Etxebestetarrak, 14 urteren ostean

Heldu den astelehenean hasiko dira 'Agur, Etxebeste!' filmatzen. Duela hamalau urteko lantalde tekniko eta artistiko berbera ariko da Telmo Esnalen eta Asier Altunaren zuzendaritzapean, eta 2019an estreinatuko dute filma

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Etxebestetarrak: Maria Luisa, Patrizio, Luziano eta Iñaki. Itxurak gordetzeagatik oporraldia etxe barruan igarotzera behartuta, pertsiana itxien arteko iluntasunean eman zuten 2005eko uda: egongelan hondartzako aulkiak jarrita, bizilagunaren katuaren ehizan, soinurik atera barik, inoren susmorik piztu barik. Itxura hartan ezagutu zuten milaka ikuslek familia Aupa Etxebeste! filmean. Marbellara (Espainia) joatekoak ziren berez, ahoz aho zebilen herritarren artean, baina, isil-gordean, Patriziok azken zentimora arte xahutu zituen enpresako irabazi denak, eta horrek ekarri zuen etxean ezkutatzeko erabakia. Alkategaia baitzen, eta ezin egiarekin atera kalera. Udaren amaieran alkate izendatuko zuten, gainera.

Bada, hamalau urteren ostean, hari mutur horri tiraka josi dute etxebestetarren hurrengo istorioa Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek. Irusoin ekoiztetxeak urteak eman ditu zuzendariei Etxebeste familia berreskuratu behar zela esanez, eta filmaren hamargarren urtemugan, 2015ean, azkenean ontzat jo zuten proposamena zuzendariek. «Arazoa zen zer kontatu», aitortu du Esnalek. Eta, azkenean, Aupa Etxebeste!-n amaierako egoera zena jarri dute Agur, Etxebeste!-ren abiapuntuan: herriko alkatea da Patrizio, osasun arazoek postua uztera behartuko dute, eta Maria Luisa emazteak hartuko du orduan haren lekua. Etxeko giroa eta udaletxeko eguneroko martxa hankaz gora jarriko ditu horrek. Eta horraino. Ez zuten trama gehiago aurreratu zuzendariek, atzo prentsaren aurrean eginiko agerraldian, Donostiako Tabakaleran. Edonola, argi utzi zuten helburua: «zinema ona eta umorezkoa» egitea». Esnal: «Txisteetan oinarritutako umorea izan gabe, egiten duguna zera da: pertsonaiak egoera korapilatsuetan jarri, eta ikusi nola ateratzen diren hortik. Pertsonaien arteko harremanetan dago oinarria».

Altunak, Esnalek eta Nagore Aranburuk idatzi dute gidoia, eta aurreko pelikulan aritu zen lantalde teknikoarengana nola artistikoarengana jo dute ekipoa osatzeko. Horrenbestez, Ramon Agirre (Patrizio), Elena Irureta (Maria Luisa), Iban Garate (Iñaki) eta Paco Sagarzazu (Luziano) aktoreak sartu dira berriz etxebestetarren larruan. Astelehenean hasiko dira filmatzen, eta sei aste emango dituzte horretan; Bergaran (Gipuzkoa) grabatuko dituzte kaleko irudi gehienak, eta Aupa Etxebeste! filmerako eraikitako etxea birsortuko dute Zinealdeko pabiloietan, Oiartzunen (Gipuzkoa). Gipuzkoako beste zenbait herritatik ere igaroko dira; Hondarribitik, Zarauztik eta Irundik, tartean.

«Oroitzapen ederrak dira»

Lau aktore nagusiak ere izan ziren atzoko agerraldian. Hamarkada pasaren ostean, talde berarekin lan egiteak «ilusioa handia» piztu diola aipatu zuen Iruretak. «Gozamen handia» zioen, antzera, Agirrek: «Oroitzapen ederrak ekartzen dizkigu taldea berriz elkartzeak. Aurreko lanak zapore oso ona utzi zuen, eta saiatuko gara, ahal dela, hura hobetzen».

Pantaila handirako lehen lana izan zen Aupa Etxebeste! Garaterentzat. «Altuna, garai hartan, Sorginen laratza egiten zebilen, gidoilari moduan, eta gogoratzen dut ETBko pasillo batean harrapatu ninduela». Duela lau urte egin zuen zinemarako lan azkenengoz —Lasa eta Zabala pelikulan—, eta gogotsu azaldu da itzulerarako: «Urduritasun handiz egin nuen Aupa Etxebeste!, eta orain ere urduri samar nabil, azken urte hauetan ez dudalako filmik egin. Asko ikasteko balio izan zidan garai bat izan zen. Ondo pasatzeko ere balio izan zigun, eta, itxura batean, ondo pasarazteko ere bai. Agur, Etxebeste!-rekin ere hori izango da gure helburua».

Etxeko gazteena izango da orain ereGarate, Iñakiren rolean; eta nagusiaren larruan ariko da, ostera, Sagarzazu, Luzianorenean. Hamalau urteko denboran, Luzianok «360 graduko bira» eman duela iruditu zaio: «Propio niretzat egindako pertsonaia egin dute. Neu naiz; beraz, ahalegin handirik gabe egingo dut. Dena den, norbera izatea da askotan zailena».

Mugarriaren ostekoa

Aupa Etxebeste! estreinatu zenean, 11 urte ziren euskarazko ekoizpenik iristen ez zela zinema aretoetara. Mugarritzat hartzen da euskal zinemaren historia hurbilean, eta harrera aldetik ere ez zen oharkabean igaro: Publikoaren Saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, 11 astez egon zen aretoetan, eta ia 72.000 ikusle bildu zituen —Handia iritsi arte, gehien ikusi den euskarazko filma izan da—. 2005eko lanaren alderen bat aipatzera, Esnalen ustez, hark bazuen drama ukitu bat, honi hainbeste antzematen ez diona: «Gidoi irakurketetan barre gehiago egiten ari gara». Giro horretan, eta sei asteko filmatzea hasteko puntuan, presio bakarra aipatu du Altunak: «Bigarren parteak zailak izaten dira, eta badugu pisu hori orain. Baina bigarren zati bat baino gehiago, beste pelikula bat izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.