Cira Crespo.
IRITZIA

Eta historia bestela egingo bagenu?

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Historialariok, gure lanari ekin baino lehen, hainbat galdera egin behar izaten dizkiogu geure buruari: Zertarako egin ikerketa hori? Nori zuzendu nahi diot nire lana? Eta galderak egiten hasita, niri interesatzen zaidan historia, nola egin ote da orain arte?

Euskal Herrian faltan sumatzen dut historiografiari buruzko eztabaida. Adibidez, ez dirudi alferrekoa historia zein hizkuntzatan idazten dugun galdetzea, idazten duguna nori zuzentzen diogun erantzungo baitugu hala. Baina sentsazioa daukat ez dela galdetzen, orokorrean. Euskal Herrian, gehien-gehienetan —eta horretan, nik uste, historialari guztiek emango didate arrazoia—, erdaraz idatzi izan da Euskal Herriko historia. Ia-ia ez daukagu ikerketa sakonik eta, batez ere, dibulgazio lanik euskaraz. Esate baterako, niri biziki interesatzen zaidan gai bati buruzko erreferentziazko liburua, Emakume Abertzale Batzari buruzkoa, gaztelaniaz dago idatzia (Mercedes Ugaldek). Eta hau, bistan da, arazo bat da.

Eta zergatik interesatzen zaidan Emakume Abertzale Batza? Bada, Euskal Herriko emakume batzuek martxan jarritako mugimendu politiko ezohikoa izan zelako. Emakume asko politizatu zituen, eta, idatzi ere, asko idatzi zuten mugimendu honetako militanteek. Hori guztia EAJrekin lotu izan da, baina susmoa daukat askoz gehiagorako ematen duen mugimendua izan zela. Adibidez, 1931n, emakumeek bozka eskubidea lortu zuten Espainian, eta lehen hauteskundeetan kazetari madrildar bat, emakumezkoa, Euskal Herrira etorri zen erreportaje bat egitera. Ikusi zituen euskal emakumeek, antza, ez zuten gaur egundik eman nahi zaien irudirik ematen. Zera esaten da: «Espainiako eskualde guztien artean, euskal eskualdea izango da akaso emakumezkoek gatazka politikoetan parterik aktiboena osatzen dutena; ez da parte hartuko ez duten ekintza publikorik [...]. Euskal herrixketan emakumezkoek auzi publikoan parte hartzea dagoeneko inork zalantzan jartzen ez duen zerbait da».

Zer zen hori, esajerazioa? Egia? Ez dakigu. Baina jakin-mina pizten du. Zer ari zen gertatzen? Nola hasi ziren emakumeok politizatzen? Zein aukera informal zeuzkaten herriko erabakietan parte hartzeko? Hausnarketarik gabe bururatu zitzaien elkartu, eta aberriaren alde egitea? Ez dut uste, baina ez daukat zalantzarik, matriarkatuarenmitoaren eta andereño eskuindar-katoliko-sutsuaren mitoaren artean ñabardura ezin interesgarriagoak aurkituko ditugula.

Uste dut hori guztia ezin dela ondo baloratu herri gutxitu baten parte izan zirela kontuan hartu gabe. Ordea, esango nuke, orain arte, emakume espainiar klase bat balira bezala tratatu eta neurtuak izan direla; eta haien jarrerak eta ekintzak hobeto ulertzeko, emakume euskalduntzat ikertu behar direla: emakume gisa ez ezik, euskaldun gisa ere bai. Europako herri gutxituen arteko partaide gisa, horrek esan nahi duen guztiarekin: koordenatu historiko horietan gizarteratu ziren, sortu zuten eta bizi izan diren emakume euskaldunak izan ziren.

Amaitzeko, proposamen bat. Garai hartan, Euskal Herriaren historian lehen aldiz ageri zaigu emakume euskaldun multzo oso handi bat belaunaldi literariotzat hartua izateko baldintza guztiak betetzen dituena: elkar ezagutzen zuten, garai berean idatzi zuten, estilo antzekoekin, leku berdinetan... Belaunaldi literario gisa ikertzen jarriz gero, prestigioa emango diogu haien lanari, eta marko propio bat eraikiko dugu. Eta emakumeen gerra aurreko ekintzak politika instituzionala baino askoz gehiago izan zirela aurkituko dugu. Beharbada, sentsibilitate artistikodun emakumeak ikusiko ditugu, bere indibidualtasuna landu nahi dutenak, ideia propiodunak, karikaturatik harago. Eta, dudarik gabe, idazlan garrantzitsuak aurkituko ditugu. Zeren eta hara hor berri on bat: Errepublika sasoiko emakumeok asko idatzi zuten, eta badakit Euskal Herriko ganbarak emakumeon euskarazko idazlanez beteta daudena: mundu oso bat daukagula deskubritua eta ikertua izateko zain, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.