Badira milaka liburu munduan. Badira hainbat garai eta jatorritakoak, eta baita askotariko hizkuntza edo tamainatakoak ere. Badira istorioak nahiz pertsonaia miresgarrien abenturak kontatzen dituztenak. Badira antzinako gertakarien berri ematen dutenak, eta badira etorkizuna asmatzera ausartzen direnak ere. Badira milaka liburu munduan, baina gutxi dira, ordea, klasiko izatera iristen direnak. Herri baten kulturan aztarna sakonak uzten dituzte klasikoek. Horietako bat da Txomin Agirreren Kresala, eta horregatik aukeratu dute aurtengo Klasikoen Irakurketa Jarraituan. 400 lagun baino gehiagok etenik gabe irakurriko dute liburua etzi, Bilboko Arriaga antzokian, goizean hasi eta iluntzera bitarte.
Antolatzaileen iritziz, zaila dazehaztea zerk bihurtzen duen zehazki liburu bat klasiko. «Klasiko hitza bera erraz manipulatzeko modukoa da. Lehen, erraza zen esatea, baina orain abiadura handiagoa da, eta liburuak askoz azkarrago bihurtzen dira klasiko», ondorioztatu du Pedro Alberdik, Bilbo Zaharra Forumeko kide eta egitasmoaren bultzatzaile nagusietako bat denak. «Adibidez, Obabakoak liburua 25 urte bete zituenean irakurri genuen; egun, 25 urte baino ez dituen liburu bat klasikoa izan daiteke jada». Horregatik, klasikoen kontzeptua modu zabalean ulertzen dute; garai batean idatzitako lanak aukeratu izan dituzte, baina ez diete uko egiten orain urte gutxi idatzitakoei edo lan garaikideagoei.
Edonola ere, Alberdiren ustez, Kresala ziur agertuko da klasikoen zerrenda batean: «Beti egon da hor». Txomin Agirre idazle eta apaizak (Ondarroa, Bizkaia, 1864- Zumaia, Gipuzkoa, 1920) eleberri kostunbrista bat ondu zuen, eta zatika argitaratu zuen 1901 eta 1904 artean. Bizkaieraz idatzita dago, eta itsasbazterreko herrien bizimodua eta herritarren pentsamenduak eta ohiturak biltzen ditu, arrantzaleen bizimodua eredugarritzat aurkeztuz.
Etzi egingo dute irakurraldia. Goizeko zortzietan hasiko dute, eta hamabi ordu geroago amaituko, arratsaldeko zortzietan. Guztira, 400 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte: Kirmen Uribe idazleak irakurriko ditu liburuaren lehenengo lerroak, eta, ondoren, euskal gizarteko arlo guztietako kideek irakurriko dituzte Kresala-ren pasarteak jendaurrean. Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak eta beste izango dira.
Gainera, pantaila bat jarriko dute Arriaga kanpoaldean, irakurraldiari jarraitu ahal izateko; Azkuna Zentroan beste bat egongo da, handik ere zuzenean ikusteko.
Hitzaldiak gaur eta bihar
Bilbo Zaharra Forumak orain dela 11 urte ekin zion Klasikoen Irakurketa Jarraitua antolatzeari. 11 urte, 11 liburu. Espainia osoan Kixote irakurtzen den bezala, lehen aldi hartan euskaltegiko kideei Axularren Gero, euskal literaturaren mugarri nagusietako bat irakurtzea otu zitzaien. Etenik gabeko irakurraldia antolatu zuten Bilboko Arriaga antzokian, eta, geroztik, beste hainbat klasiko irakurri dituzte. Mota eta garai askotakoak. Historian zehar mugarri izan diren liburuei merezi duten garrantzia emateko antolatzen dute ekitaldia. «Urtetik urtera, gauza diferenteak egiten saiatzen gara», azaldu du Alberdik. «Iaz, Itxaro Borda egin genuen, Nafarroa Behereko hizkuntza eta hiztegi berezia darabilen gaur egungo idazlea. Aurten, berriz, urruntzen saiatu gara».
Hitzaldiak ere antolatu dituzte, Kresala-k euskal gizarteari eginiko ekarpenaz eta egun duen garrantziaz gogoeta egiteko. Lehenak otsailean egin zituzten, eta asteon izango da bigarren sorta, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan, 19:00etan: Koldo Izagirre eta Harkaitz Cano mintzatuko dira gaur, eta Kirmen Uribe, bihar. Alberdik gogoratu du hitzaldi guztiak liburu batean kaleratu ohi dituztela gero: «Momentuan disfrutatzeko badira ere, batzuetan oso mamitsuak dira; eskertzen da liburuan irakurtzea».
Etenik gabe klasikoak irakurtzen
Txomin Agirreren 'Kresala' liburua irakurriko dute etzi Bilbon, goizetik iluntzera bitarte, Klasikoen Irakurketa Jarraituaren 11. aldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu