Etorkizuneko euskal komunitatea aztertu du Badalabeko instalazio artistiko batek

'Hizkuntzak, gorputzak eta tarteko zirrarak' instalazio artistiko interaktiboa ireki dute Errenteriako Badalaben. Euskal komunitatea eta euskara etorkizunean nolakoak izango diren aztertu du talde batek, eta lanketa horietatik sortu dute artefaktua.

Badalab instalazio artistikoa
Instalazio artistikoko maketa. Haren inguruan, proiektuan parte hartu duten kideetako batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Errenteria
2023ko azaroaren 21a
18:00
Entzun

Ezin izaten da jakin etorkizuna nolakoa izango den, baina badira etorkizun hori irudikatzen eta haren inguruan hausnartzen aritzen direnak. Adibidez, Errenteriako (Gipuzkoa) Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategiak etorkizuneko euskal hiztunen komunitatea nolakoa izango den aztertu du azken proiektuan, Euskozenoarekin eta beste eragile batzuekin batera. Hausnarketa prozesu horren emaitza izan da Hizkuntzak, gorputzak eta tarteko zirrarak instalazio artistiko interaktiboa. Badalaben bisita daiteke, ostegun eta ostiraletan, 17:00etatik 19:15era. Larunbat goizean ere irekita dago, 10:30etik 13:30era.

Badalab, besteak beste, Euskozenoarekin elkarlanean aritu da proiektuan. Euskozenoak euskal identitatearen gaineko hausnarketak egiten ditu. Bi izan dira proiektuaren lan ildo nagusiak, Goiatz Oiarzabal Badalabeko zuzendariaren arabera: «Gure inguruko aniztasun linguistikoa nolakoa den ikusi nahi izan dugu, baita horrek arteari zer-nolako ekarpena egiten dion ere».

Euskozenoak artefaktu bat jarri zuen martxan Dejabu antzerki konpainiarekin batera. Askotariko jatorri, adin eta esperientziak bizi izandako talde batek hartu zuten parte saioetan; lehen belaunaldiko etorkinak izan dira, hain zuzen. «Hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren inguruko pozez eta minez aritu ginen», gehitu du Ane Gazpiok, Euskozenoko kideak. Saio horietatik ateratako ondorioekin sortutako instalazio artistikoa da Dejabuk osatu duena.

Herri bat dirudien maketa bat da instalazio artistikoa. Bertan, panpina txiki batzuek pertsonak irudikatzen dituzte, eta artefaktuko saioetan parte hartu duten kideek pertsona horien inguruko kontakizunak sortu dituzte. Kontakizun horietako batzuk entzun ahal izango ditu bisitariak maketara begira. Entzungailuak jarri dituzte istorio horiek entzuteko.

«Abstraktua»

Urko Redondo Dejabuko kidea da, eta, kontatu duenez, proiektua mahai gainean jarri zietenean zaila egin zitzaien euskararen eta euskal komunitatearen inguruan lan egitea: «Kontzeptu sakonak eta abstraktuak iruditu zitzaizkigun». Hala ere, aurre egin zioten gaiari artearen ikuspuntutik heltzeko erronkari. Interesgarria iruditu zitzaien sortutako instalazioan aktiboki parte hartzeko aukera ematea bisitariei.

Maria Felix Arista izan da artefaktuan parte hartu duten kideetako bat. Saioetan asko ikasi duela adierazi du: «Oso aberasgarria izan da ikustea nola, nahiz eta parte hartzaile guztiek hizkuntza berdina ez hitz egin, istorio bat sortzeko eta elkar ulertzeko gaitasuna izan dugun». Proiektuaren gidariak oso eskertuta daude Aristarekin, prozesuan izan duen parte hartzeagatik.

Oiarzabalentzat, herriko eta herritik kanpoko jendearentzat irekiera moduko bat izango da instalazio artistikora bisita egitea. Izan ere, duela urte batzuk komunitatearen inguruan hausnartzeko leku bat izan zen Joxepa Antoni Aranberri eraikina –bertan dago Badalaben egoitza gaur egun–. Hura itxi ondoren, hau izango da Errenteriako jendeak bertako instalazioak ikusteko izango duen lehenengotariko aukera. «Eraikinak duen izaera berria ikusteko aukera izango dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.