Etenaren aldaera ugariak

'Azken oturuntza' ikuskizun «hibridoa» aurkeztuko dute gaur iluntzean Haizea Aranak, Oihana Aranak, Leire Vargasek eta Aner Euzkitzek

Haizea Aranak, Oihana Aranak, Leire Vargasek eta Aner Euzkitzek sortu dute ikuskizuna. OLATZ ARTOLA APEZTEGIA.
Ainhoa Sarasola.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Forma eta esanahi asko har ditzake eten kontzeptuak. Pertsonalak zein kolektiboak. Irudizkoak zein hitzezkoak. Mingarriak zein askatzaileak. Hitzaren adiera askotarikoetan barrena aztarrika aritu dira Aner Euzkitze, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Arana, eta adierak adina hari mutur aurkitu dituzte gogoetarako eta sorkuntzarako. Azken oturuntza da prozesu horren emaitza, eta gaur iluntzean erakutsiko dute aurrenekoz —eta, agian, azkenekoz ere bai— jendaurrean, Zarauzko Modelo aretoan. Literaturiarako propio sortu dute ikuskizuna.

«Hibrido eta multidiziplinar» gisa definitu du emanaldia Oihana Aranak. «Batez ere bertsolaritza eta literatura dira bi ardatz nagusiak; Literaturian izanik, agian gertuago egon liteke literaturatik, baina bi ardatz horietan mugitzen da. Eta, gero, badu antzerkiari edo gorputzari lotuago dagoen marko bat». Jaialdiaren gaiari tiraka hasi ziren lau sortzaileak. «Eten kontzeptua hari moduan hartu dugu, eta hainbat eten mota identifikatu ditugu; bai gizartean edo plano makro batean funtzionatzen dutenak —belaunaldien artekoa, edo krisia, kontzeptu orokor gisa etenaren nolabaiteko sinonimo bezala ulertuta...—, bai plano mikroan edo gure gorputzetan sentitzen ditugun beste eten batzuk».

Etenari buruz oro har edo mota horien guztien gainean sortu zaizkien gogoetak plazaratuko dituzte emanaldian. Besteren testuak, eta taldearen hausnarketak zein sorkuntza pieza laburrak tartekatuz joango dira saioan, Aranak aurreratu duenez. «Guri interesgarriak iruditzen zaizkigun hainbat testu irakurriko ditugu; gero, testu horietatik abiatuta, hausnarketa batzuk planteatuko ditugu; eta, ondoren, sorkuntzak izango dira. Batzuk aurrez prestatu ditugu, eta beste batzuk, berriz, momentuan aterako dira: bat-bateko sorkuntzak izango dira».

Miresten dituzten eta lagunak edo gertukoak dituzten zenbait euskal sortzaileren testu zatiak aukeratu dituzte, baita nazioarteko pentsalarienak ere. «Saiatu gara emakumezkoen edo genero disidenteak direnen testuak lantzen; hori izan da ardatzetako bat». Hala, horiekin batera, bertsoaldiak, hainbat kanturen bertsioak eta bestelako formak hartuko dituzten piezak eszenaratuko dituzte. «Piano bat ere egongo da oholtzan, eta musikak ere izango du presentzia».

Inprobisazioarekin jolasean

Jaialdiak eskatuta sortu du laukoteak saioa. «Ilusioz» hartu zuten etenaren ideiaren bueltan zerbait egiteko proposamena. «Bertigoa ere eman zigun, ze, beste norbaitentzat sortzen zabiltzan momentutik, beste plano edo leku batetik sortzen ari zara», aitortu du Aranak. Nolanahi ere, erronkari eustea eta lanari ekitea erabaki zuten. «Etenaren polisemia horren inguruan ideia zaparrada moduko bat eginez hasi ginen, eten motak bilatzeko ahaleginetan». Interesgarriak izan zitezkeen testu txatalak bildu zituzten gero. Eta, behin aipuen zerrenda luze bat osatuta, gidoia lantzeari ekin zioten. Orduan otu zitzaien testuak, gogoetak eta sorkuntzak tartekatzea.

Laurak «testualagoak» izanik, edo hitza izan ohi dutenez tresna nagusi, halakoetan eszenaratzea «konplexuagoa» egin ohi zaiela azaldu du Aranak. Baina hori ere landu dute. «Gustatzen zaigu inprobisazioarekin jolastea eta ateratzen zaigun horretatik sortzea. Pertsonaiarik ez sortzen eta guretik hitz egiten saiatzen gara. Eta horixe egingo dugu».

Literaturiarako sortu dute lana, eta ez dizkiote ateak itxi udan beste saioren bat egiteko aukerari ere, baina, printzipioz, gaur baino ezingo da ikusi Azken oturuntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.