Andoni Imaz
Lauhazka

Etsaiaren etsaia zinema da

2025eko urtarrilaren 26a
04:10
Entzun

Zinemazalea astuna da: dela edukien diktadura, dela obra kontzeptura makurrarazteko tema, are jaialdien autokonplazentzia, zer esanik ez plataformen utzikeria... Buklean sartzen utziz gero, batzuetan agoniazko lantua erridikuluraino ozendu dezake, bere buruari errepikatuz jada ezerk ez diola inori inporta. Zinemazalea esajeratua da, baina ezin esan zinemak bere garairik popularrena bizi duenik. Kontua da, halako batean, agertzen dela oraindik zinemaren ahalean fedea duen norbait, eta areto zokoan omen zegoena estatu auzi bihurtzen duela, garaiz kanpokoa dirudien keinu batez; norbait, zinemazalearen zoritxarrerako, interes handiagoa duena zinemaren ideia perbertso batean, haren edozein adierazpidetan baino; ez edonor, baizik eta Argentinako presidentea, Javier Milei.

Argentinako Gobernua legealdi hasieratik etsaitu da zinemarekin. Egia esan, kanpainatik zebiltzan etsaituta, eta lehenagotik ere bai, segur aski. Kirchnerismoaren beso bat besterik ez omen da INCAA, Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionala, horregatik mehatxatu zuten ixtearekin hasieran eta blokeatu dute ondoren, kaleratu dituzte langileak eta murriztu filmen finantzabideak, ezereztu dute herrialdeko zinemaldi nagusietako bat, Mar del Platakoa. Txikitu eta pobretu, behin eta berriz.

INCAAren egungo burua, ekonomista kanalla bat, ez da nekatzen burla egiteaz Argentinako zinema garaikidearen ustezko dekadentziari eta inork ikusten ez omen dituen filmei. Hain justu, horregatik da deigarria halako seta izatea kontsentsu zabal baten arabera inori askorik inporta ez zaion eta, egia esateko, ekonomian halako pisurik ere ez duen jarduera batekin. Filmak diru publikoz finantzatzeari uzteak ez du inoren gosea aseko —horrelako gauza makabroak esatea absurdoa litzateke gobernukideek ez balute horixe defendatu adierazpen ofizialetan—, nahiz eta dirua beti den garrantzitsua, jakina. Kasu honetan, dena merkaturatzea eta merkatua ahalik eta gehien kontzentratzea.

Baina horrelako kanpaina zikin eta puztu bat egiteko, zergatik zinema? Zer dezake zinemak halako errebantxa lotsagabe bat aktibatzeko?

Argentinako zinemaren historia gorabeheratsua da —beldur naiz herrialdea kondenatuta dagoela gorabeheratsu izatera—, baina gaur egungo egoera, berriz, ukaezina da: munduko tokirik interesgarrienetako bat da filmei, argitalpenei eta giroari erreparatzeko. Eta gobernuari emandako erantzunak ere merezi du begiratzea, batez ere Contracampok, azaroan Mar del Platan egindako kontrafestibal moduko batek. Proiekzioak eta eztabaidak tartekatu zituzten, besteak beste zinemagileek, ekoizleek eta kritikariek antolatutako programa batean. Haiek garbi esan zuten ez zela festibal bat, ez zuela lehiaketarik, ez epaimahairik, ez saririk: ekintza politiko bat zela. Kroniken arabera, konprometitua bezain atsegina, jai girokoa.

Argentinako zinemaren historia gorabeheratsua da, baina gaur egungo egoera, berriz, ukaezina da: munduko tokirik interesgarrienetako bat da filmei, argitalpenei eta giroari erreparatzeko

Horrek ere pizten ditu galdera oinarrizko batzuk: zer jaialdi behar ditugu? Zer toki behar ditugu elkartzeko, filmak elkarrekin ikusteko, hizketarako?

Topaketa horien aurretik, aspaldiko bi lagunen arteko eztabaida publiko bat izan zen La Platan: Mariano Llinas eta Nicolas Prividera zinemagile eta irakasleen artekoa. Duela hamar urteko debate suhar baten jarraipena zen, Argentinako zinemari eta tradizioari buruzkoa berez, nahiz eta gaur egungo egoera politikoa ezinbestean azaleratzen den nonahi.

Privideraren zorroztasuna beti da suspergarria; kritikatzen du ez dela nahikoa egiten, ez dagoela egungo egoerari zuzenean erantzuten dion zinemarik, Contracampon ere ez dela egon, gehiago eztabaidatu behar dela. Era berean, bere obra osoa da zinema politikoki pentsatzeko saiakera bat, eta iragana eta presentea elkarri lotuta agertzen dira beti, iraganak iraun egingo balu bezala, orainaldian bizitzea iraganean ere bizitzea izango balitz bezala.

Llinasek nahiago izaten du tradizio formalistago baten parte irudikatu bere burua, batzuetan diskurtso iheskorrago batekin, beti probokatzaile, baina interesgarria da ikustea bere zinemak nola erantzuten dion ezinegon politikoari, batez ere aurreko hamarkadako proiektu monumentalen ondoren egin dituen egunkari-filmetan. Clorindo Testa-n (2022), une batez politikak filma interpelatzen du, edo alderantziz. Itxura denez, Popular tradición de esta tierra-n ere bai (2024) —argitaratu denaren arabera; ea lehenbailehen iristen den—.

Eztabaida oraingoa eta hangoa da, baina betikoa eta toki guztietakoa ere bai. Zer esan nahi dute zinema eta kultura hitzek halako zerra hortzek ahoskatzen dituztenean? Zein modutan defendatu behar ditugu haiengandik? Gobernu batek gerra deklaratu dio zinemari. Orain, hemen, zer dezake zinemak?

'Clorindo Testa' filma
Mariano Llinasen Clorindo Testa filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.