Etenik gabeko berrikuntza

Zukan hirukoteak 'Soinuzko begiradak' lehen diskoa kaleratu du. Musika garaikidea eginez, Espainiako Musikari Gazteen saria jaso dute

Catediano perkusionista, Zubimendi akordeoi jotzailea eta Ansorena txistularia dira Zukan hirukotea. GALDER IZAGIRRE.
Andoni Imaz
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ezohiko konbinazio batetik sortu zen Zukan hirukotea: txistua, akordeoia eta perkusioa. Jon Ansorena, Maria Zubimendi eta Gorka Catediano dira musikariak, hurrenez hurren. Donostiako Musikene goi mailako musika ikastegian egin zuten topo: Ansorenak eta Catedianok elkarrekin jotzen zuten, eta Zubimendi taldera elkartu zen gero. Hirukotean hasi orduko, arazo batekin egin zuten topo: ez zegoen errepertoriorik haien formaziorako.

«Hiruron artean duoak sortuta hasi ginen, eta orduan zegoen trio pieza bakarra jotzen», kontatu du Zubimendik. Lehenengo esperientziarekin «oso gustura» sentitu ziren, eta ikusi zuten elkarrekin jotzen jarraitzeko gogoa zutela. Orduan hasi zen Zukanen errepertorioa osatzeko abentura: zenbait konpositoreri eskatu zieten kantuak sor zitzatela haien hirukoterako.

Lan prozesua luzea izan da Zubimendirentzat: «Konpositore batek denbora asko behar du obrak idazteko, eta guk aldaketak egin nahi izaten ditugu gero». Hamalau pieza dituzte egun, eta beste batzuk bidean daude. Soinuzko begiradak lehen diskoan, ordea, sei sartu dituzte: hirukotearentzat propio idatzitako lau, eta duorako idatzitako bi.

Jagoba Astiazaranen Hamaika ilargi, Francisco Dominguezen Seis miradas sobre..., Isabel Urrutiaren Etorkiz eta Izatez eta Mikel Chamizoren Lantz dira taldearen enkarguz sortutako lanak. Beste biak, Gabriel Erkorekaren Haize-orratz (2007) eta Magnus Lindbergen Metal Work (1984). «Zukan hasi zenetik, bikote alderdi hori ere izan dugu, eta erabaki genuen diskoan sartzea, kontzertuetan gustatzen zaigulako trio eta duo konposizioak konbinatzea», dio Zubimendik.

Gainera, Erkorekarena eta Lindbergena «lan gorenak» dira haientzat, txistu-akordeoi eta akordeoi-perkusio errepertorioetarako, hurrenez hurren. Erkorekarekin berarekin lan egiteko aukera izan dute, eta Lindbergekin ere izan dute harremana.

Baldintzarik gabe

Taldekide bakoitzak badu bere musika tresna, baina gustatzen zaie «esperimentatzea»: hirurek perkusioa jotzen duten pieza bat daukate, eta keinuak eta elektronika ere erabiltzen dituzte.

«Zukan hasi zenean, ez zegoen ezer, eta guk ere ez genuen nahi itxi estilo jakin batera». Musika garaikidean espezializatuta daude, baina enkarguak egiten dituztenean ez diete inolako baldintzarik jartzen konpositoreei. «Gure instrumentuek askotariko konbinazioak dituzte, konpositore bakoitzak hartu nahi duen norabidearen arabera. Horrek ez dauka bukaerarik, edo oraindik ez dugu aurkitu, behintzat».

Duela aste batzuk, Espainiako Juventudes Musicales saria jaso zuen Zukanek, ganberako talderik onenarena. «Orain arte landu diren estetikak guk egiten duguna baino konbentzionalagoak dira. Nik uste dut proiektu ezberdina, pixka bat esperimentala, garaikidea eta freskoa ikusi dutela, eta asko gustatu zaie». Sariari esker, lau bira egingo dituzte datozen bi urteetan.

Abuztuaren 1ean, Zumaiako (Gipuzkoa) Aitzuri frontoian joko dute, eta azaroaren 2an eta 3an, Bernaola jaialdian ariko dira, Gasteizen eta Araian (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.