Etorkizunera begira

Dantzertiko Arte Dramatikoko ikasleek 'Uda gau bateko bidegurutzea' antzezlana estreinatu dute. Asteburuan aurkeztuko dute Muxikebarrin

Dantzertiko Arte Dramatikoko ikasleak, Uda gau bateko bidegurutzea antzezlanaren amaieran. GETXOKO KULTUR ETXEA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Lehenengo aldiz, egindako lana jendaurrean erakusteko aukera izango dute Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako eskolako ikasleek. Arte Dramatikoko hirugarren promozioko ikasleak dira, eta, lau urte eskolan igaro ondoren, Uda gau bateko bidegurutzea antzezlanarekin itxi dute ikasketa zikloa. Joan den asteazkenean egin zuten estreinaldia Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri Zentroan, eskolako, sektoreko eta kultur arloko eragileen aurrean, eta, gaur eta bihar, edonork izango du lanaz gozatzeko aukera, leku berean.

Hamaika ikasle igoko dira, guztira, taula gainera: Nagore Andres, Celia Fañanas, Paula Guereñu, Alain Lersundi, Yune Nogueiras, Paula Prol, Irati Sampayo, Garazi Urkola, Marina Verano, Aitor Vildosola eta Aitzol Villahoz. Hala ere, irakasleen laguntza ere izan dute lau hilabeteko lana izan duen prestakuntza prozesuan.

Mireia Gabilondok zuzendu du antzezlana, eta, harekin batera, Patxo Telleria izan da gidoiaren egilea. Proiektuan parte hartu duten ikasleen benetako esperientzia ardatz hartzen duen istorioa da, Igor Razkin Dantzertiko zuzendariak azaldu duenez: «Hutsetik abiatuta, sormen prozesu bat garatu dute ikasleek. Patxo Telleriak egin zuen hasierako proposamena, eta hortik materialak sortzen aritu ziren ikasleekin, hilabetez». Hilabeteko lanaren ondoren, Telleriak testua birmoldatu zuen, eta taularatuko duten gidoia aurkeztu zuen.

Ordu eta erdiko iraupena duen autofikzio bat da antzezlana, eta kontakizuna karrera amaierako emanaldiaren ondoren hasten da. Izan ere, une horretatik aurrera, egoera berri bati egin beharko diote aurre ikasleek, eta dauden bidegurutze pertsonalaz jabetuko dira. Ikasle izatetik profesional bilakatzerako bidean, hainbat emoziorekin topo egingo dute. Besteak beste, bertigoa, ilusioa, beldurra, ziurgabetasuna edo desioa izango dira aurrez aurre jarriko zaizkien sentimenduetako batzuk, eta horiek azaleratzen saiatuko dira antzezlanaren bitartez.

Martxoaren 8an hasi ziren Mireia Gabilondorekin entseguak egiten: «Ilusio handia nabaritu dut ikasleen partetik, eta irakasleak ere oso gainean egon dira ikasleak laguntzen». Airean esekitako kulunka da eszenografiaren oinarria, eta pieza osoa diziplinarteko lana da, non arte eszenikoen hainbat teknika konbinatzen diren.

Esperientzia aberasgarria

Nagore Andres ikaslearentzat «oso esperientzia aberasgarria» izan da lau urteotan bizi izan duena. «Pandemiaren ondorioz, egoera berri honetara moldatu behar izan gara, baina oso prozesu berezia izan da». Osasun krisiaren ondorioz, bertan behera geratu zen joan den urteko emanaldia, eta aurten ere «arrisku berbera» zegoela uste zuen Dantzertiko ikasleak. Oztopoak oztopo, ordea, «oso pozik» dago lortutako emaitzarekin, eta «gogotsu» dago hilabeteotan guztietan egindako lana jendaurrean aurkezteko.

Dantzertin igarotako lau urteetan «asko» ikasi duela nabarmendu du Andresek: «Hainbat arlotan prestakuntza jasotzeko aukera izan dugu, ez bakarrik antzerkian edota dantzan; oso prestakuntza osoa jaso dugu». Emozio handiarekin bizi ditu ikasle ibilbideko azken egunak, eta, horrekin batera, prozesuan egindako harremanen garrantzia azpimarratu du: «Elkarrekin ordu asko igaro ditugunez, asko irekitzeko aukera izan dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.