Jada 25 urteko ibilbidea egina du Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen Hegats aldizkariak. Bazkideei banatu izan zaie urteotan, eta kultur etxe eta liburutegietan ere izan da, baina, batez ere, «barrura begira» egon da aldizkaria orain arte. «Euskal literatura kalera ere ateratzeko behar edo nahi batek» bultzatuta, aldaketa bat behar zuela pentsatu zuten arduradunek, Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez. Edukiari ez ezik, itxurari, diseinuari ere garrantzia eman nahi zioten, «gauzak kontatzeko modua ere erakargarria eta arina» izan zedin. Lander Garro idazle, kazetari eta argazkilariaren esku utzi zuten aldaketen ardura. Eta, hark koordinatuta, kalean da jada aldizkari berrituaren lehen zenbakia.
Azalean eta mamian, bietan topatuko ditu irakurleak berritasunak. Argazki handi batek hartzen du azala: Itu Bandako Peru Iparragirre ageri da lehen planoan, ukabilkada bat jasotzeko plantan. Eta azaletik bertatik suma daitezke aldaketaren asmoak, Garroren ustez. «Batetik, eta intentzioaren ikuspegitik, adierazten du plastikotasun bat eta irreberentzia bat, eta nire ustez bi gauza horiek inportanteak dira. Alegia, estetikoki eta plastikoki geure kultura eta literatura egotea XXI. mendeari begira, eta, bestetik, irreberentea izatea». Halaber, garrantzitsutzat jo du Itu Bandako kide bat azalean agertzea. «Aldizkari zahar bat bazterrean utzi eta berri bat esnatu dugu, eta sentimendua genuen etorkizuna oso hitz gakoa izan zitekeela: gure literatura etorkizunari begira, gure aldizkaria bezala, eta baita gure kultura ere».
Hurrengo orrialdea ere argazki handi batek hartzen du: Ixiar Rozas ageri da, lehen planoan hura ere, begiak itxita. «Barrura begira dagoela iradokitzen du, literatura funtsean hori delako: irakurtzen dugunean, geure burua ari gara irakurtzen testu baten bidez».
Elkarrizketak eta gehiago
Berrituta eta edukiz josita dator, beraz, aurtengo Hegats. Elkarrizketak dira nagusi: Mikel Peruarena, Itu Bandako kideak, Samanta Schweblin, Ixiar Rozas, Kepa Altonaga, Katixa Dolhare-Zaldunbide, Jose Luis Otamendi eta Katixa Agirre elkarrizketatu dituzte. Erreportajeak eta kronikak ere badira, tartean, Kattalin Miner, Jule Goikoetxea eta Danele Sarriugarteren Erractus ikuskizunaren ingurukoa; Eako poesia egunei buruzkoa; «liburu denda soilik ez diren liburu denda berrien» ingurukoa... Formatu bereziagoko lanak ere ondu dituzte; esaterako, Harkaitz Canoren bidaietako kaierak erakusten dituzten argazkien bilduma; edo Ramon Saizarbitoriarekin egindako ariketa, mugarri izan zituen liburuak eta argazki zaharrak lotuz. Argitalpen berriak eta bestelako albisteak biltzen dituzten atalak ere baditu aldizkariak.
Savanna estudioko Carlos Ndungmandum arduratu da lehen zenbakiaren diseinuaz. Erredakzio lanetan, berriz, Leire Palacios, Danele Sarriugarte, Yurre Ugarte, Eider Rodriguez, Edorta Jimenez, Peru Iparragirre, Amagoia Iban eta Garro bera aritu dira.
Orain arte bezala, Euskal Idazleen Elkarteak bazkideen artean doan eta harpidedunen artean ere banatuko du argitalpena, baina salgai ere jarriko dute aurrerantzean, 5 euroan. Urtero ale bat argitaratzen jarraitzea da asmoa.
Etorkizunari begira jarrita, literatura kalera aterako du 'Hegats' aldizkari berrituak
Diseinua erabat aldatuta, salgai jarriko dute aurrerantzean argitalpena, bazkideei banatzeaz gain.Urtean behin kaleratzen jarraitzea da asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu