Hiru idazle klase daude: beren buruaz ari direnak; gizarteaz ari direnak; eta adibide edo parabola bidez mintzo direnak». Hala uste zuenFriedrich Durrenmattek; eta hirugarren talde horretan kokatu zuen bere idazletza, bizitzea suertatu zitzaion garaia eta testuingurua disekzionatzeko. Joan den mendeko Suitzako antzerkigile handientzat hartua da, Max Frischekin batera; Bertolt Brechtekin alderatu dute haren lana. Alemanezko XX. mendeko idazle goratuenetako bat ere bada.
Konolfingen herrixkan jaio zen, artzain kalbinista baten etxera. Mende bat doia beteko da etzi horretaz. 1935ean, Bernara aldatu zen familia osoa. Ordurako, agerikoa zen Friedrich nerabearen arte plastikoekiko zaletasuna. Zaletasun horrek —espresionismoak, Pinaresik, Goyak eta Varlinek, bereziki— izan zuen eraginik haren mundu ikuskeran, eta, ondorioz, haren idazle jardunean. Filosofia, filologia eta natur zientzia ikasketek ere bai; baita II. Mundu Gerrak eta ondorengo mugimendu geopolitiko eta ekonomikoek ere.
1947an estreinatu zioten lehen antzezlana: Es steht geschrieben (Idatzita dago). Nazio Batuen idatzietan konponbidea aurkitu zaleen eta bukatu berri zen gerrako izugarrikeriaren onuradun zen Suitza ustez neutralaren aurkako alegato bat zen, eta zalaparta dezente sortu zuen. Lehen arrakasta printzak 1949an ikusi zituen, Romulus der Grosse (Romulo Handia) obrarekin. «Ez dut zalantzarik Estatua beharrezkoa dela; gure Estatua beharrezkoa ote den, hori dut zalantza. Mundu mailako inperio bihurtu da, eta, gainera, beste herri guztien kontra hilketa, arpilaketa, zapalketa eta estortsio era oro erabili duen erakunde ere bai... Horregatik heldu naiz ni honaino», esanarazi zion Romulori, Erromatar Inperioaren —Europaren?— erorketari buruzko lan horretan. Ondorengo lanetan ere erabiliko zituen umorea, poetikotasuna, bortxakeria eta egoera absurdoak ageri zituen bertan.
1952an, arrakasta printzak uhin bihurtu ziren, irrati-eleberriak aireratzen hasi baitzen Alemaniako kateetan. Liburuan eman zuen, gainera, Epailea eta haren borreroa —Der Schweizerische Beobachter egunkarian aurreko bi urteetan atalka eman zuen polizia nobela—, eta txalotu egin zioten kritikariek.Errua eta norbanakoaren erantzukizuna ardatz dituen lan hori euskaraz eman zuen Idoia Santamariak duela bi urte, Erein-Igelarekin, Literatura Unibertsala bilduman.
1952. urtea erabat borobiltzeko, Alemanian harrera izugarri ona egin zioten Durrenmatten Die Ehe des Herrn Mississippi (Mississippi jaunaren ezkontza) antzezlanari. Hurrengo hiru hamarkadetan eman zituen, besteak beste, Der Besuch der alten Dame (Dama zaharraren bisita, 1956), Frank V (1959), Die Fisiker (Fisikariak, 1962), Der Mitmacher (Lankidea, 1973) eta Die Frist (Berandutzea, 1975). Etsia arkatz eta ironia kolore zituen atmosfera ezberdinak marraztu zituen denekin, geruzaz geruza. Frank V, esaterako, gizartearen parabolatzat jo zuen. Banku pribatu baten jabeak agertu zituen bertan, kapitalismo zapaltzaile eta doilorraren ikur. Suitzan espantuka hartu zuen askok obra hori. Idazlea ez zen harritu. «Primeran dabilen makina bat da Suitza, eta, makinak bezalaxe, doilorra da».
Dama zaharraren bisita obran, berriz, sorterrira munduko pertsona aberatsena bihurtuta itzulitako emakumearen istorioa kontatu zuen. Bertan, 1.000 milioiko dirutza eskaintzen dio andreak gainbeheran den herriari, baldin eta gazte zenean haurdun utzi eta arbuiatu zuen gizona hiltzea onartzen badu. Hala, herrikide bat hiltzea onargarri o te zaion erabaki beharko du herri osoak.
Urteek aurrera egin ahala, gero eta ezkorragoa bihurtu zitzaion begirada. «Errudunegiak gara denok kolektiboki; kolektiboki itxiegiak gaude denok gure gurasoen eta arbasoen bekatuetan», zioen. 1983an eman zuen amaitutzat bere dramaturgo lana, Achterloo-rekin, errealitateak edozein fikzio eta absurdotasun oro gainditzen zuelakoan.
Euskaraz ere bai
Beste generoetan ere, gaitegi beretsuari heldu zion Durrenmattek. Hala zioen Idoia Santamaria itzultzaileak haren hiru nobela beltzei buruz, esaterako,Epailea eta haren borreroa itzuli ostean: «Du?rrenmattek bizitzaren absurdoa, errua, erantzukizuna, botere harremanak lantzen ditu nobelotan ere, beti ironia fin-finaz eta begirada kritiko eta, hala ere, samur batez. [...] Eta espero ez duen eremu ezezagun batera eramaten du beti irakurlea».
Beste hainbeste esan daiteke euskaratuta dauden idazlearen gainerako lanei buruz ere: Antonio Maria Labaienek 1963an Egan aldizkarian eman zuen Gizona eta Kidea antzezlanaz; Xabier Mendiguren Bereziartuk 1992an Ereinekin argitaratu Matxura narrazioaz; eta Labayru Institutuak 1999an Zubizabal aldizkarian eman Hizketaldia gauez gizon arbuiatu batekin antzezlanaz.
1990eko abenduaren 14an hil zen Friedrich Durrenmatt. Bere obra sustatu eta gizarteratuko zuen gune bat sortzea eskatu zuen bere testamentuan, eta 1952tik hil arte bizitoki izan zuen Neuchatelgo eraikina halaxe da, 2000. urtean Durremantt Zentro gisa inauguratu zutenetik. Bertan daude ikusgai idazlearen irakurgaiak eta idatziak, eta baita haren margolan eta marrazkiak ere.
Etsia arkatz, ironia kolore
Etzi beteko dira 100 urte Friedrich Durrenmatt idazle eta margolari suitzarra jaio zela. Antzerkilari gisa izan da goratua batez ere. Justizia, heriotza eta errua ohiko gaiak dira haren lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu