Etxek gitarrari heldu dio berriro ere

Bere bosgarren diskoa kaleratu du, 'BiZi' izenekoa. Su Ta Garreko Aitor Gorosabelekin kolaborazio bat egin du abesti batean

Bilbo
2016ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Bost urte igaro dira Iñaki Etxezarraga Etxe-k bere azken diskoa aurkeztu zuenetik. Geroztik gauza asko gertatu dira bere bizitzan, onak zein txarrak. Bizipen horiek guztiak islatzen dituen diskoa aurkeztu du bost urteren ondoren, hain zuzen, bere bosgarren diskoa.

Musika «guztiz alde batera» uzteko zorian egon ondoren, «inoiz bainogogo gehiagorekin» itzuli da. BiZi, «sentimenduz betetako» hamar abestiz osatutako lana, kalean da jada, eta diskoa aurkezteko sei kontzertu eskainiko ditu urri eta azaro artean. Abesti guztiak berak konposatu ditu, Seiurte taldearen Bi mila hitz kantua izan ezik.

Etxek iragarri duenez, aurreko lanekin alderatuta «aldaketa handia» egon da, alderdi guztietan. «Disko hau autoekoizpena da, eta ez bakarrik diskoetxerik ez dagoelako. Kantuak nik sortu ditut, diskoa neuk grabatu dut, estudioan teknikari lanak egin ditut, eta diseinuaren ideia ere nirea da». Hain zuzen, azalean agertzen direnak bere bi seme bikiak dira, Jokin eta Markel.

Iban Gurrutxagaren lana nabarmendu du Etxek, gitarra konponketak berak egin baititu. «Nik sortutako abestiak berak moldatzen ditu, eta biok eskutik lortu dugu emaitza hau». Zalantzak izan zituzten perkusio edo teklatu apur bat bat sartu edo ez, baina azkenean biak bakarrik moldatu dira. «Ni Ibanekin oso gustura nago eta elkarrekin jarraituko dugu» azpimarratu du Etxek.

Su Ta Gar, pizgarria

Aitor Gorosabelen kolaborazioa oso garrantzitsua izan da Etxerentzako: «Ideia komentatu nionean berehala baietz esan zidan, eta bere inplikazioagatik oso eskertuta nago». Gorosabelen Su Ta Gar taldea gakoa izan da Etxe berriro musikaren mundura bueltatzeko. «Oso bolada txarra pasatzen ari nintzenean, nire emazteak Su Ta Gar-en Bizirik Gaude diskoa oparitu zidan». Izen hori duen abestia entzutea Etxerentzat pizgarri baten modukoa izan zen. Horren ondoren, berriro musika egiteari ekin zion. «Argi nuen modu batean edo bestean Su Ta Gar oso talde garrantzitsua izan dela nire bizitzan, eta Aitorren laguntza nahi nuen».

Abesti guztiek kontatzen dute Etxek azken bederatzi urteetan bizitakoa, horregatik, Etxek uste du «metaforikoki» edozeini balio diezaioketela. «Kantu guztietan melodiatik hasten naiz, eta nire lana gitarrarekin laguntzen dut, baina ahotsa da garrantzitsuena», azaldu du.

Azken urteotan Etxek bizi izan duen guztiaren isla da diskoa: «Anaia galdu nuen, El Conquistador del fin del mundo-ra joan nintzen, ezkondu eta semeak izan nituen...». Lana irailaren 23an argitaratu zen, oso data berezia harentzat: «2009ko irailaren 23an anaia galdu nuen, eta hortik bost urtera, 2014an, Jokin eta Markel jaio ziren». Bai emaztea bai semeak «bultzada» izan dira Etxerentzako, berriro musikara«indartsu» bueltatzeko. «Data bat baldin badago, irailaren 23a izan behar zuen» adierazi du konbentzituta. Kantu baten izenburua ere horixe da: Irailak 23.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.