Musika

Madrilgo sarrerak salduta, Bartzelonan beste kontzertu bat emango duela iragarri du ETSk

Taldeak Madrilgo Movistar Arena beteko du 2026an, sarrera guztiak hiru orduan salduta, eta ondoren jakinarazi du Bartzelonako Palau Sant Jordin ere ariko dela heldu den urtean.

ETS taldearen kontzertua, Barakaldoko BECen, joan den asteburuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ETS taldearen kontzertua, Barakaldon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iñigo Astiz / Xalbat Alzugarai Etxeberri
2025eko martxoaren 24a
14:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Erronka handia izango zela esan zuen ETS taldeak, baina apenas goiz batean bete du osorik Madrilgo Movistar Arena. Heldu den urteko apirilaren 25ean kontzertua emango du bertan, eta hiru orduan saldu ditu ia sarrera guztiak. Ondotik etorri da iragarpena: Bartzelonan beste kontzertu bat emango du taldeak, apirilaren 11n, Palau Sant Jordi estadioan.

Egunotan, 45.000 ikusle bilduta, hirutan bete du BEC erakustazoka ETSk, eta ostiraleko kontzertuan iragarri zuten datorren urteko apirilaren 25ean Madrilen kontzertua emateko asmoa. Zuzeneko saioaren erdian egin zuen iragarpena Iñigo Etxezarreta abeslariak, eta oihuka erantzun zuen jendeak.

Gaur goizean ireki dute aurresalmentarako aukera, eta salduta daude jadanik ia sarrera guztiak. 16.000 ikuslerentzako lekua du aretoak, eta eguerdirako 15.000 jadanik salduak zituztela iragarri dute. Lorpena «mugarria» izango dela adierazi du Last Tour enpresak hedabideen helarazitako oharrean. Zehaztu dutenez, ETS izango baita Madrilgo aretoa osorik beteko duen lehen euskal taldea.

Sarrera guztiak salduta, berehala baztertu dute Madrilen beste kontzertu bat emateko aukera. Last Tour enpresak hedabideetara helarazitako oharrean zehaztu duenez, «jende asko» geratu da sarrera lortu ezinik, eta taldea «soluzio baten bila» aritu da horregatik. Iñigo Etxezarreta taldeko abeslariak goizeko oharrean adierazi du ez dutela beste kontzerturik egingo Madrilen. «Badakigu jende asko geratu dela sarrerarik gabe, eta hori nola konpentsatu pentsatzen ari gara, baina ez da bigarren kontzerturik izango Madrilen».

Badirudi Bartzelonan atzeman dutela soluzioa: Palau Sant Jordi estadioan beste kontzertu bat eginen dute, 2026ko apirilaren 11n.

Bartzelonako eta Madrilgo emanaldiei izena ere jarri diete: Bihotzen konkista. Eta Madrilgoaren kasuan bederen, azaldu dute kontzertu bat baino gehiago izango dela; bertsolariak, dantzariak eta kolaboratzaile zerrenda esanguratsua eraman asmo dute emanaldira. «Gertatzen ari den guztia erokeria hutsa da», onartu du taldeko abeslariak. Eskerrak eman dizkio egunotan Barakaldon (Bizkaia) bildu den «komunitateari».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.