Etxaberen Max sarietako hautagaitza bertan behera utzi du SGAEk

«Huts bat» egon dela aitortu du elkarteak, baina ez du haren ordezko hautagairik izendatuko

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Arte eszenikoen Espainiako Max sarietako euskarazko atalaren hautagaietako bat, Alfredo Etxabe, erretiratu egin du SGAEk, haren izendapenean «huts bat» egon dela onartuta. Jesus Guridiren Mirentxu zarzuelarentzat 1910. urtean idatzitako libretoagatik izendatu zuen SGAEk Etxabe, Arriaga antzokiak obra horren moldaketa berria estreinatu zuelako iaz, Emilio Sagiren zuzendaritzapean.

Egile eskubideen kudeaketaz arduratzen den elkarteak aitortu du hutsegite bat izan dela Etxaberen izendapena, besteak beste hilik dagoelako egilea. «Euskarazko bi hautagaitza baino ezzeudelako ihes egin zigun Etxaberenak», argudiatu du Andrea Gregorio de Quesadak, Max sarien arduradunak.

Etxaberen ordez beste inor ez izendatzea erabaki du SGAEk, eta, ondorioz, Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturbe (Aitarekin bidaian ) eta Jon Urraza (Bestela ondo, ezta?) izango dira hautagai bakarrak euskarazko antzerki egile onenaren atalean. SGAEn izena emanda egotea da Max sarietan lehiatzeko ezinbesteko baldintza, eta, elkartearen arabera, ez dago iaz estreinaturikoen artean euskarazko beste lanik erregistratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.