Kritika. LIteratura

Etorkizunaren malenkonia

Gorka Salcesen 'Airemortuak' poema liburua
2024ko apirilaren 7a
05:15
Entzun

'Airemortuak'

Idazlea: Gorka Salces. Argitaletxea: Balea Zuria.

Bigarren poema liburua argitaratu du Gorka Salcesek, Balea Zuria argitaletxean, estreinakoa bezalaxe. Hitz joko gisako izenburu iradokitzailea dakar, erreferentzia egin diezaiekeena liburua zeharkatzen duten bi ideiari: utopia antzuarenari, batetik, eta iraganaren erabilgarritasunik ezarenari, bestetik. Ildo politikoa edo, nahi bada, ekosoziala sumatzen da, nolabaiteko gutasun batez mintzo dena, baina kutsu intimista eta barnekoiarekin erabat uztartuta.

Lau atalez osatuta dago liburua. Aitatasunak presentzia handia du lehenengoan (Baby blues), eta gainerakoetara ere isurtzen da. Beldurrak azaleratzen dizkio nipoetikoari ondorengoenganako transmisioaren auziak, baita denboraren gupidagabetasuna azpimarratzen ere. Aipatu legez, liburuan tartekatzen dira gai kolektiboak pertsonalagoekin, eta nahasketaren ausazkotasunak zera dioskula lirudike, ez dagoela benetako banaketarik batzuen eta besteen artean, pertsonalak diruditenak unibertsalak eta, ondorioz, kolektiboak direla. Poesia sozialaren ezina ere antzematen da poemetan, nahi kolektiboa indibidualismoak eta subjektu modernoak zapuztuta ageri baita.

Malenkoniarekin zer egin. Hori izan daiteke poema askoren gainetik hegaka dabilen beste ideia bat. Utopiaren zuziei jarraitzea alferrikakoa bide den mundu agonikoan —travelling bat/ utopia hil zuten tokiko oroitarrira—, iraganaren eta paradisu lurtarren abaroan atsedena hartzeak poeta tentatzen du. Hala haurtzaroko paisaia —ez beti atseginak— nola oasietara —zinemaren xarmaz tindatutako Eoliar uharteak— egindako txangoak, esaterako. Haatik, mina baino ez dio horrek ekarriko. Kukuka azaleratzen den ondorioa: porrota —liburuko beste kontzeptu zentral bat berau— onartzea, porrot goxoa bereganatzea. Hori da etorkizuna proiektatzeko modu bakarra, porrotaren ideia xumeari jarraikiz sotiltasunera jotzea eta zaurgarritasuna aitortuta afektuei bide ematea. Halaber, gizakiaren txikitasun eta absurdoaz ohartuta, hondamendiaren atarian, ihesbide mundutarrez profitatzea. Edo naturak dakarren denboraren pertzepzio sosegatua hiperaktibitate frenetikoari galga jartzeko baliatzea.  

Askatasunaren faltan, irtenbide suerte bat eskaintzen diote horiek poetari, ukendua dira desagertutako utopiaren zaputzaren eta iraganerako bira mingarriaren aurka. Orobat, krisi globala da liburuaren beste ildoetako bat. Larritasuna eragiten dio poetari, krisiaren kutsu apokaliptikoaz aparte, kolektibo gisa alternatibak irudikatzeko eta hari aurre egiteko gizartearen ezintasuna. Lehen aipatutako zaurientzako txatal behin-behineko horiek irtenbide bakarra izan ez daitezen, hots, indibidualismotik harago abia gaitezen, ezinbestekoa dirudi imajinazio politiko-komunitarioaren aktibatzea. Ataka gaizto horretatik daude idatzita poema gehienak, etorkizuneko malenkoniaz. Bestalde, zenbait esakera eta baliabide maiztu samar gorabehera, aipagarria iruditu zait piezetan Salcesek lortutako erritmoa. Paradoxikoki, poemarik intimoenak iruditu zaizkit indartsuenak, zauri ezkutuenetan hazka egiten dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.