratatzeko».
Vaiven konpainia ez du talde handi batek osatzen, eta, hain justu, horrek batu ditu gaur egun hartan diharduten kideak. Gaztelerazko testua, esaterako, Antonio Muñoz de Mesa gidoilari eta ekoizlearena da, eta euskarazkoa, berriz, Aizpea Goenagarena. Olga Margallo aritu da zuzendari lanetan, eta harekin batera, Dorleta Urretabizkaia. Iñaki Salvadorrena da musika, eta Jose Tomerena, berriz, eszenaratze espazioa. Eszenografiaz eta atrezzoaz Monica Teijeiro arduratu da, eta argiztapen diseinuaz, berriz, Xabier Lozano.
30 emanaldi egingo dituzte denera. 21 euskaraz eta bederatzi gazteleraz. Ikuskizunen erdiak baino gehiago euskaraz egingo ditu Vaivenek, eta Pimentak honela arrazoitu du erabakia: «Kanpora zabaldu nahi dugu egiten dugun lana, baina, era berean, ondo dakigu nondik gatozen eta non sortuak garen».
25. urteurrena
Efemeride bat ospatzearekin batera sortu da Familia sarekada. Izan ere, konpainiak ez ditu alferrik 25 urte egin aurten. Horrekin batera, X5 (Biderbost) kolektiboaren Abestiak gogoan albuma kaleratuko du bihar Vaivenek; hain justu, Xabier Leteren, Imanol Larzabalen, Joseba Sarrionandiaren eta Orixeren doinuei beste bizialdi bat emango dien diskoa. Bost artista dira X5 taldeko kide: Karlos Gimenez (pianoa), Nerea Gorriti (ahotsa), Iñaki Salvador (pianoa), Franciso Herrero (biolina) eta Petti (harmonika eta ahotsa).
Etxeko sekretuak, egiak eta lotsak
Vaiven konpainiaren 'Familia sarekada' antzezlana emango dute gaur eta bihar Donostiako Antzoki Zaharrean. Konpainiaren 25. urteurrena dela eta, X5 kolektiboaren 'Abestiak gogoan' diskoa argitaratuko dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu