Belar bala arrosa batek ematen dio hasiera Xuxurlak, substratuak eta substantziak erakusketari. Elikagaiaren esanahi sinbolikoaz baliatu da Saioa Olmo artista: gerorako gorde beharreko bazkaz dihardu erakusketak, baina oturuntza etikoa da, ez fisikoa, Olmok dioenez. «Erakusketaren jatorrian dago pentsatzea zein gizaki egongo den etorkizunean, eta horiei zer aholkatu diezaiekegun». Hala, balizko biztanle horiei baliagarriak izango zaizkienorainaldiko balio, gomendio eta historiez hausnartu du, baita horiek transmititzeko moduez ere, eta horren fruitua Bilboko Bilbo Arten egongo da ikusgai otsailaren 12ra bitarte.
Ataritik bertatik hasten da figurazioa Olmoren erakusketan. Izan ere, balaren barruko materiala ez ezik, estalkia bera ere sinbolismoz betea dago, berariaz baita arrosa kolorekoa. Bularreko minbiziaren aurkako kanpaina baten harira saltzen hasi ziren, eta, arrazoia jakin zuenean, erakusketarako baliagarria zitzaiola erabaki zuen, transmititu beharreko balio gisa. «Ni feminista naiz, eta iruditzen zait ekintza hori erlazionatuta dagoela feminismoarekin».
Bala erlazionatuta dago, halaber, aurrez aurre duen likidoen bildumarekin. «Gure inguruan dauden likidoak dira, eta bakoitza narrazio edo anekdota txiki batekin lotuta dago». Apal batean pilatuta daude, besteak beste, jakientzako koloregaiak eta euri ura, baina horiekin batera erabiltzen ohi diren hainbat produktu kimikoren laginak ere paratu ditu, baita ongarri mineral batzuk ere. Apalaren aldamenean, liburuetatik ernatzen den landare bilduma bat dago lau mahaitan sakabanatuta: lehenengoa dibertsioarekin eta sexualitatearekin dago lotuta; bigarrena, eguneroko teknologiarekin, besteak beste; hirugarrenak amaiera du hizpide, eta han ageri dira heriotzaz edo arkitektura efimeroaz diharduten liburuak; eta azken mahaia Euskal Herriko entziklopedia baten aleetatik hazitako landareek osatzen dute. «Hauek lurzoruan bertan kokatu nituen hasieran; haietatik hazten dira ez soilik hemengo landareak, baizik eta beste lekuetako landareak ere», Olmok azaldu duenez.
Elementuen aniztasuna gorabehera, haien arteko «interdependentzia» dagoela argitu du artistak, sailak «harremanetan» baitaude fisikoki zein sinbolikoki. «Badakit liburuak, substratu bezala, ez direla onenak; beraz, osatzeko ongarri batzuekin probak egin nituen, baina niri kimiko mineralek beldurra ematen didate». Kimiko horien laginak apaletan daude, eta aurrez aurre dute minbizia gogorarazten duen elementu sinbolikoa. Hala, hiru atalak lotuta geratu dira «gune arriskutsu» bihurtutako erpin horren bidez.
Horiez gain, ordea, laugarren elementu bat ere ageri da. Hain zuzen, estalagmita bat oinarri hartuta egindako eskultura. Elementu bertikala dela dio Olmok, eta kontrakarrean dagoela aurreko hiru atalek osatutako eremu zirkularrarekin. «Gizakiok estruktura bertikala dugu, eta gainerako elementuekin beste modu batera erlazionatu beharko ginateke. Hau apropos utzi dut izkinan, erakusketaren bukaeran: beste konnotazio bat du, eta ez dakigu presentzia onuragarria edo mehatxagarria den». Estalagmitaren gainean tantaka ari da erortzen mineralez osatutako seruma, eta, dioenez, ezin da jakin «desegiten ari den edo eskulturaren bertikaltasuna handitzen laguntzen duen».
Transmisio xuxurlatua
Atalen artean dauden loturez gain, erakusketak badu batzen duen beste elementu bat ere: hain zuzen, izenburuan aipatzen diren xuxurlak. Bisitariak, magnetismoa harrapatzen duen tresna baten bidez, xuxurlak entzungo ditu erakusketako elementuetara hurbiltzen denean, eta xuxurlak gero eta ozenagoak izango dira elementuotara gerturatu heinean. Hala, berbek «kate» gisara funtzionatzen dute, Olmoren hitzetan, baina baita transmisio bide moduan ere.
Izan ere, erakusketa hausnarketa bat da, ez soilik etorkizunekoei helarazi nahi den horren inguruan, baita eduki hori transmititzeko erabilitako moldearen inguruan ere. Horiek horrela, Bilbo Arteko aretoan uztartu egiten dira, halaber, hitz idatzia eta hitz ahoskatua —liburu-landareei eta xuxurlei esker, hurrenez hurren—baina, oraingo honetan, lehena ez da ohi bezain iraunkorra, ezta bigarrena hain efimeroa ere. «Historian zehar ikusi da dokumentu idatziak izan direla mantendu direnak, eta ahozko historia ahulagoa izan dela». Horrenbestez, erakusketa «paradoxikoa» da, «justu kontrakoa gertatzen» baita, Olmok dioenez. «Liburuak, nahiz eta asko irauten ari diren, desagertu egingo dira azkenean, eta pentsatzen dut xuxurlak izango direla gehien iraungo dutenak».
Euskarrien iraunkortasuna gorabehera, azkenean bisitariaren memoriak baldintzatuko du transmisioa, eta horretan orobat eragingo du erakusketako edukiak berak. «Bilduma denboran mantentzeko, interesekoa izan behar du». Horrenbestez, finean, bisitaria helburu duen erakusketa da, Olmok adierazi duenez. «Niretzat, artean garrantzitsuena inoiz ez da izan objektu artistikoa, beti ipini izan dut arreta publikoaren esperientzian. Hor gertatzen da eraldaketa».
Etorkizunekoei zer transmititu
Saioa Olmok mantendu beharrekoez dihardu 'Xuxurlak, substratuak eta substantziak' obran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu