Etxean ikasitakoak

Armand, Halfdan Ullmann Tondel zinemagile norvegiarraren lehen film luzeak eskolan gatazka bat izan duten bi haurren gurasoen eta eskolako langileen arteko bilera bat du abiapuntu, tentsioz beterikoa.

'Armand' filmeko fotograma bat. BERRIA
'Armand' filmeko fotograma bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko otsailaren 12a
04:50
Entzun

Lehen hezkuntzako eskola bat. Klaseak amaitu dira, eta eskola hutsik dago. Ia. Gela batean zenbait heldu daude bilduta. 6 urteko Jonek Armand gelakidea salatu du, sexu abusua egitea egotzita, eta gurasoak eskolako langileekin elkartu dira egoera aztertzeko. Bertan daude Sarah eta Anders, Jonen gurasoak; Sunna, haurren irakaslea; Asja, eskolako erizain; eta Elisabeth, Armanden ama, herriko aktore ospetsu bat.

Bilera ez da ondo hasten. Bi haurren gurasoek ez dakite ondo zer gertatu den, eta Sunnak, azalpenak ematerakoan, urduri jarri eta hanka sartuko du. Asja lasaiago dago: hotz dirudi egoera ikusita, baina sudurretik odoletan hasiko da hainbat alditan, eta horrek kolokan jarriko du haren autoritatea. Elisabeth barrez hasiko da, kontrolatu ezinik, eta egoera deserosoa bilakatuko da. Sarah geroz eta haserreago dago, eta senarra kezkatuta dagoela dirudi, emazteak semearen egoerari buruz eman dituen kontraesanez beteriko txostenengatik. Jarle, eskolako zuzendaria, pasilloetatik bueltaka ari da, arazoa bere laguntzarik gabe konponduko den esperantzaz.

Halfdan Ullmann Tondel zinemagile norvegiarraren lehen film luzea da Armand. Iazko Cannesko jaialdian estreinatu zen, Un Certain Regard sailean, eta opera prima onenaren Urrezko Kamera eskuratu zuen. Espektatiba handiak jarrita zeuden 34 urteko zuzendariaren lehen film honetan; izan ere, aitona-amonen lanaren arrakastaren ohorea eta zama darama bizkar gainean: Ingmar Bergman zinemagile suediarraren eta Liv Ullmann aktore, idazle eta zinemagile norvegiarraren biloba da Ullmann Tondel.

Ia denbora errealean gertatzen da Armand filma, baina iraganak eta iraganeko sekretu, arazo eta traumek orainaldian duten pisua agerikoa egingo da pixkanaka. Tentsioz beteriko kontakizuna da, eta filmaren arlo guztiek laguntzen dute tentsio hori eraikitzen: antzezpenetatik hasi, eta eskola hutsak eragiten duen klaustrofobia sentsaziora. Baita suteen aurkako alarmak egiten duen zarata aztoragarrira ere, gaizki baitabil.

Inplikaturiko haurrak inoiz erakutsi gabe, Ullmann Tondelek guraso eta eskolako langileengan jartzen du erantzukizuna, eta, haurren sexualitatea eta biolentzia bezalako gai zailak hizpide hartuz, helduen ekintzetara zuzentzen du ispilua. Era berean, drama guztiz errealistari tentsioa apurtzen duten une surrealistak gehitzen dizkio norvegiarrak, Elisabethek atezainarekin duen koreografia luzea esaterako, eta kritika banatuta dago: batzuentzat arnasgune bilakatzen dira une horiek; beste batzuentzat, berriz, zinemagilearen kapritxoak dira, eta ez diote ezer gehitzen filmari.

'ARMAND'

Zuzendaria: Halfdan Ullmann Tondel. Gidoilaria: Halfdan Ullmann Tondel. Aktoreak: Renate Reinsve, Ellen Dorrit Petersen, Endre Hellestveit. Argazkia: Pal Ulvik Rokseth. Musika: Ella van der Woude. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 117 minutu. Herrialdea: Norvegia. Estreinaldia: Otsailaren 14an estreinatuko da Hegoaldean, eta martxoaren 12an Iparraldean.

Beste estreinaldi batzuk

'Vermiglio' filmeko fotograma bat. BERRIA
'Vermiglio' filmeko fotograma bat. BERRIA

'Vermiglio'

Zuzendaria: Maura Delpero. Gidoilaria: Maura Delpero. Aktoreak: Tommaso Ragno, Giuseppe de Domenico, Roberta Rovelli. Argazkia: Mikhail Krichman. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 119 minutu. Herrialdea: Italia.

Bigarren Mundu Gerraren amaieran, Italiako Alpeetako mendiko herri urrun batean. Soldadu desertore baten etorrerak aldatu egingo dio bizitza bertako maisu bati, eta haren familiako kide guztiak ustekabeko patu batera eramango ditu.

'giants of la mancha'

Zuzendaria: Gonzalo Gutierrez. Gidoilaria: Pablo Biondi, Gonzalo Gutierrez, Carlos Kotkin. Aktoreak: Animazioa. Musika: Pablo Borghi. Generoa. Abenturak. Urtea: 2024. Iraupena: 88 minutu. Herrialdea: Argentina.

11 urteko Alfonsoren istorioa kontatzen du, On Kixoteren oinordekoarena. Haurrari bere irudimenezko hiru untxiak, Pancho eta Victoria batuko zaizkio. Beren adiskidetasunaren boterearekin, Mantxako lekuren batean duten jaioterria ekaitz handi batetik salbatuko dute. Euren beldurrak gaindituko dituzte, eta euren irudimena erabiliko dute ekaitzaren atzean dagoen benetako indarra aurkitzeko.

'LA MARSELLESA DE LOS BORRACHOS'

Zuzendaria: Pablo Gil Rituerto. Gidoilariak: Alba Lombardia, Pablo Gil Rituerto. Argazkia: Daniel Lacasa. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 96 minutu. Herrialdea: Espainia.

1961eko udan, Italiako antropologo gazteen talde batek ezkutuko bidaia bat egingo du Espainian zehar, frankismoaren aurkako erresistentziaren aldeko abesti herrikoiak grabatzeko. Haien lanaren ondorioz, gazteak prozesatu eta grabazioak zentsuratu zituzten. Hirurogei urte geroago, eta 92 urteko Emilio Jona bidaiari talde hartako azken kide biziari esker, grabazioak berreskuratu eta bidaia berreraikiko dute; paisaia emozional eta politiko batean ibiliko dira, garai hartan bezain garrantzitsuak ziren kantu horien bidez oroitzapen historikoak berreskuratuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.