Etxahun Iruri ere omenduko dute Xalbador Egunean

Urepelen bertsoa eta kantua izango dira nagusi urriaren 18an eta 19an.Deiadar elkarteak antolatu du festa, 11. urtez

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Fernando Aire Xalbador bertsolari eta poeta omenduko dute haren sorterrian, Deiadar elkarteak antolatutako Xalbador Egunean. Baina aurten Pierre Bordazarre Etxahun Iruri ere ekarriko dute gogora. Urepelen izango dira ekitaldiak, Nafarroa Beherean, urriaren 18 eta 19an.

Txirularia, kantaria, kantagilea, bertsolaria eta idazlea izan zen Etxahun Iruri zuberotarra (Iruri, 1908-1979), eta Xalbadorrekin hainbatetan aritu zen kantuan. Joxe Mari Iriondok egunaren aurkezpenean azaldu duenez, Xalbadorren bertsogintza eta poesia zinez miresten zituen zuberotarrak, eta Xalbadorrek ere, Etxahunen kantagintza hainbatetan goraipatu izan zuen. Odolaren mintzoa liburuan idatzirik utzi zuen honako pasarte hau horren erakusgarri da: «(...) Baina baditu eginak kantu xoragarriak. Musika ere berak egiten badaki, eta horretaz bekaizti natzaio Xuberoako izarra den horri». Etxahun Irurik liburu batean bildu zituen berak sortutako 107 kantu; haien artetik ezagunenak ziurrenik Agur Xiberua eta Oi ama Eskual Herria izango dira. Hamar pastoral ere idatzi zituen, Matalas,Bereterretxe eta Iparragirre, esaterako. Baina halako obra oparoa utzirik ere, hura oraindik ezagutarazteko beharra dagoela uste du Deiadar elkarteak. Horregatik leku berezia egin nahi izan dio aurtengo egitarauan. Elkartearen izenean Itxaro Betartek azaldu duenez, euskal nortasuna eta kultur ondarea bizirik atxikitzea izan da sorreratik beraien helburua.

Urriaren 18an iluntzean ekingo diote ekitaldiz beteriko asteburuari. François Rossek eta Mixel Etxekoparrek Transhumantzia izeneko kantaldia emango dute elizan, eta afaria izango da gero, Mixel Etxekoparrekin.

Igandea izango da egun handia. Xalbadorren etxolara ibilaldia eginez hasiko da eguna, eta meza izango da horren ostean. Etxahun Iruriri buruzko hitzaldia izango da ondoren, Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Luxi Etxekopar eta Mixel Etxekoparren eskutik. Larraineko dantza ikusgarria, herri kirolak eta Etxahun Iruriri buruzko bideo emanaldia ere izango dira, eta bazkaria jarraian, Zuberoako kantariek alaituta. Bertsoak izango dira nagusi arratsaldean: lehenik, Ibai Kapo eta Joanes Etxeberria zuberotarren emanaldiarekin, eta, ondotik, Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Juan Joxe Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategirekin, Joxe Mari Iriondo dutela gai-jartzaile. Erromeriarekin emango diote amaiera egunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.