ETENIK EZ DUEN HITZ ZERRENDA

Literaturazale ugari elkartu da Zarautzen, beste urte batez, Literaturia jaialdian. Liburu azokan eta lanen aurkezpenetan joan-etorrian ibili da jendea goizean. Lanarteak antolatutako mahai inguruan, hizpide izan dituzte sortzaileen jardunean eta baldintzetan belaunaldiz belaunaldi iraun duten kezkak eta ezinak.

Zarauzko Lege Zaharren plazan jarri dute Literaturiako liburu azoka, eta karpa berean hartu dute aterpe liburuen aurkezpenek ere. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Zarautz
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Eten kontzeptua hartu du Literaturiak gai nagusitzat. Hala ere, eta aurtengo leloari kontra eginez bezala, etengabe hara eta hona ibili dira literaturazaleak goiz osoan Zarautzen (Gipuzkoa). Zain zituzten jaialdiak prestatutako askotariko ekitaldiak, eta ugari izan dira urteroko zitari huts egin ez diotenak. Haurrak izan dira goiztiarrenak, dozenaka ume elkartu baitira Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua entzutera. Handik gutxira ireki ditu ateak liburu azokak, eta segituan hasi da jendea Lege Zaharren plazako karpara sartzen. Liburuz betetako mahaiak, irakurleak, idazleak eta argitaletxeetako kideak, aterpe berean. Eguerdian egin dute irekiera ekitaldia, non Iruñeko Karrikiri elkarteari aitortza egin dioten. Eta 14:00ak arte, etengabe ibili da jendea joan-etorrian.

Ikusi gehiago:'Mare' olerki bildumaren errezital musikatua hartuko du gaur jaialdiak

Ordu erdi darama karpak irekita, eta dagoen giroarekin gustura dago Uxue Razkin Erein argitaletxeko editorea. «Literaturazaleok elkartzeko tokia da hau, eta beti da pozgarria hainbeste jende euskarazko liburuengatik etortzen dela ikustea». Nobedadeek piztu dute, batez ere, irakurleen arreta. «Espero genuen. Adibidez, Irati atera dugu, eta, filmak oihartzun handia izan duenez, eta oinarria komiki hau denez, oso ongi ari da saltzen». Nerea Baldaren Azpimarrak eta Pako Aristiren Irunberri, 1990: Arroilaren negarra ere aipatu ditu berritasunen artean; eta haur eta gazte literaturan, Anna Kopek (Haritz Larrageta-Marko), 7G udalekuak (Nerea Loiola) eta Xola (Bernardo Atxaga-Mikel Valverde).

Bitartean, liburu aurkezpenek ez dute etenik Ahotsenean.

Eten ez den soka luzea

Eguerdian, kaleko giro argitsutik Modelo aretoko iluntasunera egin dute hainbatek. Erreteneko kronikak saioa aurkeztu du Amagoia Gurrutxaga kazetari eta Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzaileak, eta segidan itzali dituzte argiak, Loreak belaunetan dokumentalaren emanaldirako. Euskal Herrian eta euskaraz sortzen duten 28 urtetik beherako zazpi gaztek beren bizipenak kontatu dituzte Lanarteak ekoitzitako lan horretan —Amets Aranguren musikaria, Dom Campistron marrazkilaria, Ekain Ibarguren zirku artista, Iker Maguregi zinemagilea, Kattalin Barcena musikaria, Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazlea, eta Oihana Arana bertsolari eta idazlea—.

Adi-adi entzun ditu publikoak haien hitzak, eta sarri errepikatu dira batzuk denen ahotan: bizitza duina, sorkuntza, lana, lanbidea, ametsak, euskara, herria, autonomoak, dirua, fakturak, epigrafeak, prekaritatea, ezegonkortasuna, kapitalismoa... Eta zerrenda bereko hitz asko berriz entzun dira ondoren Koldo Izagirre idazlearen, Eneritz Artetxe antzerkilariaren eta Ainara Azpiazu Axpi irudigilearen ahotik, mahai inguru mamitsuan. Belaunaldi ezberdinetako sortzaileak izan arren, etenik izan ez duen egoera baten isla baitira hitzok haientzat.

Nork bere eskarmentutik azaldu dituzte beren gogoetak, gazteenekiko bat egiteak eta aldeak erakutsiz. Izagirreren hitzetan, lehen herrietako elkarteek antolatzen zituzten emanaldiak, udalera jo, dirua eskatu eta musikariei deituta. «Behetik gorakoa zen bidea, orain, goitik beherakoa da». Lanaren kontzeptu zurruna kritikatu du Artetxek, «artea ez delako ekoizpena bakarrik», baina eredu hori sustatzen baitu sistemak. Eta instituzioen ardura gogorarazi du Azpiazuk, haiek ezarritako «egitura handietan itotzen» baitira sortzaileak, haren hitzetan.

Etena aldarri

Azokan, berriz, pozik Gotzon Barandiaran, Ahotseneako aurkezpenetan sortutako gogoetekin. «Gutxienez hiru egile berriren lanak aurkeztu ditugu, eta hori oso pozgarria da». Xan Idiarten Nostalgia ez da salgai (Maiatz), Libe Goitiaren Fast Fatum (Susa) eta Aritz Pardinaren Ibai ahoak (Balea Zuria) aipatu ditu, eta azaldu du hirurek bat egin dutela ideia batean: «Hirurak ere orain dagoen bizitzeko eta kultura kontsumitzeko eraren erabat aurkakoak dira; hirurek eskatu dute pausa, denbora, irakurtzeko, irakurtzen dugunaz gogoeta egiteko...». Etena, pausa aldarri bihurtu dute nolabait. Itziar Morenoren Josi eta josi ere (Txalaparta) goizean aurkeztu dute; arratsean, beste sei libururi lekua egin die Ahotseneak.

Eta pozik Lander Majuelo Igela argitaletxeko editorea ere. «Oso azokazalea naiz», aitortu du, irakurle eta editoreekin egoteko une bakanak izaten baitira. Ateak ixtear direla, azaldu du jende «dezente» ibili dela, «eta interesarekin». Lan berriez galdetu diote gehienbat, eta, bereziki, «literaturaren ertzetan» dauden testuekin abiatu duten bilduma berriaz.

Gaur amaituko da jaialdia, baina, 14:00ak arte, egitarauak ez du etenik izango. Mare, ilargiari poemak poesia errezital musikatua egingo dute lehenik Modelon, eta, ondoren, Itziar Ugarte, Uxue Apaolaza eta Ines Osinaga elkartuko ditu Bihurguneak eta bideak elkarrizketan saioak. Liburu aurkezpenak 14:00etan amaituko dira, eta hurrengo urtera arte itxiko ditu ateak Literaturiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.