Etendako hamahiru ibilbide

1936ko gerraren aurretik Donostiako Udalaren bekak jaso zituzten sortzaileen artelanak ikusgai jarri dituzte San Telmo museoan, '12+1. Arte Ederretako udal bekak (1893-1936)' erakusketan

Erakusketan bildutako egileetatik, bakarra da emakumea: Inocencia Arangoa. Irudian, Mikel Lertxundi komisarioa, Arangoaren margolan baten alboan. J. C. RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Sortzaileei laguntzeko beka programa bat izan zuen martxan Donostiako Udalak. Haren bitartez, beren trebakuntzan sakontzeko laguntza jaso zuten hainbat gazte donostiarrek. Ibilbide luzea izan zuen proiektuaren lehen etapak, XIX. mende amaieratik XX.aren lehen erdira artekoak, 1936ko gerrak eten zuen arte. Aldi hartan lagundutako hamahiru artistetatik gehienek, ordea, ez zuten ibilbide oso bat garatu ahal izan, baina haien izenak eta sorkariak berreskuratu nahi izan ditu orain Donostiako San Telmo museoak. Mikel Lertxundi Galianak eginiko ikerketa sakonaren ondorio da 12+1. Arte Ederretako udal bekak (1893-1936) erakusketa. Artista horien 39 obra jarri dituzte ikusgai, garai hartako arte joeren eta gizartearen beraren isla direnak. Heldu den urteko otsailaren 4ra arte egongo da zabalik erakusketa.

Lau hamarkadatan beka sistema haren bidez lagundutako hamahiru artistetatik hamabi gizonak izan ziren, eta bakarra emakumea; horregatik izenburuko 12+1 hori. Inocencia Arangoa izan zen andre hura, eta haren margolan batez gain, Francisco Lopez Alen, Benito Martinez Sierra, Jose Agirre, Angel Cabanas Oteiza, Jenaro Etxeberribar, Jose Arangoa, Venancio Aiertza, Edmundo Paillole, Jesus Martinez Utrilla, Jose Bengoetxea eta Luis Alvarezen lanak daude ikusgai. Ignacio Zabalak ere beka sistema hartan parte hartu zuela baieztatu du Lertxundik, baina haren lanik ez dute aurkitu —bekari lotutako dokumentazioa jarri dute ikusgai haren kasuan—.

Izan ere, Lertxundik azaldu du ez dela erraza izan obrak topatzea. Beka kontratuaren bidez, udalaren esku geratu ziren hainbat artelan, eta San Telmoren funtsetan egindako azterketaren harira atera ditu Lertxundik argitara. Beste zortzi lan, berriz, beste bildumagile batzuen bidez lortu dituzte erakusketarako, artisten familien bidez gehienetan. Denei eskerrak eman dizkie ikertzaileak, Luis Alvarezen sendiari aipamen berezia eginda, haren margolan bat museoari dohaintzan emateagatik. Egile bakoitzak beka jaso zuen urtearen arabera antolatu ditu komisarioak ikusgai dauden lanak; beka garaian sortutakoak dira batzuk, baina epe horretakorik aurkitu ez den kasuetan, urte batzuk lehenagokoekin edo geroago ondutakoekin bete ditu hutsuneak.

Lanok eta haien egileak argitara ateratzea, bere horretan, «ospatzeko modukoa» dela uste du Lertxundik, baina, aldi berean, proiektuak «halako ezinegon bat» ere sorrarazi diola aitortu du. «Izan ere, arrazoi ezberdinak zirela medio ibilbide bat garatu ez zuten artisten talde batez ari gara». Laburrean, azaldu zuenez, trebatzen ari ziren haietariko bi gazterik hil ziren; beste batek, gaixotu, eta ikasketak utzi behar izan zituen; Inocencia Arangoari, emakume izateagatik jarri zizkioten oztopoek eragotzi zioten bere sormen bidea garatzea; eta beste hainbatek ez zuten behar adinako trebetasunik edo anbiziorik agertu. Edonola ere, gerrak eta gerraosteak erabat eten zituen gehienen bideak. Nabarmena da hori 1920 eta 30eko urteetan bekadun izandakoen kasuan. «Batzuk eskolak hartzen ari zirela harrapatu zituen, edo ikasitakoak garatzeari ekin berritan, bide baten hastapenetan. Gerrak eten zituen haien ibilbideak, kasu batzuetan etorkizun handikoak ziruditenak».

Etenak eten, Gipuzkoan garai hartan lantzen ari zen artea ezagutzeko balio dute haien lanek.

Modernotasun epela

Erakustaretoa hiru eremutan banatuta dago, eta bekadunen ordena kronologikoan apailatu ditu komisarioak haien lanak, pinturak ia denak. Hala, Francisco Lopez Alenen obratik hasiko du ibilbidea bisitariak. Euskaraz idazteagatik ezagunagoa izan bazen ere, pinturan ere trebatu zen, baina, bere kideak bezala Madrilera joan beharrean, Donostian geratu zen. Loiola eta Amara inguruko paisaiak ageri dira haren lanetan. Benito Martinez Sierraren hainbat erretratu eta eszena kostunbrista datoz jarraian. Lertxundiren arabera, hura izan zen bekadunetatik «birtuosoenetakoa», eta Velazquezen eragina nabaria da haren margogintzan. Areto berean dago Inocencia Arangoaren obra. Madrilera iritsita, emakume izate hutsagatik traba ugari topatu zituen; gorputz biluziak marrazten ikasteko eskoletara ez zioten joaten uzten, esaterako. Ildo bereko arrazoiak tarteko bukatu zen haren jarduna, baina erakusketan ikusgai dagoen paisaia handi bat da haren sormenaren lekuko.

Hurrengo espazioan, Jose Agirrek margotutako erretratu bat eta geroago ondutako obra grafikoa daude ikusgai. Modernismorako asmo bat agertzen dute, berriz, Angel Cavanas Oteizaren lanek, Lertxundiren hitzetan. «Parisera jauzi egiten saiatu zen bakarra izan zen, baina beka lehenago bukatu zitzaion». Lan horiek Jose Arangoaren erretratu bat dute lagun —Inocenciaren anaia zena—.

Azken zatian, Jenaro Etxeberribarren kostaldeko paisaiak ageri dira. Margolari «goiztiarki heldua» izan zela eta bere lengoaia propioa garatzen tematu zela nabarmendu zion Lertxundik. Horiekin, Venancio Aiertza, Edmundo Paillole, Jesus Martinez Utrilla, Jose Bengoetxea eta Luis Alvarezen obrak daude. Haien ibilbideak eten aurretik utzi zituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.