Haizea Barcenilla
Begiz

Eta Amarika

2025eko otsailaren 18a
04:30
Entzun

Aurreko astean Ismael Manterolak Amarika aretoaz hitz egin zuen; horren ondorio, alde batetik, eta lokailuaz hastea gaurkoaren izenburua. Manterolak idatzitakoarekin bat nator, baina ez nuen aretoari eta haren inguruan elkartu direnei bermea eman gabe utzi nahi. Gainera, kasuak arteak erakundeen zein gizartearen aurrean duen irudiaz gogoeta egiteko ere balio behar digula uste dut.

Hain zuzen, horrekin lotzen da izenburua eta bidez hastearen bigarren arrazoia: Amarika ez delako azken hilabeteotan galdu dugun erakusketa espazio bakarra. Abenduan jakin genuen Azkuna Zentroko Lantegia eraikin osoa La Caixa fundazioari eskainiko zitzaiola, horretarako bertan dauden artista egoiliarrak kanporatuta eta erakusketa espazio bat galdurik. Hiriburu desberdinetan daude Azkuna Zentroa eta Amarika, eta euren ibilbideak ere desberdinak izan dira. Baina biak dira erakundeek bultzatu duten artearen instrumentalizazioaren biktimak.

Urteak dira goi mailako erakundeak ideia bat proiektatzen ari direla: artearen balioa erakar dezakeen bisitari kopuruaren arabera neurtzen dela. Eta bisitari horietako gehienak turistak badira, hobe, kulturak ez duelako bertakoen gogoeta eta sormena garatu behar, ostalaritzaren ekonomia baizik. Sormenerako badugu gastronomia, euskal arte berria. Bilbon mezu hori oso indartsua da. Rekalde aretoa berrireki berri dute, atea Iparragirre kalera bideratzeko obra handia egin ostean, hau da, Guggenheim museora doan oinezkoen kalera. Metafora ederra: Guggenheimera begira jartzen direnek —zentzu guztietan— biziraungo dute.

Gasteiz ez da hiri turistikoa, eta batek pentsatuko luke horrek salbatuko zituela arte garaikideari eskainitako guneak, ez zutela Guggenheimen indar zentripeto hori jasango. Baina ez da hala izan: 2011n Oihaneder jauregiko lantalde erdia kaleratu eta bere programazioa nabarmen murriztu zen, eta hiriaren programazio artistikoaren atal bat kudeatzen ari zen Amarika elkartearekin harremana eten zen. Azken hauek programatzen zuten Amarika aretoa, eta orduz geroztik ez du ibilbide jarraiturik izan. Dena dela, 258.000 lagun dituen hiriburu horretan sortzen diren arte ekimen ez-musealizatuei lekua eman die, lan garrantzitsua dena, arte guztiak ez baitu lekurik museoetan. Hiriko artista, kolektibo eta iniziatiben babesleku izan da, eta horrek nahikoa beharko luke. Baina artearen instrumentalizazio barneratuak ezetz dio: beste arlo bati ekarpen ekonomikorik ekartzen ez dion aktibitate artistikoak ez du gastu publikorik merezi.

Gehien etsitzen nauena, hala ere, aipatutako kasu guztietan gizartearen erantzunik eza izan da. Ezin erakundeei ukatu lan bikaina egin dutela: dagoeneko ez dira eurak artea turismoa erakartzeko soilik balio duela sinesten duten bakarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.