Antzinako memorien gotorleku dira basoak Mabel Tapia arte ikerlariarentzat. Horregatik, hain zuzen, erabaki zuen Mira Bernabeurekin batera Memoriaren basoak izenburua jartzea San Telmo museoan ireki berri duten erakusketari. Erregimen totalitarioen inguruan hausnartzea asmo duen pieza artistikoen bilduma bat da. Datorren maiatzaren 11ra arte egongo da ikusgai.
Guztira, hainbat diziplinatako 21 artistaren lanak daude erakusketan; zortzi dira Euskal Herrikoak. Gehienek frankismoan emandako esperientzietatik abiatuta egin dituzte euren piezak, nahiz eta baden Argentinako eta Txileko erregimen totalitarioen hausnarketaren bueltan egindako lanik ere. Obrez gain, artxiboetako piezak ere aukeratu dituzte, tartean Lazkaoko (Gipuzkoa) beneditarren artxibokoak.
Madrilgo 1 Mira Madrid aretoko zuzendaria da Tapia, eta azaldu du iaz bertan antolatutako erakusketa batean sortu zela Memoriaren basoak egiteko ideia. Clemente Bernaden eta Ana Teresa Ortegaren erakusketa bikoitza izan zen, hain zuzen, abiapuntua. Erakusketako komisarioaren esanetan, orduan finkatu ziren San Telmoko erakusketarako oinarri eta galdera, esaterako: «Nolatan mantentzen dira oraindik ere erregimen totalitario batzuen zantzuak?».
Galdera asko, erantzunik ez
«Memoriaz hitz egiten du erakusketak, baina etorkizunaz ere hitz egiten du ezinbestean, historia etorkizunean ere idazten delako», gaineratu du Tapiak. Bestalde, bai Euskal Herrian eta bai eta hortik kanpo egon diren erregimen totalitarioen errepresio moduek, nahiz eta erregimena bukatuta egon, urteetan zehar nola irauten duten ere nabarmendu nahi izan du. Adin desberdinetako artisten lanak bildu dituzte erakusketan, baina komisarioari oso berezia iruditu zaio gazteenek memoriarekin nola «konektatzen» zuten ikustea.
«Memoriaz hitz egiten du erakusketak, baina etorkizunaz ere hitz egiten du ezinbestean, historia etorkizunean ere idazten delako»MABEL TAPIAKomisarioa
Tapia: «Uste dut erakusketak galdera asko sortuko dituela». Are, orain arte egin gabeko galderak sorraraztea izango da erakusketaren helburuetako bat; «erantzunik ez du emango, ordea», esan du komisarioak.
Beldurra eta memoria
Aretora sartu orduko, mihise handi batek bereganatzen du bisitariaren arreta. Ate bat da. Hain zuzen, Valentziako Modelo kartzelako atea da —eraikina jada ez da kartzela moduan erabiltzen—. Mihisea zuzenean atearen gainean jarri, eta hark utzitako arrastoarekin sortu zuten obra Patricia Gomezek eta Maria Jesus Gonzalezek. «Kartzela horretako pareten memoria jaso nahi izango balute bezala da», gehitu du komisarioak.

Sarreran bertan aurkitu daiteke ere Anna Lopezek erakusketarako ondu dituen piezetako bat. Haren amona da protagonista. Familia artxiboa deitu dio lanari, minutu eta erdi pasatxoko bideo bat da. Bertan egileak 36ko gerraren inguruan galdetzen dio amonari, eta hark zera erantzuten dio: «Ez dut horretaz hitz egin nahi, nahiz eta demokrazian gauden, batek daki zer gertatuko den». Bai gerrak eta bai frankismoak eragin zuten beldurra azaldu nahi du bideoak.
Oraindik ere badauden frankismoko ikurrei eta erregimenaren alde «traumatikoenari» begiratu nahi izan die Clemente Bernadek. Horretarako, bi argazki lan aurkeztu ditu erakusketan. Gogoratzen al duzu Franco?-n «frankismoaren goraipameneko hiru leku garrantzitsuenak» jaso dituela aipatu du Bernadek berak. Horietako bat da Iruñeko Erorien Monumentua. Bernad hobi komunetako indusketa lanetan parte hartzen hasi zen duela urte batzuk, eta Ametsez hil argazki bilduman han topatutako hezur eta objektuak erakusten ditu.
Kartelak
Nahiz eta argazkigintza izan den haren lan esparru nagusia, arte plastikoekin du lotura handiagoa Amaia Molinet Lodosako (Nafarroa) artistaren obrak. Adobezko adreiluekin eraikitako horma txiki bat dago erakusketan —duela hamar urte sortu zuen Molinetek—. 36ko gerrak bereziki gogor jo zituen Nafarroako zenbait herri, eta haietan jaso zituen adreiluak egiteko materialak.
Artistek egindako piezez gain, Txileko CADA artxiboko, Argentinako Graciela Carnecale / Tucuman Arde artxiboko eta Lazkaoko beneditarren artxiboko elementuak ere jarri dituzte ikusgai. Azken horren kasuan, Euskal Herrian frankismo garaian jartzen ziren karteletako batzuk bildu dituzte.
Jarduerak
Susana Soto San Telmoko zuzendariak erakusketak iraun bitartean egingo diren ekintzen berri eman du. Hitzaldiak, solasaldiak, proiekzioak eta performanceak izango dira, besteak beste. Emakume fusilatuak. Memoria absentea dokumentala emango dute martxoaren 18an, 19:00etan. Proiekzioaren ondoren Mikel Aizpuru historialariarekin solasaldia egongo da. Horrez gainera, martxoaren 28an, Olatz Gorrotxategi antzerkigileak 43º13’44’’N ikuskizuna emango du. Antzerki dokumentalaren bidez biografia politikoa sortzeko saiakera da Gorrotxategirena.
Erakusketak iraun bitartean, larunbatero bisita gidatuak egingo dituzte. 17:00etan izango dira euskarazko saioak.