Literatura

'Etxe bat norberarena' aldarrikatu du Yolanda Arrietak

Virginia Woolf idazlearen esan ospetsua bere egin, eguneratu, eta «entsegu poetiko bat» ondu du. «Zahartzaroaren umezarora» heltzen ari den honetan, adinari ezartzen zaion beirazko sabaia ere salatu du.

Yolanda Arrieta Donostian, 'Etxe bat norberarena' aurrean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Yolanda Arrieta Donostian, 'Etxe bat norberarena' aurrean duela. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko maiatzaren 10a
16:15
Entzun

Gaurko egunetik ari den emakume idazle baten kontakizuna da Etxe bat norberarena. Baina beste elementu batzuk ere batu zaizkio idazle eta emakume konbinaketari: nagusiki, adina. Zahartzaroaren atarian da, eta bada urratutako bidearen errepasorik, baina, batik bat, datorren aldia era duin, baikor eta buruaskian bizitzeko nahia jartzen du agerian. Alberdania argitaletxeko editore Aritz Galarragarentzat, modu iradokitzailea baliatu du horretarako: «Ez da ari luze, ez eta astun edo dogmatiko ere». Bestela esanda, «arintasunaren alde, iradokitzearen eta elipsiaren alde egin du, irakurleak ere bere alea jar dezan».

Liburua zail da sailkatzen. Saiakera gisa aurkeztu liteke, baina genero literario bat baino gehiago hartzen dituela uste du Galagarrak. «Idazkera poetikoa» gailentzen dela dio, baina baduela kronikatik, autokontakizunetik, prosatik eta saiakeratik edo pentsamendutik ere.

Liburuaren bila joan gabe «atera» egin zela esan du Yolanda Arrietak (Etxebarria, Bizkaia, 1963): «Bor-bor zegoen, barruan, eta hortik sortu zen liburuaren azalean ageri den etxe ez-perfektu hori, ekinez egiten joaten zaren hori». Aldarrikapena behar zuela garbi zuen. Eta, hor, batez beste bost aldagai jarri ditu dantzan. Bata, hizkuntza: «Euskaraz bizi, amets egin eta sortzen dut, nahi dudalako, baina hautu bat ere bada». Bigarrenik, bere egoera eta lan jarduna, gauzak bere erara egiteko, autonomo egin baitzen: «Sortzeko denbora nahi nuen, ez zen nahikoa iluntzeko zatitxo bat». Haren izaerarekin bat datorren kontua ere bada: «Bete-betean sartzen naiz, onerako eta txarrerako».

«Zahartzaroaren atarian nago, eta ez da esaten, baina horretan ere badago kristalezko sabaia. Badago 'edadismoa'. Baina nik jarraitzen dut 25 urte ere izaten, hor barruan daudelako».YOLANDA ARRIETAIdazlea

Hirugarren aldagaia andrazkoa izatea da, eta laugarrena, adina: «Zahartzaroaren atarian nago, eta ez da esaten, baina horretan ere badago kristalezko sabaia. Badago edadismoa. Baina nik jarraitzen dut 25 urte ere izaten, hor barruan daudelako». Hain zuzen, 60 urte betetzeari uko egiten ez diolako dator bosgarren aldagaia, hots, denbora eta espazioa, gauzak bere kasa antolatzeko: «Utz gaitzazue gure zahartzaroa sortzen».

Hibridoaren alde

Horri guztiari erantzuteko, Arrietak etxe bat nahi du, «gela bat ez delako nahikoa». Grina horri tiraka ondu du «entsegu poetikoa» deitu duena, eta horretan ere egin du aldarrikapenik: «Lehenago gizakiak sortu egiten zuen, eta gero etorri ziren filologoak hori guztia antolatzera, eta etiketatzera». Alde horretatik, «hibridoen» aldekoa da Arrieta. Liburu honetan batez ere poesia eta entsegua uztartu dituela adierazi du: «Irakurri ere bi horiek irakurtzen ditut aspaldi honetan».

Testuari zer forma emango zion ez zuen berehalakoan erabaki: «Eleberria ere izan zitekeen, edo ipuin luze bat, bai baititu aurkezpena, korapiloa eta etena». Artean libururik osatzen ez zuten ehun folio inguru zirela, jendaurrean aurkezteko aukera sortu zitzaion Arrietari iazko irailean, Donostian, Poesia Orduak ekimena tarteko. Peru Galbete musikariarekin bat egin, eta ikus-entzunezkoaren forma eman zioten. Libururako, berriz, bost atal bereizi ditu. Lehenak (H)abiaguneak du izena; h-a gorabehera, «etxeak habiak direlako, baina baita zerbaitetan abiatzeko tokiak ere». Atariko horretan, Planaketaplanoak azpiatalak batu ditu.

«Eleberria ere izan zitekeen, edo ipuin luze bat, bai baititu aurkezpena, korapiloa eta etena».YOLANDA ARRIETAIdazlea

Bigarren atala, Oinordetzak, memoria litzateke, baina memoria tranpatia: «Norberak erabakitzen baitu zer nahi duen gorde». Hain zuzen, memoriak bizitzen eta geroa irudikatzen laguntzen duela dio idazleak. Hirugarren zatiari Bitarteak izena ipini dio. Nahiak, Ahalak eta Halabeharrak azpiataletan, «asmoa, errealitatea, etsipena, eta aurrera egiteko gogoa» ageri dira.

Laugarren atalak —Diasporak— dakarrena amaren heriotzak markatzen du hein handi batean: «Ama hitzean, haren etxea ere ahitu egiten da, eta norberaren zahartzaroaren eta norberaren heriotzaren inguruko pentsamenduak datoz». Gertaerak dakarren dolua «ezleku bat» delako eman dio izen hori atalari. «Iragana joan da, geroa eraikitzear dago, eta bitartean hutsuneak daude. Era berean, lur berri baterako amua ere bada».

Azken atala, (H)ariguneak, aritzeko edota gauzak hariz lotzeko espazioa litzateke, eta hori bera da bere aldarrikapenaren funtsa. Aurrera begira jarrita, «aldi interesgarria» izango dela esan du: «Orain garai betean nago, goxo, lasaiago, ikasi dudalako komeni ez zaidana alboratzen, eta benetan laguntzen didan horri heltzen, izan gauzak, jendea edo ideiak».

Idazten jarraituko duela agindu du: «Betiere andra heldu baten ikuspegitik, ni-tik gu-ra eta tribua gogoan, baina neure lekutik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.