Azaroko arratsalde batean lur hartu du Saleh Omar Indiako Ozeanoan kokaturiko Zanzibartik Ingalaterrako Gatwick aireporturaino doan hegazkinak. Poltsa bakarra darama gainean; barruan gordeta, bere jabetza bakar eta preziatuena dago: kaobazko kutxa bat intsentsuz beterikoa. Objektu xumea dirudi, balio txikikoa. Intsentsuan aditu denak, ordea, berehala atzemango luke kaobazko kutxatxoan gordetako altxorra; ud-al-kamari-a, aloe egurra, intsentsu berezia da, behin bizimodu aberatsa izandako baten lekukotza eta oroitzapen iturri bakarra.
Abdulrazak Gurnahen (Zanzibar, Tanzania, 1948) By the Sea (Itsasaldean, 2001) nobela hasten denerako, ordea, dena galdua du Salehek. Garai batean, altzari denda arrakastatsu baten jabe zen, etxe bat zeukan, baita familia bat ere. Orain, asilo bila dabil garai batean bere jaioterria kolonizatu zuen lurraldean, baina, eskaria tramiterako onartua izango den ala Zanzibarrera deportatuko duten, hori aireportuan bertan elkarrizketatzen duen Kevin Edelman izeneko immigrazio agentearen esku dago. Egoera beretik igarotako hainbati entzunda daki abagune horretan isiltasuna duela babes mekanismo bakarra. Egiak ez dio lagunduko; aitzitik, bere bizia arriskuan jar dezake Ingalaterran Zanzibarko gobernuaren agenteak infiltratuta egon baitaitezke. Ingelesez hitz egiten ez dakienaren itxurak egin, eta errefuxiatu zein asilo bila hitzak errepikatzen ditu etengabe. Berea Zanzibarko poliziak konfiskatu zionez gero, Rajab Shaaban Mahmuden pasaportea eman die. Omarren urruneko senidea da hura, eta jadanik ez dago bizirik.
Saleh bezala, Latif Mahmud, Rajab Shaaban Mahmuden semea, errefuxiatu moduan heldu zen Ingalaterrara. Zanzibarko iraultzaren ostean, 1970eko hamarkadan, Ekialdeko Alemaniara joan zen ikasketen aitzakian; handik, Mendebaldeko Alemaniara ihes egin zuen, eta, asilo eskaera bati esker, Londresen amaitu zuen. Saleheri bezala, atzean utzitako familiari eta herrialdeari buruz oroitzapen gazi-gozoak besterik ez zaizkio geratzen Latifi. Hala ere, arras ezberdina da iraganaren gainean bi gizonek duten interpretazioa. Zanzibarrek independentzia eskuratu aurreko urteetan gurasoen etxea eta jabetzak lapurtu izana leporatzen dio Latifek Saleheri. Salehek 11 urte igaro zituen kartzelan Latifen amak egindako salaketagatik.
Izandakoaren itzala , orain
Iraganaz Salehek eta Latifek dituzten ikuspegi kontrajarriek biktima eta jazartzaile izatearen arteko mugak lausotu egiten dituzte, bien familiak inplikatuta baitzeuden batak besteari egindako kaltean. Hussein izeneko merkatari persiar batek iruzur egin zion Saleheri; behin, altzari dendan azaldu zitzaion, diru eske, eta, gordailu moduan, tratuan inolako esku hartzerik ez zuen Rajab Shaabanen etxea jarri zuen. Merkataria ez zen bueltatu zorra kitatzera, eta, horren ondorioz, Salehek gordailuan utzitako etxea eskatu zuen ordain gisa. Rajab Shaabanen emazte Ashak, ordea, fede txarrez aritu izana leporatu zion, urte batzuk lehenago merezi ez zuen etxea jaso zuelako herentzia gisa Shaabanen izebarengandik—Salehren amaordea—, eta orain haiek desjabetzeko asmoa zuelako. Asharen salaketa serio hartu zuen gobernuak, independentzia ostean politikan zein gizartean zabaldutako esparru pentsamoldearen arabera Saleh «kanpotar» bat baitzen, hots,ez-afrikarra jatorriz.
Independentziaren ostean Zanzibarrek indarrean jarritako arrazaren gaineko politikek Indiako Ozeanoaren bitartez garatutako kultur aniztasunaren eta trukearen mendeetako historia ezabatu zuten. Meg Samuelson irakaslearen arabera, lehengo kolonialismoaren egituren zein kolonialismo berri baten isla ziren politika horiek: lurraldea berregituratzearen ondorioz, merkataritza jardueren musim edo gune izateari utzi zion Zanzibarrek, eta, horrekin batera, bere iragan hibridoarekiko lotura galdu zuen. Gure garaiko V. mendetik indiar merkatariek eta arabiar belaontziek beteriko lekua Errusia, Txina eta Alemaniatik etorritako kargamentuek bete zuten.
Atxilotu eta gero, torturatu, hainbat astez ziega batean bakartuta eduki zuten, eta, ondoren, gobernuak atxiloketa gune moduan erabilitako irla batera eraman zuten Saleh. Hara eramaten zituzten deportatuak izateko bidean ziren jatorri omandarreko familiak. Omanekin lotura izatea; horra leporatzen zieten krimena. Saleheri zentzugabea iruditu zitzaion arrazaren araberako bereizketa. Omanen jaiotako arbaso bat edukita ere preso harturiko familia horiek guztiak ez zitzaizkion bera baino omandarrago iruditzen: «Itxura aldetik, ez ziren gugandik ezberdinak». Bere eta Latifen kasuan bezala, kasu honetan ere biktima eta jazartzaile rolak ez dira bakar batenak. Afrikarrak omandarren esklabo izan ziren hainbat mendez; orain, haien jazarle bihurtu dira.
Jaioterritik milaka kilometrora, kostaldeko apartamentu txiki eta bakartu batean, Europan atzerritarrez duten ikuspegia Zanzibarren nagusitu denaren oso bestelakoa ez dela pentsatzen du. Kolonialismoaren gune izandakora daramaten ateak sarrera gune beharrean, hesi dira kanpotarrarentzat, eta errefuxiatu zelai deitzen diete berez atxiloketa gune baino ez diren horiei. Bere eta Latifen arteko enkontru zailaren ostean, erantzukizunaz gogoeta egiten du, norbanakoak ingurukoekiko duen horretaz ez ezik, historikoa ere badenaz.
Literatura
Etorkizun historikoaz
Abdulrazak Gurnahren 'Itsasaldean' eleberriak Salehen eta Latifen iragana eta oraina gurutzatzen ditu. Zanzibartik Ingalaterrara migratzera behartutako bi kideren istorioa kontatzen du nobelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu