KRITIKA. Literatura

Etorkizunaren kilika

zirri
'Zirriborroak eta gero' liburuaren azala.
2024ko otsailaren 25a
05:05
Entzun

'Zirriborroak eta gero'

  • Egileak: Askoren artean. Itzulpenak: Amaia Apalauza, Jose Luis Padron, Danele Sarriugarte. Argitaratzailea: Consonni.

Joan den urte hondarrean argitaratu zen Zirriborroak eta gero liburu kolektiboa. Hilabeteetako proiektu baten emaitza dira lanean bildutako hamar kontakizunak, Arabako Azala sormen-espazioaren gonbidapenez hainbat idazlek idatziak. Azpi-izenburuak dioen legez, mundu posibleei buruzko istorioak eta fabulazioak dira ipuinok, hots, etorkizuna marraztera jolasten diren zientzia-fikziozko kontakizunak. Ipuinetatik zazpi jatorriz euskaraz idatziak dira; gaztelaniatik ekarriak izan dira, ordea, Belen Gopegui, Lucia Baskaran eta Gabriela Damian Miraveteren piezak.

Etorkizun ez horren urrun bat irudikatzen dute liburuko ipuinek, bakoitza eraldaketa proiektu garaikide batean oinarrituta. Espekulazioon maila idazleen araberakoa da, hau da, batzuek errealitateari atxikiagoak jokatu dute, bestetzuek urrunagora luzatu dute begirada. Zer esanik ez, ez du horrek ariketaren sinesgarritasuna auzitan jartzen; izan ere, narratzailearen gaitasunaren eta abileziaren esku dago irakurleak fikzioaren paktu horri ameto ematea. Sinesgarritasunaren kalterako izan daiteke, esaterako, idazleak pertsonaien karakterizazioan eta giroen sorkuntzan asmatzen ez duenean, edo tentsio narratiboari eusten porrot egiten duenean. Gure alditik gertuagokoak iruditu zaizkit niri zapalenak, Belen Gopeguirena eta Karmelen Jaiorena, adibidez. Lehenengoaren tonuari diskurtsiboegia iritzi diot, kontaketa ideien morrontzan egoteraino. Ezin uka interesgarriak direla protagonistak iruzkintzen dituen ideietako asko, eta tarteka indartsua bere gutun formako bakarrizketa, baina pertsonaiaren eraikuntza horietan urtzen dela iruditzen zait. Bestalde, pandemia aroko zaintza-sareak fabulatzen ditu Jaiok Eskailerapeko kontakizunean. Aurrekoaren ifrentzu, azalekoegia antzeman dut narrazioa, eta ñabarduren falta sumatu dut gardenegiak suertatzen diren pertsonaiengan.

Aitzitik, espekulazio tartea handiagoa izanagatik orrialde gutxitan unibertso sinesgarriak lortzen dituztenek asebete naute gehien. Pertsonaien karakterizazio bizi eta eraginkorra egiten du Katixa Agirrek Loratze perimetroa-n. Bisita bat arma museora narrazioan, bestalde, ezin hobeto asmatzen du Iban Zalduak irakurlea amaraun narratiboan harrapatzen, hala lehenengo zatiko mise en abyme ederrarekin nola egoki egositako amaierarekin, idazkera zehatz eta xehez. Era berean, lausotasuna dosi egokitan txertatzen du Harkaitz Canok Kintsugi ipuinean, planoen arteko tartekatze eta elkarreraginaren bitartez. Ibaia kontakizuna ere ondo lotzen du Uxue Alberdik, xehetasunerako joerarekiko idazkeraz. Protagonistaren gatazka lerroartean —eta paisaian— iradokitzen da, elementu sinboliko ez gehiegizkoen aktibatzearekin. Sotiltasun nahikoz gauzatzen dira paisaiaren eta pertsonaien afektuen arteko harremanak. Horrenbestez, nahiz eta, izaera askotarikoko bilduma guztiekin gertatzen den bezala, ipuin batzuk besteak baino gozagarriagoak juzgatuko dituen irakurleak, guztietan igarriko du etorkizunaren kilika, fikzioaren galbaheak tantaka emana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.