Etapa berriaren hegaldi betean

Hausnartzeko eta akatsak zuzentzeko denbora bat hartu ondoren, Governors taldea «biziberrituta» itzuli da aretoetara. 'Z.E.R.O' du izenburu metal eta pop ukituak uztartuz kaleratu berri duten diskoak

Governors taldeko kideek Z.E.R.0 izeneko lana kaleratu berri dute. BERRIA.
Naiara Elola.
2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Etena. 2007an Governors taldeak hasitako ibilbideak etena izan zuen 2015ean, Bilboko Kafe Antzokian grabatutako Su garaia zuzeneko disko eta DVDaren ondoren. Geldialdia guztia «ordenan» jartzeko aprobetxatu zutela azaldu du Ander Zubillagak, taldeko gitarra jotzaileak: «Geldialdi bat behar genuen; aspalditik ari ginen berdin funtzionatzen, eta guztia ordenan jarri eta helburu berriak aurkitu beharra genuen». Hausnarketa prozesuari esker abiatutako ziklo berriaren adierazgarria da azaro amaieran Baga-Biga diskoetxearekin kaleratu duten diskoa. Ohi bezala, rock alternatibo eta indartsuaren bidetik ondu dute Z.E.R.O (Zikloari Ekin dio Rhinopalpak Ohartzerako) diskoa.

Lan berriak izandako harrerarekin «oso pozik» daudela onartu du Zubillagak. «Oso gustura gaude diskoarekin. Oso kritika onak jaso ditugu». Durangoko Azokan eman zuten diskoa aurkezteko lehen kontzertua, Plateruenan. Aretoa lepo bete zuten, eta entzuleak guztiz aztoratzea lortu zuten. «Lan berri bat kaleratzean, beti izaten dira zalantzak, baina kontzertuko lehen abestia jo orduko ohartu ginen gozatzen ari ginela, bai gu eta bai kontzertura joan zirenak».

Hamar abestiz osatutako diskoa da Z.E.R.O. Ez da lan lineala. Rock lodia erraietan duten abestiez gain, proposamen melodiatsuagoak ere jaso dituzte. Hala ere, abesti guztietan agerikoa da Governors taldeak berezkoa duen soinua. Sarritan, abestiak elkarren kontrapuntu modura daude antolatuta. «Diskoan, bi muturrak kontuan hartzen saiatu gara. Pianoa eta ahotsa osagarri sotil dituzten abestiak metal izaera hertsiagoa dutenekin uztartu ditugu». Zubillagak aipatutako bi mutur horien erakusgarri dira Hezurraren kultura eta 1937 abestiak. Metalaren eremuan, soinu lodiek pisu handiagoa dute aurreko lanetan baino. Hala ere, Zubillagak uste du diskoa itsu-itsuan entzunda ere erraza dela Governorsena dela ebaztea.

Benetan indartsu hasten da diskoa, Diabolus abestiarekin. Elizan izandako pederastia kasuak salatzen ditu. Iragan urtean Euskal Herrian jakin ziren sexu gehiegikeria kasuen harira, taldekoek argi izan dute abesti horrek izan behar zuela hamarreko zerrendan lehenengoa. Hasieran, horregatik hautatu zuten single modura. Baina, diskoa kaleratu baino lehenago, hainbat adiskide eta jarraitzailerekin bildu ziren. «Iritzia eskatu genien, eta galdetu genien zein abesti gustatu zitzaien lehen entzunaldian. Bilhizik abestia hautatu zuten, eta haien iritzia errespetatu dugu». Zubillagak azaldu duenez, disko bat kaleratzen duten bakoitzean egiten dituzte halako bilerak. «Hilabeteak eta hilabeteak abesti berberak entzuten aritzen gara, eta objektibotasuna galdu egiten da. Besteen iritzia entzutea beti da garrantzitsua». Batez ere, bilera horretara joaten direnei lehen entzunaldian barruan eragiten dieten sentsazioan jartzen dute arreta.

Z.E.R.O diskoa zuzena, trinkoa eta borobila da. Borobila bai musikari dagokionez, bai letrei dagokienez. Alde horretatik, Aiert Goenagak, Mikel Etxaburuk eta Xabi Igoak egindako lana goraipatu du Zubillagak. Lehenik eta behin, Juan Sangrek, taldeko liderrak, melodiak egiten ditu. Gero, abesti bilakatu diren lehen doinu horiei hitzak jartzeaz arduratzen dira Goenaga, Etxaburu eta Igoa. Sangrek nahi duen hori erraz ebazten dutela uste du Zubillagak.

Ametsen aldeez

Gizartean hedatutako arazoak eta kezkak dituzte orain ere mintzagai Governorsekoek. Baina berezia da Amets ehiztariak eta Amets hipoxikoak abestien bitartez egiten duten proposamena. Desio den horren bi aldeak plazaratzen dituzte bi abesti horietan. «Amets ehiztariak abesti nahiko alaia da; etorkinen zein hemengoen ametsez hitz egiten dugu: hau eta bestea izanda zein zoriontsuak izango ginatekeen». Baina Amets hipoxikoak kantuak ez du aurreko abestiaren argitasunik. Amesten den horren b aldeaz mintzatzen da. Norbanakoari egunerokoak eragiten dion «itomen» sentsazioa maisuki islatzen dute. Diskoa entzuten ari dena desioen munduan barneratzen da Amets ehiztariak entzunta. Baina, Amets hipoxikoak kantua iristean, egunerokoak eragiten duen «itomena» riff eta pasarte ilunekin adierazten dute, berriz ere gitarraren benetako soinua aldarrikatuz.

Zubillagak aitortu du taldean «baikorrak» direla Durangoko Azokan azken lana aurkezteko emandako kontzertuaren ondoren. Gainera, Youtuben ia 6.000 lagunek baino gehiagok entzun dute diskoa hilabetean. Datozen asteetan diskoa aurkezteko kontzertuak izango dituzte: hilaren 30ean, Amurrion (Araba); urtarrilaren 6an, Oñatin (Gipuzkoa);20an, Iruñean; 27an, Donostian; eta otsailaren 8an, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.