Susana Talayero. Artista

«Etengabeko prozesu baten emaitza da gure lana»

Nahiz eta ziurgabetasuna ofizioaren parte izan artearen arloan, funtsezkoa da egiten den horretan tematzea, Susana Talayero artistaren ustez. Gure Artea saria jasoko du bihar, ia 40 urteko ibilbide artistikoagatik.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ia berrogei urte daramatza arte munduan Susana Talayero artistak (Bilbo, 1961). Arte Ederrak ikasi eta berehala, Erromara alde egin zuen, eta han bizitako hamar urteek eragina izan dute haren jardun artistikoan. Orduz geroztik, Bilbon bizi da. Denborak esperientzia, jakintza eta ikuspegi irekia eman dizkio, baina ez dio itzali bide berriak topatzeko gogoa: abenduan erakusketa bat zabalduko du Bilboko Carreras Mugica galerian.

Bihar emango dizute Gure Artea saria. Zer esanahi dauka horrek zuretzat?

Ia berrogei urteko ibilbide artistikoa jendaurrean aitortzeko modu bat da; nire lanari egindako errekonozimendu moduko bat.

Zertan lagundu zaitzake, zure ustez?

Sari bat jasotzea beti da gauza bitxia. Bultzada bat da, zalantzarik gabe, baina proiektua martxan dago lehenagotik, saria jaso ala ez. Eskertzekoa da, eta oso ondo dator, baina ez du baldintzatzen zure jarduna.

Epaimahaikideek nabarmendu zuten «dedikazioaren eta iraunkortasunaren sinonimoa» zarela. Hala iruditzen zaizu zuri ere?

Nire ustez, ibilbide guztietan egon behar dute presente bi kontzeptu horiek, ez nirean bakarrik. Artean ohituta gaude ezezaguna den horrekin lan egitera, ez dago ezer finkorik, eta ziurgabetasuna da nagusi. Egoera horretan, aurrera egitea da gure helburua: eragozpen guztien gainetik, egiten dugun horretan sinesten dugu, tematu egiten gara, eta behin eta berriro saiatzen gara nonbaitera heldu arte.

Loreak, aurpegiak, animaliak… dira zure lanetan igartzen diren konstanteetako batzuk. Zer hartzen duzu inspirazio iturri gisa?

Inspirazio hitza ez zait askorik gustatzen, badu ametsezko zerbait, mitikoa dena. Artean, lana zure baitatik dator. Hau da, artista ez da joan-etorrian dabilen norbait, noizean behin ateraldiak sortzen zaizkiona. Konplexuagoa da: etengabeko prozesu baten emaitza da gure lana. Aipatu dituzun konstante horiek dira figuratiboki identifikagarriak diren elementuetako batzuk, baina, berez, lurrazpiko iruditeria moduko bat sortzen saiatzen naiz. Hau da, lurpean dagoen zerbait irudikatzen dut, lehen begiratuan hautematen ez dena, ezkutuan dagoena baina egon badagoena.

Hainbat diziplina probatu badituzu ere, margolaritzat daukazu zeure burua.

Hori da. Margolaria naiz, baina, zeharka, bestelako diziplina batzuk ere jorratzen ditut. Marrazkia eta bideoa, esate baterako. Hala ere, pintura da beti nire lanaren abiapuntua.

Zure ustez, artista gisa duzun lekua aldatu egin da hasi zinenetik gaur egun arte?

Ez pentsa. Esperientzia handiagoa dudala igartzen dut, baina hasieran bezala sentitzen naiz sarritan: etengabe hutsetik hasten. Amaitu gabeko elkarrizketa baten modukoa da gure lana, helmugarik gabekoa. Urteek aurrera egin dute, baina oso fresko nago; oso gustuko dut egiten dudana.

Arte Ederretan lizentziatu eta segidan, Erromara joan zinen. Zergatik? Nolatan Erroma?

Ustekabeko erabaki bat izan zen. Taldean joan nintzen, lagunekin, eta, hasieran, epe laburrerako zerbait izan zen, ez genuelako han bizitzeko bitarteko eta baliabide ekonomiko nahikorik. Nigatik izan balitz, Berlinera joango nintzatekeen, hiri aktiboagoa edo biziagoa zelako, baina, azkenean, Erroma aukeratu genuen. Era berean, Bilbotik alde egiteko beharra ere sentitzen nuen. Ikasketak bukatu ostean, ez nuen nire lekua aurkitzen hirian, eta ihes egiteko gogoa neukan.

Gerora, hamar urtez bizi izan zinen Erroman, eta urte horiek eragina izan dute zure jardun artistikoan ere. Bide bat markatu zizun horrek guztiak?

Zalantzarik gabe. Testuinguru lokal batean bizi nintzen, eta hango giroan eraiki nuen bizimodua. Oso hiri kosmopolita zen, eta autogestionatutako iniziatiba asko egiten zituzten. Aniztasun handia zegoen, baita zure lana erakusteko bide ugari ere. Oso esperientzia aberasgarria izan zen niretzat, artista hasiberri moduan.

Nolakoa izan zen Bilbora itzultzea?

Gogorra. Asko kostatu zitzaidan: ez nuen nire lekua aurkitzen, eta arrotz sentitzen nintzen. Pentsa, Erromara itzultzea ere izan nuen buruan. Pixkanaka-pixkanaka, hirian kokatzen hasi nintzen, eta, orain, poz-pozik nago. Asko gustatzen zait hiriaren formatua, eta, artisten aldetik ere, testuinguru aberasgarri eta interesgarria dagoela iruditzen zait.

Eta baduzu harremanik Erromarekin?

Bai, noski. Harreman iraunkorra daukat Erromarekin, ez dut inoiz ere eten erlazio hori. Bueno, hiriarekin baino gehiago, hango jendearekin dut harremana. Niretzat oso garrantzitsua izan da lotura hori ez haustea, eta, gaur egun ere, sarritan joaten naiz hara, bai nire lanak erakustera bai hango lagun artistekin kolaboratzera.

Oro har, nolakoak dira zure lan egunak?

Nahiko diziplinatua naiz. Estudioan egiten dut lan, eta era ordenatuan antolatzen naiz: ordutegi finkoa daukat, eta horretara mugatzen naiz. Ez dut inprobisaziorako tarterik hartzen.

Erakundeek nahikoa babesten dituzte artistak?

Euskal Herrian badaude laguntzak, eta hori eskertzekoa da. Hala ere, orokorrean, oso zaila da artearen munduan bizirik irautea, laguntza horiek ez baitituzu beti jasotzen. Etengabeko babes ekonomiko minimo bat jasotzea izango litzateke desiragarriena, baina ez da hala gertatzen.

Eta artistok zuen artean baduzue harremanik? Baduzue nolabaiteko sarerik?

Bai, nork bere kabuz lan egiten dugu, baina badugu harremana elkarren artean. Ez dugu elkarte bat osatzen, baina badago nolabaiteko testuinguru bat eta babes harreman bat.

Nola ikusten dituzu artisten belaunaldi berriak?

Nik primeran ikusten ditut. Uste dut interesgarria dela ikuspegi berriak trukatzea eta denok leku beretan mugitzea. Azken finean, artista guztiok antzera funtzionatzen dugu: ezezaguna den hori ikertzen aritzen gara. Alde horretatik, oso baikorra naiz: uste dut oso aberasgarria dela artista gazteek orain arte egindakoa, baita etorriko dena ere.

Adinean gora zoazela ikustea muga bat da zuretzat?

Inondik inora ere ez. Nire garaian, ez geneukan emakumezko erreferenterik, ez genituen ezagutzen, baina, orain, makina bat gara. eta horrek indarrez betetzen gaitu.

Asebeteta zaude egindako ibilbidearekin?

Gauza batzuk aldatu egingo nituzke, edo hobetu, baina, oro har, oso pozik nago lortu dudan guztiarekin. Ibilbide guztietan izaten dira aurkikuntzak eta galerak, ez? Seguru asko gauza ugari utziko nituen bidean, baina uste dut merezi izan duela lortutako guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.