Musika

ETS, Sune eta Reimy ere Hatortxu Rocken ariko dira abenduan

Maskak eta Marabiyak Soundek ere parte hartuko dute abenduaren 28ko jaialdian. Guztira, hamazazpi taldek osatuko dute kartela, eta festibala Atarrabian egingo den azken aldia izango da.

Reimy DJa, 2022ko sanferminetan Katakraken eginiko emanaldi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Reimy DJa, 2022ko sanferminetan Katakraken eginiko emanaldi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko irailaren 17a
12:10
Entzun

Hamazazpi musika talde ariko dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren 29. aldian. Gaur jakinarazi dute ETS, Sune, Maskak, Marabiyak Sound eta Reimy DJa ere ariko direla festibalean, eta, hortaz, jada eman dute kartel osoaren berri. Izan ere, aurrez iragarriak zituzten beste hamabi talde: Tatxers, Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua’n Salsa, Apotheke, Toc, Arene 6, Kop, Su Ta Gar eta Unidad Alavesa. Abenduaren 28an eginen dute festibala, larunbatarekin, Atarrabian (Nafarroa).

Eta egun hori izanen da, antolatzaileek gogora ekarri dutenez, Hatortxu Rocken «lehenbiziko agurra». Izan ere, elkartasun jaialdiak ekainean jakinarazi zuen bere ibilbidea bukatzekoa dela; zehazki, bi aldi baizik ez zaizkiola falta amaierara iristeko. 2025eko uztailean esanen du agur azkenekoz, «jaialdi historiko bat» eginda, Lakuntzan (Nafarroa), baina, hain zuzen, abenduan Atarrabian eginen dutena izanen da «forma klasikoan» antolatuko duten azkena.

Datozen hitzorduei so, gaur plazaratutako oharrean antolatzaileek nabarmendu dute azken aldiak ilusioz bizitzeko prest direla: «Agur hauek bereziak izatea nahi dugu, eta Lakuntzako azken Hatortxu Rock egin baino lehen, ahalik eta hoberen arituko gara Atarrabian gau berezi bat bizitzeko, egoerak eskatzen duen moduan, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. Beste behin ere, musika erdigunean jarriz, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasunez milaka pertsona elkartuz».

Sarrerak, salgai

Jadanik eros daitezke Hatortxu Rockek falta dituen bi aldietarako sarrerak. Batetik, eros daitezke abenduko festibalerako direnak —25 euroan daude—, eta, bestalde, jaialdiak sarrera bikoitzak ere jarri ditu salgai; negukorako eta udakorako balio dute, eta 105 euroan eskura daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.