Herritarren kontzientzietan eragiteko asmoz, kontakizun futuristak egiten ditu Liam Young artista australiarrak. Arkitektoa da ofizioz, eta teknologiak egungo gizartean duen eragina eta hirien eraldaketa etengabea aztertzen ditu bere lanetan. Liam Young. Munduak eraikitzea erakusketan, etorkizuneko mundu posible bat irudikatu du. Urtarrilaren 28ra arte bisitatu ahal izango da, doan, Bilboko BBK Salan.
Ibiltaria da erakusketa —aurrez, Madrilen eta Mexikon egon da ikusgai—. Bilborako, baina, beste bi ikus-entzunezko sortu ditu: The Great Endeavor eta The Emissary. Ikerketa «zorrotz» baten ondotik ondu du erakusketa artistak, eta laserrak, droneak eta bestelako teknika digital batzuk erabili ditu filmaketarako.
Ohikoa duen moduan, worldbuilding teknika erabili du: alegiazko mundu bat erakusten duen teknika, hain zuzen ere. Horren erakusgarri da Where the City Can't See ikus-entzunezkoa. Detroit hirian girotuta dago, eta gauez ibiltzen den gazte talde baten istorioa kontatzen du. «Etorkizuneko hiri inguruneak nolakoak izango diren irudikatzea lagungarri izan daiteke eredu berri horien inguruan hausnartzeko», kontatu du artistak. Laser eskanerren teknologiarekin grabatu dute ikus-entzunezko osoa.
Horrez gainera, hirigintzaren hazkundearen inguruko kezka ere bada Youngen lanetako konstanteetako bat. Gai hori landu du Planet City ikus-entzunezkoan. Edward O. Wilson biologoak Half-Earth —Lur erdia, euskaraz— liburuan egindako «proposamen erradikaletik» abiatu da ikus-entzunezkoa osatzeko. Idazlearen arabera, planetaren erdia giza presentziatik libre utzi behar da erreserba natural handi bat ezartzeko. «Parke global hori sortzeko, beharrezkoa izango litzateke egungo populazioa berriro banatzea eta hiriak berriro diseinatzea», adierazi du Youngek. «Megahiri» hori irudikatu du bideoan: «Ikus-entzunezkoak hiri horren egunerokoa erakusten du: makinen lana erritu eta dantzekin nahastuta ageri da».
Kezkak eta gogoetak
In the Robot Skies da drone autonomoekin grabatu den fikziozko lehen filma. «Drone kamera horiek proiektu honetarako garatu ziren bereziki», azaldu du. Etorkizuneko hiri bat ikus daiteke bideoan, eta «hackeatutako drone bat» bi gazte maitemintzeko bitarteko bihurtuko da.
The Great Endeavour lanean, berriz, klima aldaketaren gaia landu du: «Egun, klima aldaketa da begien aurrean ditugun mehatxuen artean handienetako bat, eta gizakiok garaiz erantzuten ez badugu, ondorioak suntsitzaileak izango dira». Artistaren arabera, energia berriztagarrietan oinarritutako teknologiak onuragarriak badira ere, klima larrialdiari aurre egiteko «eztabaida soziala» behar da. «Baikortasunez» osatu du ikus-entzunezkoa: «Ur gainean eraikitako irudimenezko azpiegiturak erakusten dira».
Amaitzeko, The Emissary da erakusketan ikusgai dagoen azken bideo instalazioa. 50 urte igaro dira jada Voyager 1 zundaren urrezko diskoa espaziora bidali zutela. «Gaur egun, erabat desberdinak gara diseinatu zuten munduarekin alderatuta», ondorioztatu du. NASArekin elkarlanean ondu du ikus-entzunezkoa, eta galdera bat hartu du abiapuntu gisa: «Zer mezu bidaliko luke desagertzeko zorian dagoen gizarte batek bere lorpenak eta anbizioak jasota uzteko?».
Bost bideo instalazioen bitartez, gogoeta bultzatu nahi du Youngek: «Teknologiak erabat aldatu ditu gure bizitza, espazioa, mundua... Orain, arrisku asko ditugu aurrean, baina, aldi berean, aukera berriak ere irekitzen zaizkigu gizarte gisa. Espero dut bideoek kontzientziak pizteko balio izatea». Gaineratu du etorkizunari «kolektiboki» aurre egin beharko zaiola indibidualki baino gehiago.