Nazioarteko lehen lerroko hamaika artistaren lanak bildu eta haiekin erakusketa bat egiteko asmoa izan zuen ETAk 1970eko hamarkadan Parisen. Gernika 70 zuen izena proiektuak. Francoren erregimena arteaz salatzea zen ideia, eta, besteak beste, Joan Miro, Josep Guinovart, Robert Matta eta Antoni Tapies artistek hartu zuten parte. Pablo Picasso ere prest azaldu zen kolaboratzeko, nahiz eta azkenean ez zuen lanik eman. Egitasmoaren neurri artistikoaz gainera, Frankismoaren aurkako euskal erresistentziak garai hartan zeukan onespenaren neurria ere ematen du izen zerrenda esanguratsu horrek. Patxi Apalategi, Jose Mari Larramendi eta Martin Etxeberria arduratu ziren bilketa lan haietaz. Erakunde armatuaren adar kulturalaren zigiluarekin aritu ziren Euskal Herriarentzako donazio horiek biltzen, hirurak estudiante zirenean, eta hogei margolan inguru bildu zituzten, guztira. Apalategik Parisko 16. barrutian alokatuta zuen azken solairuko gelan gorde zituzten margolanak, oheko koltxoiaren azpian ezkutatuta, baina ETAren VI. asanbladaren ostean, giro politikoa nahasi, proiektua izoztuta gelditu, eta, azkenik, kolpean eten zen dena. Egun batez, militante bat agertu zitzaion Apalategiri gelara, pistola erakutsi, eta pieza guztiak eraman zituen. Ez da artelan haien berririk izan geroztik. Eta irudi armatu horrekin galtzen da pinakoteka haren nondik norakoa historian.
Duela urte batzuk eman zion bere lekukotza Larramendik BERRIAri Zarautzen, eta Donostian baieztatu du informazioa Apalategik orain. «16-17 artelan horien gainean hilabete luzez lo eginda nago, bai». Eta, hain zuzen ere, bi protagonista horien lekukotzak dira kontakizunaren oinarri nagusia. Bakarra ere bai. Oraingoz. Atzean arrasto ahul gutxi batzuk bakarrik utzita joaten diren historia horietako bat gehiago baita ETAren arte bildumarena: paperik gabekoa, lekuko gutxikoa, memoriaren tartekako hutsune eta zehaztugabetasunekin, eta, beti, garai hartako klandestinitatearen lainoak bildua, hitz erdiko solasaldi, kasualitate multzo eta ezizen zerrenda batek inguraturik.
1960ko hamarkada amaitzear zela, Euskal Etxearen bueltan zebilen giroa Parisen, Apalategik dioenez. Eiffel dorretik gertu, Duban kalean. Errefuxiatuentzako bilgune ere izaten zen, eta han mamitzen ziren Frankismoaren aurkako ekintzetako asko ere. Soziologia eta filosofia ikastera joana zen bera hirira, eta euskarazko eskolak ere ematen zituen Euskal Etxean. Eta bestelako egitasmoetan ere kolaboratzen zuen tarteka, koadro bilketaren proiektuarekin egin bezala. Gaur egun, haren izenak badu itzala euskal letretan: hari zor zaizkio, besteak beste, Gustave Flaubert idazlearen Madame Bovary liburuaren euskarazko itzulpena, Tintin-en abenturen euskarazko hainbat liburu, eta, azkenik, baita iaz argitaratu zuten Charles Baudelaire poetaren Gaitzaren loreak liburuaren euskarazko bertsioa ere. Horren guztiaren aurretik, 1970eko buelta hartan, hari egokitu zitzaion Gernika 70 izeneko proiektuaren hezurdura irudikatzea.
Galeriekin kontaktuak
Patxo Unzuetak aipatu zion proiektua lehenengoz, eta elkarrekin aritu ziren gerora ere. Franco hil ostean, El Pais-eko kazetari arituko zen Unzueta Euskal Herrian, eta ETAri eta abertzaletasunari buruzko hainbat libururen egilea ere bada, baina sasoi hartan, Parisen, ETAk liberatuta zebilela gogoratzen du Apalategik, El Catalán ezizenarekin. Ideia abstraktua zena ekintza gauzagarri bilakatzea izan zen haien erronka. «Oso eskematikoa zen ekimena, eta osatu beharra zegoen aurrera ateratzeko».
Zehaztu beharra zegoen erakusketarako kokalekua, adibidez. Kontaktuak eginak zituzten Miro eta beste hainbat artistarekin lan egiten zuen Maeght galeria prestigiotsuarekin, eta bazuten bide bat hasia Louvre museoko jendearekin ere, artelanak hiriko areto txikiagoren batean erakusteko. «Prekauzio handia zuten galeriako eta museoko kideek, baina laguntzeko gogoa ere bazeukaten. Arriskuak hartzeko ez, baina positiboa zen giroa». Ezer lotu artean, ordea, nonbait gorde behar ziren lanak, eta horregatik koltxoiarena. «Ni nintzen gordetegia eta gordetzailea», dio Apalategik.
Suchet etorbidean bizi zen orduan, alokatutako gela batean. «Bois de Bologne basoa zegoen aurrean, eta etxeak beste aldean, oso leku chic-a zen, baina gela ez, gela umila: ura bazuen, baina dutxarik ez, ohea eta ezer gutxi gehiago». Telefonoa ere bazeukan, ordea, logela haiek alokatzen zituena Le Nouvel Observateur aldizkari ezagunaren sortzaile izandako Jean Daniel kazetaria baitzen, eta hark jarrita zegoen. Horrez gainera, bazuen atezaina ere, eta, beraz, sendo itxurako oskol hartako logela umil huraxe izan zen biltokia.
Parisen batutako lanez gainera, Katalunian eta Euskal Herrian bertan ere artelan batzuk bildu zirela dio Apalategik. Hori zela, behintzat, orduan esaten zietena. Pariskoa argazki zabalago baten zati bat zen.
Eurek bildutako margolanak hogei inguru zirela dio, baina ez dituela denak gogoan. «Hamazazpi zenbakia dut nik gogoan sartuta, baina ez dakit ziur artelanak ote ziren hamazazpi, edota artistak, eta badakit haietako batek trilogia bat eman zigula». Tapies, Miro, Guinovart, Matta... Eta laino artean gainontzekoa. «Baziren artista frantziar batzuk ere, eta AEBetako bi ere bazirela badakit, baina orain ez dut haien izenik gogoratzen».
Mirok bazekien
Larramendi izan zuen margolan bilketa lan horretan kide. Hura ere soziologia eta filosofia ikaslea Parisen, eta hura ere, urteekin, aski ibilbide esanguratsua egitekoa zena. Erretiroa hartua du egun, baina Debako Arte Eskola Esperimentaleko zuzendari izan zen 1973tik 1977ra, eta, gerora, Eroski taldearen idazkari nagusi ere izandakoa da. Iaz Joxe Azurmendi pentsalariari eskainitako hitzaldi zikloan ere hartu zuen parte, eta behin baino gehiagotan aritu da hitzaldiak ematen. 15 urterekin joan zen etxetik, «literalki, lekurik ez zegoelako». Hamabi anai-arreba ziren etxean. «Trabeska egiten genuen lo ohean hiru edo lauk batera, eta ikusi nuen hori ezin zela». Alemanian izan zen lehenik, filosofia ikasi nahiak eramanda, eta urtebete egin zuen bertan gurin lantegi batean lanean, eta hortik heldu zen gero Parisera. Cambridgera gero, eta buelta berriz Parisera. Zazpi urte egin zituen han, filosofia ikasi zuen lehenik, soziologia ere bai, eta baita antropologia ere, eta han aurkeztu zuen doktore tesia ere. 68ko udaberriak ere Parisen harrapatu zuen, Nanterre unibertsitatean. Epizentroan, alegia. «Gal-gal zegoen». Eta ikasi bitartean eskola batean egiten zuen lan orduan, «barnetegirik erreakzionarioenean», Passy-Buzenval kolegioan zehazki. «Umeak hartzen nituen, esnatu, jantzarazi, gosaldu, errekreoa eta lehenengo klasea ematen nien, jantzi eta unibertsitatera. Hizkuntza horrela ikasi nuen».
Larramendirekin batera beste euskaldun batzuk ere baziren eskolan lanean: Martin Etxeberria eta Fernando Treviño, kasurako. Urteekin, hainbat libururen egile izateaz gainera, HABE erakundeko zuzendari ere bilakatu zen lehena, eta Paristik Euskal Herrira bueltatzean euskal kooperatibismoan murgildu zen bigarrena. Hilak dira biak egun: 1992an zendu zen Treviño, auto istripuz, eta 2017an, berriz, Etxeberria.
Larramendiri, hasiera batean, urruna zitzaion erresistentzia politikoaren giroa, eta errebotez heldu zitzaion bilduma egiteko asmoaren berri ere. Nork, eta Mirok esanda.
«Parisko museoak asko bisitatzen nituen, eta han ezagutu nituen denak. Miro pertsonalki ezagutzen nuen, eta han zebilen [Joan] Brossa. Madrilgo mugimendu potente bat zegoen, eta urte haietan Saint Michellen egin zuten erakusketa oso interesgarri bat. Miro ordurako Maeght galerian zegoen. Mirok esan zidan: 'Los vascos estáis haciendo cosas muy bonitas, a mí me han dicho que hay alguna idea de hacer algún museo' [Euskaldunok oso gauza politak egiten ari zarete, esan didate badagoela museoren bat sortzeko ideia bat']. Eta nik ideiarik ere ez».
Gerora ikasiko zuen. Euskal Etxearen bueltan euskara irakasle hasita.
Gernikako museoa
«Nik mundu hori ez nuen ezagutzen, ni txotxolo bat nintzen, konpromisorik gabeko bat, ez errefuxiatua, ez borrokan ibilia ez ezer; bitxo arraro bat. Eta nola azalduko nintzen ba ni klandestinitateko gauza sekretu bat galdetzera. Hilabete batzuk pasatu nituen, eta lortu nuen konfiantza, eta egun batean galdetu egin nien ea bazekiten zerbait. Han zegoen bat, denak izen faltsuekin eta ibiltzen ziren, eta esan zidan baietz, proiektu hori bazegoela. 'Nahi dekenian hitz egingo diagu horretaz'. Berarekin zitatu eta esplikatu zidan rollo guztia nola zegoen. Esan zidan nire txostenak bilatuko zituela eta fidagarria banintzen proposamena egingo zidala. Bere ikerketa egin zuen, eta fidagarria nintzela ikusiko zuen, eta paper bat eman zidan. Paper hura zeraman pertsonak, agindu bezala, euskal museoa martxan jartzeko kolaboratzaile gisa lanean ari zela esaten zuen».
Eta paperean, ETAren zigilua. Hark ematen zien adar kulturalaren izenean ari zirela esateko zilegitasuna. Etxean bilatu, bilatu du, baina ez du topatu.
Museoa aipatzen du Larramendik. Haren arabera, bildutako lanekin Gernikan museo bat sortzeko asmoa ere bazegoelako, eta horretarako lekua ere prestatua zegoela dio. «Gernikako Udalak gestioak eginak zituen, eta non muntatu eta nola muntatu, baietza eman zuen». Berriz galdetu lekuarena, eta baietz Larramendik. Gernikan. Eta bonbardaketa egunaren 35. urteurrenean inauguratzea zela ideia. 1972an. Hori esaten zietela bileretan ETAko kontaktuek. «Nahiko mardula zen proiektua, ez zen fantasia».
Hori da bi lekukotzen arteko diskordantzia ia bakarra: Apalategiren hitzetan, 1970. urteko une hartan artean eztabaidagai baitzen margolanak erakusteko modua. Parisen erakusketa bat egitea zen buruan zuten aukeretako bat, eta artelanak Gernikan erakustea zen bestea, frankismoak pieza haiek errekisatzeko arriskupean, eta horrek izan zezakeen oihartzuna ere kalkulatuta. Baina, haren hitzetan, airean ziren aukerak ziren. Gauzatzera iritsi ez zirenak.
Larramendiren hitzak berriz ere grabagailuan: «Egin genuen artista zerrenda bat gure iniziatibaz, Martin Etxeberriak, Patxi Apalategik eta hirurok. Kontaktua ETAkoekin Patxiren bidez egiten genuen, halako lekutan halako ordutan. 'Ni naiz Zuri', esaten zigun. 'Gabon, Zuri'. Izen faltsuekin baina aurpegirik estali gabe eta. Hirurok joaten ginen, eta ETAko gure solaskideak guk ez genekien nor ziren, bakarrik genekien izen bat, ze, gainera, haiek ibiltzen ziren entrenatzen eta halakoetan. 'Hemos dado un golpe' [Kolpe bat eman dugu], 'Vaya escapada' [Hori eskapada] eta halakoak».
Eta hasi ziren mugimenduak.
«Mirorenanga joan nintzen lehen-lehenik. Ofizialki eskatu genion, eta eman zigun. Izan zen elkarrizketa bat ikaragarria. Eta berak esan zigun baietz, kolaboratu nahi zuela. Maeght galerian egin genuen elkarrizketa hura. Galeristarekin ez naiz sekula egon. Mirorekin egon nintzen, bera bakarrik egoten zen. Oso erakusketa polita zen. Bere erreakzioa izan zen oso ona. 'Oso proiektu inportantea da, ez dizuet obra bat oparituko, egin egingo dizuet bat'. Gu ados, eta hilabetera egin genuen zita. Joan ginen, eta atera zuen obra bat ikaragarria. Plumilla beltzez eginiko lan bat zen, 1,60 metro izango zituen zabal, eta zen aurpegi bat. Eta Miroren obra besapean genuela, besteengana joaten ginen beste babes batekin. 'Miro kolaboratzen ari da. Obra bat sortu digu'».
«Nik ikusten dut pertsona hura [Miro], aingerutxo aurpegi harekin eta begi txiki haiekin; hain elkarrizketa goxoa izan zen. Gertutasuna eta berotasuna erakutsi zuen. Obra hura atera zuenean ni txundituta gelditu nintzen, eta horrela esan zuen berak, 'es fuerte porque es duro' [indartsua da gogorra delako], eta gelditu nintzen jota esan zidanean '¿y qué te parece?' [eta zer iruditzen?]. Hitz batzuk badaude bizitzan gelditzen direnak hor. '¿Qué te parece?'. Zer esan behar nion nik hari!».
Miro izan zen lehenengoa, eta gehiago etorri ziren gero. Eta hala heldu zen ordurako lehen-lehen lerroan zegoen Picassorengana.
Bigarren 'Gernika' bat
«Niza ondoko herritxo batera joan nintzen [Pablo] Picassorenera. Han Picassok demaseko nahas-mahasa zuen, bere bikotekideak, amoranteak, idazkariak eta. Halako batean batekin topo egin, eta kontaktua erraztu zidan. Eskatu zidan karta bat idazteko, eta ofizialki nik idatzi nion karta bat. Dena eskuz. Egon nintzen Picassorekin, azkenean, eta agindu zidan obra bat egingo zuela. Nik eskatu nion ea posible zen bigarren Gernika bat egitea. Zikloa ixtearren».
«Bere etxean ni egon nintzen. Neu bakarrik. Ez zuen nahi jenderik egotea. 'Una persona' [Pertsona bakarra]. Ni joan nintzen. Nire ideia zen gizon hark II. Errepublikako Gobernuarentzat pintatu badu Gernika, harekiko adhesioz eta halako obra bat, orain, ziklo hau itxiz, zergatik ez egin ez Gernika bat, baina Gernikako ideia horrekin beste obratxo bat. Esan zidan baietz, baina ez dut gehiago ezer jakin, eta ni konbentzituta nago Picassoren apunteak edo zerbait badagoela, ze bere idazkariak eman zidan data bat, esanez deituko zigutela. Data hartan ez zegoen ezer, eta handik aurrera Picassorekin hartu-emana ez dut jarraitu ahal izan, baina konbentzituta nago gizon hark zerbait egin zuela. Ez obra bukatu bat, baina lan egin zuela ziur nago. Hori nire espekulazioa besterik ez da».
Eta espekulazioen sokari segituz gero, pentsa liteke, Picassok Larramendik proposatutakoa egin izan balu, akaso, egon ote daitekeen haren arrastorik artistak 1973ko urtarrilean Louise Leiris galerian egindako erakusketan. Ordukoan 1970 eta 1972 biartean sortutako 156 akuaforte erakutsi zituela kontatzen baitute kronikek.
Baina laburra da soka hori ere. Larramendiren bisitari buruzko arrastorik ez baita geratu inon. BERRIAren kontsultari erantzunez, Picasso Fundazioko langileek ez dute Larramendiren eskutitzik aurkitu bertako artxiboan, ez elkarrekin egindako zita hari buruzko aipamenik ere sasoi hartako paperen artean. Apalategik ere baietz dio, ordea. Larramendi elkartu zela harekin.
«Picassorekin solasaldia oso hotza egin zitzaidan», jarraitzen du Larramendik. «Etxe handi bat zen, etxe oso ireki bat, halako menditxo batean, gosari bat ekarri ziguten, elkarrekin hartu genuen kafea, eta eserita egon ginen dena kolore argiko gela batean. Niza ondoan izan zen. Majoa izan zen. Oso hitz gutxi esaten zituen, begirada zorrotza; gazteleraz izan zen entrebista. Ordu luze bat izango zen solasaldia. Berak galdetzen zuen ETAri buruz, ea zer zen hura, nondik, nora, zeintzuk zebiltzan hor, eta zein gehiago, bera pixka bat kokatzeko. Atera nion gure papera, eta esan zidan, 'no, no, basta' [Ez, ez, aski]. Ni inpresionatu ninduen hoztasunagatik. Gero ohartzen zara ez dela egia, bere kariño guztiarekin dagoela han eta bere onena emateko prest, baina ni ume bat nintzen. Nik momentu hartan 27 urte nituen. Ni Debako [Gipuzkoa] baserri batekoa naiz, eta joder, derrepente... Halako jarrera irekia eta kolaboratzailea. Ez zen brometan zebilen gizon bat. Gernika-rena ondo iruditu zitzaion. 'Ya veré' [ikusiko dut]. Hitzak ziren horrela: 'Basta' [aski]; 'Ya veré' [ikusiko dut]; 'Tendréis noticias nuestras' [izango duzue gure berri]».
Baina ez zuten izan.
VI. asanbleako zatiketa
ETAren barruko tentsioek moteldu zuten bilketa, Apalategiren hitzetan. Justu garai horretan egin zen ETA V eta ETA VI bereizi zireneko asanblea. 1970an, zehatz. Eta giro politiko eta sozial nahasi hartan ez zen izan Gernika 70 proiektuarekin segitzeko modurik. «Ordutik aurrera itzali zen dena». Hilabeteak eman zituen Apalategik artelan multzo haren gainean lotan, harik eta halako batean, egun-argiz, guztiak eraman zizkioten arte. Eta zuzenean lotzen du Apalategik gertatutakoa garaiko zatiketarekin.
«Gizon bat etorri zen gelara, ez dakit goiz edo arratsaldez, baina egun argiz, eta koadroak emateko esan zidan. Ezagutzen nuen, eta aurpegia estali gabe zuen. Bazekien non bizi nintzen. Horrela egin zuen [jaka apartatuz pistola erakusteko keinua imitatzen du], eta nik eman egin nizkion. Atea zabalik zegoen, eta alboko gelan ez zegoen inor. Bazen karga jasogailu bat azken pisura zihoana ere, ez zena nire logelatik ikusten, handik ailegatzeko hormek bi 'L' bezala egiten zituztelako, eta karga-jasogailuan beste pertsona bat edo bi zeuden, krak, metalezko zerbaitekin karga jasogailuko hesiaren kontra zarata egiten, krak, esanez bezala 'hi, argi ibili. Txorakeriarik ez'. Oso ongi muntatuta zeukaten».
Ezagun zuen, baina izenik ez du aipatu Apalategik. Egun batez eraman egin zituztela, hori da ziur dakien azkena. Gordetzailea baino ez zen bera, ordea, dioenez, artelan haiek ETAren izenean bildu arren, artistek Euskal Herriarentzat eman baitzituzten. «Artistei hala azaltzen nien nik. Ez ziren nireak, baina ezta eraman zituenarenak ere».
Artelanak dirua biltzeko baliatu zirela iradokitzen du Larramendik. Datu segururik ez du hark ere, baina hori da haren hipotesia. «Hori saldu egin diote bildumagileren bati, eta seguru, gainera, modu txarrean. Denak kointziditzen du. Bazekiten han obra hori zegoela, eta hartu zuten. Azpiegiturarik gabe gelditu ziren separazio hartan, eta diru gabe. Denak egiten du bat». Eta hunkidurak bustitzen du haren lekukotza: «Miroren erakusketaren bat dagoenean, beti joaten naiz, ze konbentzituta nago nik obra hori ikusiko dudala. Eta horren bila nabil».
Apalategik gogoratzen duenez, oraindik ere erabat itxi gabe baitago kontakizuna. Eta, horregatik, oraindik solte jarraitzen duen hari mutur baten modura egiten du ikara haren galderak: «Non dira artelan horiek?».
'Gernika 70'
ETA-K BILDUTAKO ARTELAN GALDUAK
Miro, Tapies, Matta eta nazioarteko lehen lerroko beste hainbat artistaren hogei lan inguru bildu zituen ETAk 1970eko hamarkadan Parisen. Euskal Herriaren aldeko erakusketa bat egitea zen asmoa, eta, besteak beste, Jose Mari Larramendi eta Patxi Apalategi aritu ziren biltze lan horretan. Militante batzuek margolanak hartu zituzten, ordea, eta orduz geroztik galdua da haien arrastoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu