Etsipenaren bilaketa

Ikuslea xaxatzeko keinuz beterik dago Fermin Jimenez Landa Iruñeko artistaren 'Gaueko txanda' erakusketa.Artium museoan dago, eta hamabi obra ditu

Fermin Jimenez Landa artista iruindarra, Artium museoan, Zaldizko obrari so. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Zein da Txaikovskiren Beltxargen aintzira famatuaren eta 300 litro ur zikinen arteko loturaa? Nola da posible erakusketa bati izenburua ematen dion obra ikusezina izatea? Ikuslea xaxatzeko keinuz beterik dago Fermin Jimenez Landa (Iruñea, 1979) artistaren lana. Gaurtik aurrera haren unibertsora hurbiltzeko aukera eskainiko du Gasteizko Artium museoan ireki duten erakusketak.

Obra askotan ikuslearekin jolas antzeko bat proposatu du Jimenez Landak. Ikusten denaren eta irudikatzen denaren arteko talka bat. «Ikusten denarekin lan egiten dugu, baina behartu nahi dut ikuslea, irudi batzuk bere buruan gerta daitezen. Etsipenaren bilaketa bat da. Zenbat eta gutxiago ikusi, orduan eta ahalegin aktibo handiagoa egin behar du», azpimarratu du artistak.

Borondate hori ondo islatzen du erakusketari izenburua ematen dion lanak. Museoko ipar aretoko sabai guztietan 5.000 izar txiki inguru barreiatu ditu. Ezaugarri bat dute, ordea: soilik argirik gabe ikus daitezke. Argiztapen arruntak kargatzen ditu, baina argiak kenduta soilik egingo dute dirdira. «Soilik gaueko txandako zaintzaile zorionekoak ikusi ahalko du bere horretan. Ikusleak pentsatu beharko du nolakoa litzatekeen gauez sartzea, ez baitiogu aukera hori emango».

Artistak bisitariari ziria sartzen dion edo ez benetan ez jakiteak sortzen du tentsioa. Beltxargen aintzira izeneko instalazioan, esaterako, mahai ugari daude gelan barreiatuta, eta, horien gainean, urez betetako hamaika edukiontzi. Ezer berezia ez dirudi, baina ura Errusiatik ekarri dute, Moskuko Novodevitxi aintziratik. Hots, Txaikovskik Beltxargen aintzira konposatzeko ustez inspiratu zen tokitik.

«Benetako odisea bat izan da, azkenean ur zikina ekartzeko», ohartarazi du egileak. Diru asko kostatu zaie, eta aduana gainditzeko tramite ugari. «Izenburua eta kontakizuna hor du ikusleak, eta berak erabaki behar du sinistu edo ez kontatzen diodana». Horregatik, Jimenez Landak garrantzi handia aitortzen die obren izenburuei eta azalpenei, azken batean esperientzia ulertzeko ezinbestekoak baitira.

Lehen erakusketa handia

Jimenez Landa Iruñekoa da jaiotzez, eta Arte Ederretako ikasketek Valentziara (Herrialde Katalanak) eraman zuten, eta han abiatu zuen bere ibilbide profesionala. Ez da haren obrak Artiumen dauden lehenbiziko aldia. Orain dela bederatzi urte gertuko artistekin egindako erakustaldi kolektibo batean parte hartu zuen. Harrezkero museoko arduradunek haren ibilbidea jarraitu dute.

Azkenik, espazio oso bat eskaini, eta Gaueko txanda-ren produkzioa egin du Artiumek. Arte garaikidean bide luzea daraman egilea izanagatik, hauxe izango da lehen erakusketa handia Jimenez Landarentzat. «Aukera paregabea eskaini didate hemen», aitortu zuen aurkezpenean. Koadro bat izan ezik, obra guztiak erakusketa honetarako pentsatu eta egin ditu.

«Kontzeptualaren barruan sartzen da erakusketa, non umoreak, hizkuntzak, surrealismoak, edo jolasak esku hartze handia duten», azaldu du Artiumeko zuzendari Daniel Castillejok erakusketaren inguruan. Artegintzako «mundu guztia» Jimenez Landari so dagoela ziurtatu du Castillejok. «Sorkuntza proposamen garrantzitsuak ditu, berritzaileak, eta gauzak ikusteko beste era bat du».

Artistak objektu arruntekin lan egiteko eta horiei beste esanahi edo mezu bat ateratzeko duen abilezia goratu du Kike Martinez Goikoetxeak, museoko kontserbatzaileak. «Eguneroko elementuak dira, baina, horiekin jokatuta, antzezpen bat eraikitzeko ahalmena ikusten du».

Geldotasuna, mugimendua

Obren inguruan gertatzen ari denari buruzko kezka, normalean, kalean egindako bideoen bidez islatu du Jimenez Landak. Oraingo honetan obra geldoak dira, baina ezbehar bat, mugimendu bat, gertatzeko arriskuari ere ate bat ireki nahi izan dio.

Zaldizko izeneko obra mahai zaharrek osatzen dute. Bat bestearen gainean paratu, eta erdian puxtarriak jarri ditu. Museoko arduradunen kezkarako, ez daude itsatsita. Hots, norbaitek ukitu eta dena erortzeko arriskua dago. «1968ko maiatzari erreferentzia egin diot. Manifestariek puxtarriak botatzen zizkieten zaldi gainean zihoazen poliziei. Haurrentzako gauza bat, ludikoa, azkenean sistema bera desegonkortzeko balio zuen», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.