begona del teso
Eppur si muove

Eta emakumeak Gaizkia berpiztu zuen

2025eko urtarrilaren 3a
04:25
Entzun

Ez gaizki hartu ahizpok, emakumezkoon ahalmen eta dohainak infinituak eta eternalak badira, egoki eta zuzena da Gaizkia bera birsortzeko gaitasuna izatea. Egokia. Zuzena eta kasik, erantzukizuna.

Egiari eta misterioari zor, kontu jakina da, liburu sakratu eta deabruzko guztiek baieztatua, ahal hori badugula Unibertsoa jaio berria zenetik, Jainkoari egin ordez, sugeari kasu egin genionetik. Non? Paradisuan. Jainko guztiek egiten duten legez, mundua sei egunean sortu zuen hark beldurra arma gisa erabiliz debekatu zigun gizakioi arbola zehatz bateko fruitua jatea. Sugeak, aldiz, gure alde egin zuen, eta Adam baino hamaika aldiz bizkorrago eta azkarragoa zen Evari kontatu zion egia: arbola hori jakinduriarena zen, libertatearena. Jainkoak adimenik gabeko esklabo zoriontsuak nahi gintuen.

Arbolaren fruitua janez gero, libreak izango ginen, baina. Altua zen pagatu beharreko ordaina. Ez ginatekeen Paradisuan betiereko biziko. Mina, pena, herioa ezagutuko genituzke. Alta, nor, zer ginen ikasiko genukeen, eta ez ginatekeen, aingeru tuntunak nola, in secula seculorum goiko jaun horren alabantzetan inozo, errugabe eta tontamentean arituko.

Evak erronka onartu zuen, eta sagar horri koska egin orduko antzeman zituen bai Ongia bai Gaizkia. Bai Adamen gorputza, bai berea. Bai plazera, bai atsekabea. Bai desioa, bai etsipena.

Arbolak eta sugeak bihurtu gintuzten gizaki bete-beteak. Eta emakumezkoei eman milurtekoetako kalbarioa gizonezkoek, seko izuturik jakin bazekitelako gure ahalmenak mugarik ez zuela. Gugandik salbu eusteko esperantzaz, gatibu hartu gintuzten maiz urrezkoak ziruditen kaioletan.

Izugarria den Robert Eggersen Nosferatu-k ahal horri heltzen dio inolako erreparorik gabe. Murnauren artelanetik eta Herzogen balentriatik baino urrutiago, sakonago joan ez dela edo ausartu ez dela esaten dutenak oker daude. Tronpaturik. Erraturik. Banpiroa munstro guztietan aldakorrena, mudakorrena dela ez dute sekula ere ulertuko. Mende honetako Nosferatu ez da pasatuta diren beste urteetakoen ondorengoa. Ezta antzekoa ere.

Inoiz ez da izan Gaitzaren, Gaizkiaren metafora horren gardena. Metafora baino, haragitzea —onartzen  badugu banpiroak haragia eta hezurrak izan ditzakeela—. Ez inoiz, ez inork —Interview with the Vampire idatzi zuen Anne Rice bastante hurbildu zen, bai…— ez digu esan, Nosferatu XXI. mendekoa estreinatu zen egunera arte, banpiroa jainko guztiak, deabru guztiak baino zaharragoa dela, guztiez harago denik. Robert Eggersek badu, ordea, horren berri. Eta jakinarazten digu.

NOSFERATU
Robert Eggersen Nosferatu filma.

Bing Bang aurretiko kreatura dugu pelikularen izakia. Zenbatezinak diren aroetan zehar izan omen da lotan, ezerezaren beso/atzaparretan…. Emakume gazte baten desioak, desira handientsuak bizitzara (edo) ekarri duen arte.

Bai, Ellenek berpiztu egiten du Gaizkia zeharo lizuna —hartu hitz hori, arren, darion edertasun sentsual-likits guztian; eta ez pentsa, otoi, hiztegiak betetzerakoan euskal moralistek pentsatu izan zuten bezala— den film honetan.

Bere desioak, bere amodio basaren suak deiturik agertzen da berriro munduan parekorik ez duen munstroa. Eta akabera iristen denean, azken planoa odolez eta gorputz isuriz da blai.

Emakumeak Gaitza ekarri zuen mundura berriro. Eta pozten nau hala izateak. Badugu Jainkoaz erditzeko ahala eta Gaizkiarekin atsegin hartzeko dohaina. Ez dago batere gaizki. 2025a gurea izango dela jokatuko nuke nik lepoa. Eta ez dut galduko, ahizpok, anaiok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.