«Hitz batean esanaz, euskal nobelaren alderik pozkarriena eta interesgarriena, bere etorkizuna da, hain zuzen». Ez zebilen oker Jesus Mari Lasagabaster literaturako irakasle eta kritikaria (Donostia, 1931) hitz horiek idatzi zituenean, duela 31 urte, 1981ean, Euskal-nobelaren gizarte-kondairaren oinharriak artikuluaren amaieran, garai hartan inor gutxik zuen konfiantza eta baikortasuna erakutsiz. Euskalliteraturaren azterketa kritiko eta akademikoan aitzindari izateaz gain, ikasleengan arrastoa utzi duen irakaslea izan da Lasagabaster, eta badago esaterik arrasto horren bitartez euskal narratibak zeukan etorkizun pozgarri hartan —hots, egun daukan orainaldian—parte hartze garrantzitsua duela. Hala erakutsi zuen herenegun Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean Ibai Iztuetaren Jesus Mari Lasagabasterrekin hizketan liburua (Utriusque Vasconiae) aurkezteko egin zen ekitaldiak, liburu aurkezpen hutsetik harago omenaldi bat izan baitzen bilkura hura; urtebetetze festaz gain, zorionak ere eman baitzizkioten, egun hartantxe 81 urte betetzen zituela eta.
Lasagabasterrek «literatur testua aztertzeko beste metodo bat ekarri zuen, errusiar formalista joerakoa», Paulo Iztueta literatur ikerlari eta Utriusque Vasconiae argitaletxeko editorearen ustez, «eta bere inguruan eskola indartsu bat sortu, irakasle bakan batzuekin baino gertatzen ez den fenomenoa». Haren ikasle ohiek Lasagabasterrekiko erakusten duten gertutasunak bultzatu zuen, hain zuzen ere, Paulo Iztueta haren bizitzaren eta lanen berri emango zuen liburu baten beharra zegoela pentsatzera.
Irun Hiria literatur sarietan egin ohi zuen topo Iztuetak Lasagabasterrekin, biak zirelako eleberri saileko sariketan epaimahaikide. «Haren hitza isila, umila urria, aparrik gabekoa izaten zen beti», adierazi zuen Paulo Iztuetak liburuaren aurkezpeneko ekitaldian. «Solasaldi atseginak gurutzatu genituen, eta ohartu nintzen bazkalostean haren ikasle izandako asko hurreratzen zitzaizkiola agurtzera, begiramendu handia ziotenak. Orduan otu zitzaidan, inork merezitzekotan berak merezi zuela eta, biografia antzeko zerbait egitea». Ibai Iztuetak gauzatu du lan hori, Jesus Mari Lasagabasterrekin hizketan elkarrizketa liburuaren bidez.
«Argi eta garbi daukat Txuma Lasagabasterri zor diodala literaturaren teoria eta kritikarekiko dudan maitasuna», adierazi zuen ondoren Mari Jose Olaziregi irakasle eta kritikariak. «Beragandik ikasi nuen literatur lanak aztertzeak, ezagutzeak, plazera ematen duela, testuekiko erabateko lotura eragiten duela». Lasagabasterrekiko zordun sentitzen da, beraz, Olaziregi. «Urteekin jakin dut formarekiko bere obsesioak literatura ulertzeko modu baten aurrean kokatzen gintuela, gaur moderno adjektiboarekin, edo modernista nahi baduzue, ezagutzen dugun literaturaren aurrean hain justu. Gaur egungo euskal literaturaren teorian eta kritikan gabiltzan askok Txumaren marka daramagu, berak gugan txertatu zuen egiteko modua. Bere ikasle izan diren batzuk aipatzekotan,[Joseba] Gabilondo, [Iñaki] Aldekoa,[Ana] Toledo, [Lourdes] Otaegi, [Karlos] Otegi eta [Mikel] Hernandez Abaitua ditut batik bat gogoan». Horietako batzuk aretoan ziren, liburu aurkezpenera joanak. «Lasagabasterrek euskal kritikaren oinarriak jarri zituen», Olaziregiren ustez.
Idazle gisa ere, zordun
Joxe Austin Arrieta idazleak ere literaturaz dakienaren «ehuneko handi bat» Jesus Mari Lasagabaster irakasle ohiari zor diola uste du, eta haren eragina aitortzen du «hala literatura irakurtzerakoan nola egiterakoan, bietan».
«Ikasle bezala asko zor badizut, idazle bezala lotsagorritzerainoko puntuan zor dizut», esan zion Arrietak Lasagabasterri, liburuaren aurkezpenean. «Nire lehenbiziko bi nobelez egin zenuen azterketak jo eta bertan txikituta utzi ninduen. Pentsatu nuen: 'Nondik ateratzen dio gizon honek hainbesterainoko punta nire testuei, nobela edo nivola totel batzuk besterik ez dira eta?' Ba ez nonbait, zure ustez. Bisturi bakhtinianoa sartu zenien, zorrotz eta tentuz, eta balio batzuk agerrarazi; baita akatsak ere. Mila esker biengatik».
Ekitaldia Jesus Mari Lasagabasterren esker oneko hitzekin amaitu zen, bertan bildutako guztien txaloen artean.
Etorkizunaren esker ona
'Jesus Mari Lasagabasterrekin hizketan' elkarrizketa liburua argitaratu du Utriusque Vasconiae argitaletxeak, Ibai Iztuetak idatziaLiteratur kritikari aitzindariak ikasle ohien aitormena jaso du liburuaren aurkezpenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu