Etendako katea, berriro lotua

Gaur hasiko da Kutxa Kultur jaialdia, The Jesus and Mary Chain eta The Hives taldeak kartelburu dituela. Aurreneko aldiz, Donostiako Hipodromoan egingo da jaialdia bi egunez

The Jesus and Mary Chain. William eta Jim Reid. BERRIA.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ia hogei urte igaro dira Jim eta William Reid anaiak —haiek hala esan zutenez— elkar hiltzen saiatu zirenetik. Haserrealdi luze baten hasiera islatzeko modu grafikoa izateko elementu guztiak ditu irudiak, baina egia da 1998an Los Angelesen emandako kontzertu negargarri baten ostean The Jesus and Mary Chaineko abeslariak eta gitarristak bizkarra eman ziotela elkarri, eta bakoitzak bere bidea hartu zuela harrezkeroztik. Orain dela hamar bat urte, ordea, anaiak berriro hasi ziren gerturatzen, eta, Coachellako jaialdian (Kalifornia, AEB) jotzeko elkartu eta berriro kontzertuak ematen hasi zirenetik, kantu gutxi batzuk eginez joan dira. Zaleen egarria neurri batean asetzeko tantak.Aurten Damage and Joy taldearen zazpigarren diskoa argitaratu eta berriro galdua zuten protagonismoa berreskuratu duten arte. The Jesus and Mary Chain izango da aurten Donostiako Hipodromoko gune berrian abiatuko den Kutxa Kultur jaialdiko talde nagusietako bat.

Damage and Joy taldearen bigarren garai baten hasiera izango den ala ez, hori denborak esango du, baina ez da, inondik ere, ohiko disko baten eran prestatua izan. Izan ere, kantuetako batzuen jatorriari erreparatuz gero, puzzle baten itxura ere hartzen du Reidtarren azken lanak.Song for a secret, esaterako, bere bakarkako lehen diskoan argitaratu zuen Jim Reidek, 2005ean, eta The Two of Us eta Can't Stop the Rock, berriz, Sister Vanillaren single batean azaldu ziren, urte berean. Linda Reid arrebaren proiektua zen Sister Vanilla. Azkenik, All Things Must Pass ere ezaguna zen aspalditik, Heroes telesailerako grabatu baitzuten Reid anaiek, 2008an.

Azkeneko hilabeteetan, baina, berriro jarri dira kantuak idazten Jim eta William, William eta Jim. Hori bai: bien artean bitartekari lana egingo zuen ekoizle batekin. William Reid: «Orain dela urte pare bat pentsatu genuen: 'Hau ez da aurrera aterako guk geuk ez badugu aurrera egiten'. Eta, horretarako, bitartekari bat behar genuen». Eta hor azaltzen da Youth, Killing Joke taldeko baxu jotzailea izan zena, Jim Reiden arabera, «hippy-punk» izaera duena: «Ekoizle/bakegile edo ekoizle/Kofi Annan bat».Eta hala ere, anaiek aitortzen dute bata bestearen beharra dutela. William: «Hamarkadak daramatzat estudioan grabatzen, maketak prestatzen, eta ohartzen naiz Jimen beharra dudala. Haren ekarpena behar dut, haren ahotsa. Egin ditzakegu diskoak bestearen parte hartzea gabe, baina elkartzen garenean zerbait berezia gertatzen da».

Disko batek markatua

Zazpi disko kaleratuak izan arren, The Jesus and Mary Chainen ibilbidea beti egongo da lotua aurrenekoari, 1985ean argitaratutako Psychocandy aitzindari hari. Ez taldearen bidea markatu zuelako, baizik eta 80ko hamarkadaren erdialdean inor gutxi ausartzen zelako pop kantuak distortsio horma baten azpian ezkutatzen. Reidtarrek badakite hori, eta, azkenaldian, hura izan dute zuzeneko emanaldietako ardatza. Orain, ordea, disko berria besapean izanda, beren ibilbide osoari erreparatu beharko diote, eta, Donostiara iritsi baino lehen eman dituzten kontzertuak kontuan izanda, ez dira faltako Darklands ederreko piezak (April Skies, Nine Million Rainy Days), Automatic rockzalekoak (Head On, Between Planets, Halfway to Crazy), ez Honey's Dead (Far Gone and Out) eta ez Munki-koak (I Hate Rock and Roll); ezta, nola ez, azkeneko diskoko aleak ere.

Espazio berria

Kutxa Kultur jaialdian, nolanahi ere, izango da The Jesus and Mary Chainekin baino gehiagorekin gozatzeko aukera ere. Aurten, gainera, berrikuntzekin iritsi da festibala, Igeldoko jolas parketik hipodromora jauzi eginda. Antolatzaileen arabera, ezinezkoa zen azken urteetako guneari eustea, espazio arazoak izateaz gain, agertokiak muntatzea eta desmuntatzea bera ere oso deseroso bilakatu zelako. Orain espazio askoz handiagoa izango dute, eta dagoeneko hitzartuta dago bost urtez hipodromoan egingo dela jaialdia.

Musika eskaintzari dagokionez, aipatzeko modukoa da euskal taldeek izango duten presentzia handia, halako jaialdietan ez baita izaten oso ohikoa. Alde batetik, Kutxa Kultur Musika egonaldien programan aukeratutako sei artistek joko dute (Iñigo Serrulla, Grande Days, Sara Mansilla, Oso Fan, Reuben RG eta Madeleine), baina, horiez gain, Zea Mays, Buffalo, Vulk, Kokoshca, Luma, Kokein eta Amateur izango dira jaialdian, besteak beste.Azken hori La Buena Vidako Mikel Agirreren eta Cheli Lanzagortaren proiektu berria da, eta estreinako diskoa aurkeztuko du zuzenean.

Gainerakoan, molde ugaritako proposamenak egingo ditu Kutxa Kultur jaialdiak gaur eta bihar. Lehenengo egunean, Love of Lesbian talde kataluniarra nabarmenduko da, zalantzarik gabe. Agertoki nagusian joko du, The Jesus and Mary Chainen aurretik hain zuzen ere,Santi Balmesen taldeak azkeneko urteetan lortu duen ospearen eta oihartzunaren lekuko. Eta gaur izango dira jaialdian Francois & The Atlas Mountain eta Depedro ere. Aurrenekoak, indie, folk eta afrikar erritmoak uztartzen dituen proposamen batekin, eta bigarrena, AEBetako eta Mexikoko mugako ahaireak dakarren musikarekin.

Gaur The Jesus and Mary Chaini bezala, bihar The Hives talde suediarrari egokituko zaio kartelburu izatea Kutxa Kultur jaialdian. Ez da harritzekoa, bost diskorekin talde entzutetsua bihurtu baita, eta bere garage-rock itsaskorra tribu horretatik kanpoko eremuetara ere zabaltzen jakin baitu. 1997an kaleratu zuen aurreneko diskoa (Barely Legal), baina Veni Vidi Vicious (2000) bigarrenak —eta batik bat Hate to Say I Told You So kantuak— ekarri zion taldeari arrakasta. Nolanahi ere, bost urte daramatzate suediarrek disko berririk gabe.

Bihar izango diren taldeen artean, The Divine Comedy ere nabarmendu liteke. Pop britainiar dotoreenaren ordezkari da Neil Hannon, eta zuzenean badaki showman bihurtzen ere, orain dela urte batzuk Donostiako Jazzaldian erakutsi zuen bezala. Orain talde osoarekin dator Donostiara. AEBetako The Drums taldea kantu batekin egin zen ezagun, 2010ean, Let's Go Surfing itsaskorrarekin, eta, orduz geroztik, bere bidea bilatu nahian dabil indie-poparen ur zabaletan. Azkeneko ahalegina Abysmal Thoughts deitzen da, eta aurten bertan kaleratu dute.

Ezberdina izateko helburuz sortu zen Kutxa Kultur jaialdia, eta horri eutsiko dio aurten ere. Hala, aurten, Hidden Stage agertokian —ezkutuan egongo den gune bat— 40 lagunek osatutako taldeentzako kontzertuak emango dituzte Lukiek, Tijuana Bibles, Kokein, Cro!, Luma eta Smoke Idols taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.