ETS taldeak herriko festa bat irudikatuz beteko ditu BECeko hiru emanaldiak

Hiru kontzertu eskainiko dituzte 20. urteurrena ospatzeko, martxoaren 15ean, 21ean eta 22an. 45.000 ikusle batuko dituzte, orotara. Aurretik, Gozategi eta Andoni Ollokiegi arituko dira, eta iragarri dute emanaldian 41 kolaboratzaile izango dituztela.

Iñigo Etxezarreta, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariarekin eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin, gaur, BBK Aretoan eman duten prentsaurrekoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iñigo Etxezarreta, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariarekin eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin, gaur, BBK Aretoan eman duten prentsaurrekoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
irene baranano
Bilbo
2025eko otsailaren 27a
17:00
Entzun

Jakin-mina bazegoen. ETS taldeak duela urtebete iragarri zuen 20. urteurrena ospatzeko eta azken diskoaren bira amaierako kontzertuak BEC erakustazokan egiteko asmoa, 20 urte zure eskutik lelopean. Aspaldi amaitu ziren martxoaren 15ean, 21ean eta 22an eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak, eta 45.000 lagun bilduko dituzte, guztira. Saio horien nondik norakoak azaldu dituzte orain. Esaterako, iragarri dute Gozategi eta Andoni Ollokiegi musikariek ere joko dutela, eta esan dute martxoaren 22an egun osoko festa antolatuko dutela. Iñigo Etxezarreta taldeko abeslariak eman du azalpena: «Hau ez da izango ETSren kontzertu bat: horren ordez, herriko jai bat berregingo dugu ETSren ikuspuntutik».

Kontzertuan 30 abesti baino gehiago eskainiko dituzte, eta berrogei artista baino gehiago ere igoko dituzte oholtzara. Hainbat diziplina artistikotako sortzaileak izango dituzte kolaboratzaile; dantza eta musika esparrukoak, tartean. Etxezarretak esan duenez, bi irizpide izan dituzte kontuan gonbidatuak aukeratzerakoan: ETSren ibilbidean garrantzia izan duten artistak dira, batetik, eta euskal jai herrikoietako kulturari estu lotutakoak, bestetik. Edonola ere, oraingoz ez dute kolaboratzaile horien izenik eman.

«Hau ez da izango ETSren kontzertu bat: horren ordez, herriko jai bat berregingo dugu ETSren ikuspuntutik»

IÑIGO ETXEZARRETAETS taldeko abeslaria

Etxezarretak iragarri duenez, batez ere azken diskoetako abestiek pisu nabarmena izango badute ere, ETSrenak ez diren beste hainbat kantu joko dituzte. Eta abesti horiek ere euskal jaiekin lotuta egongo direla zehaztu du musikariak. 

Taldeak bete dituen hogei urteetan, ehunka herri bisitatu dituzte. «Berrehun edo hirurehun inguru izango dira», kalkulatu du Etxezarretak. Eta herriz herriko ibilbide horrek inspiratu ditu taldekideak azken kontzertuak antolatzeko. «Herriko jaietako esperientzia horietan jaso ditugun ohiturak, dantzak eta edertasun kulturala ikuskizunean irudikatu nahi ditugu».

«Ikuskizun kontzertua» 

Ikuskizunaren dimentsio teknikoa ere nabarmendu dute. «Argiei, soinuari, eta batez ere ikus-entzunezkoei dagokienez, uste dut orain arte sekula ikusi ez den emanaldi bat izango dela. Kanpoko artistekin bakarrik ikusten dugunaren neurrikoa izango da», nabarmendu du Etxezarretak. Aurretik lan handia egin dutela aipatu du musikariak, eta, zehaztu duenez, kontzertuetan 250 metro karratuko pantaila bat eta hamabi kamera ere izango dira. Lantalde handi batek hartuko du parte. Esan duenez, horregatik guztiagatik, kontzertu soilak izan ordez, emanaldiak «ikuskizun kontzertuak» izango dira.

«Argiei, soinuari, eta batez ere ikus-entzunezkoei dagokienez, uste dut orain arte sekula ikusi ez den emanaldi bat izango dela. Kanpoko artistekin bakarrik ikusten dugunaren neurrikoa izango da»

IÑIGO ETXEZARRETAETS taldeko abeslaria

«Bi mundu horiek batzeko aukera bat genuen; jai herrikoia, guk bizi eta omendu nahi duguna, ikuspegi profesional batekin, ikusi ditugun beste artista batzuen biretan inspiratuta». ETSk hogei urteko ibilbidea egin du, orotara, eta 2018an hasi zuten «profesionalizazio» prozesua nabarmendu du abeslariak. «Gure apustua hori izan zen, taldea profesionalizatzea, baina musika herrikoia egiten jarraitzen saiatzea, zirkuitu musikal horren barruan». 

Egun osoko jaia 

Martxoaren 22ko emanaldia berezia izango da, gainera. Egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako. Azaldu dutenez, herriko jai bihurtuko dute BEC erakustazokako 2. pabiloia. «BBK Herriko Plaza» jarriko diote izena gune horri egun horretan. Bertan, herriko jaietako jarduera esanguratsuenak bilduko dituzte. 

Eguerdian hasiko da programa egun horretan. Txupinazoa izango da, lehenik, Miren Nogales eta Antton Telleriarekin, eta herri kirolak ere izango dira emakumezko eta gizonezko hainbat aizkolari eta harri jasotzailerekin. DJ Bull, Puro Relajo eta Joselu Anaiak taldeen emanaldiak ere izango dira egunez. Horrez gain, egun osoan, besteak beste, haurrentzako jolasak, puzgarriak, kaleko musika eta janari postuak egongo dira pabiloian. Horren ostean, 21:30ean emango du ETSk birako azken kontzertua. 

Urtebete eta lau hilabetez ondu du ETSk agur emanaldi hirukoitza. Etxezarretak azaldu du atentzio osoa proiektu horretan izan dutela, eta, hori dela eta, abesti berririk idazteko denborarik ez dutela izan. Horrez gainera, aurreratu du ere 2025ean ez dutela herriko jaietan kontzerturik emango. «Aspaldi lotutako emanaldiren bat salbu».

«Bira honek amaitu behar du, baina gauzak egiteko gogoz jarraitzen dugu»

IÑIGO ETXEZARRETAETS taldeko abeslaria

Behin-behineko etenaldiaren harira, taldearen amaiera izango ote den galdetuta, ezetz esan du abeslariak. «Bira honek amaitu behar du, baina gauzak egiteko gogoz jarraitzen dugu». 

Bertan egon ahal izango ez direnek telebistaz ere ikusi ahalko dute martxoaren 22ko emanaldia. 21:30etik aurrera, ETB2k emango du kontzertua zuzenean. Gainera, EITBko irratien, eitb.eus webgunearen eta Primeran plataformaren bidez ere ikusi ahalko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.