Isiltasuna nagusi. Esperoan izan eta aldi hori noiz bukatuko den behingoz jakin nahiaren arranguraz, galdera beldurti eta hotz bat: «Noiz arte?». Eta pausa mutu bat atzera. Erantzun labur bat ondotik, eta isiltasuna berriz. Hitzik gabeko itxaronaldiek osatzen dute Negu hurbilak filma, nolabaiteko kate geldo bat osatuaz, belaunaldi batek eta ondorengoek bizitako minez hitz egiteko. Zehatzago: horietako batean sakontzeko. «Irekita dauden milioika zauri horietako bati erreparatu diogu: Joneren ihesaldiaren istorioari, modu intimo eta hurbilean, eta uste dut hori dela pelikularen gakoetako bat». Ekain Albitek ahoskatu ditu hitzok, Iruñeko aurkezpenean, eta Mikel Ibargurenek berretsi buruaz. Biek ala biek osatzen dute Negu kolektiboa, Nicolau Mallofre eta Adria Rocarekin batera, eta lauren opera prima da, hain justu ere, Negu hurbilak. Abuztuan estreinatu zuten, Locarnoko Zinemaldian (Suitza) —baita Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso ere—, baina orain arte ez da Euskal Herrian eman. Hegoaldeko zinema aretoetan izanen da bihartik.
Euskal gatazkari erreparatzeko modu bat bistaratu dute zuzendariek filmean, Zubieta (Nafarroa) agertoki gisara harturik, negua hurbil den batean. Izan ere, 2011ko udazkenean girotu dute istorioa, ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu zuen aldian. Muga zeharkatu eta Iparraldera alde egin nahian den iheslari baten istorioa da kontakizunaren ardatza. Zubietara iritsita, itxoin besterik ez du, halabeharrez, eta pausa horretan hartzen du forma filmak, hain zuzen.
Albiteren eta Ibargurenen arabera, grinaz nahi zuten iheslari bat «fikzio batean barneratu». Albiteren esanetan, bereziki interesatzen zitzaien figura hori, iritzi baitzioten aski «ahantzia» dagoela, are eta gehiago azken urteotan egin diren beste lan batzuk ikusirik. Nazioarteko ekoizle batzuek eginikoak aipatu dituzte zuzendariek, hitz erdika, baina nabarmendu dute «espektakularizazioa» sumatu dutela horietan, bai eta «zintzotasun falta» ere. Prozesuan zenbait alderdi ahaztu izana, nolabait. Hala, horregatik ere bazaie erakargarria iheslariaren figura nabarmentzea, «heroien kontakizunetatik kanpo». «Iheslariak ahanztura gorpuzten du: bere identitatea galtzen du guztiz, beste pertsona bat bihurtzeraino».
Jone Laspiurrek jokatzen du iheslariaren rola, eta, hain justu, hura da aktore profesional bakarra; filmean ageri diren gainerako guztiak Zubietako herritarrak dira. «Horrela behar zuen», kontatu du Ibargurenek. Iradoki duenez, neurri handi batean, Zubietak eraiki baitu Negu hurbilak. «Aurretik buruan genuen egitura narratiboa zalantzan jarri zigun...», hasi da kontatzen, eta zehaztu egin du Albitek, zorrotzago: «Hankaz gora jarri zigun, bi segundoan». Bien iritziz, Negu kolektiboaren eta Zubietaren artekoa «maitemintze bat» izan zen funtsean, eta horretan zubietarrek dute ardura handiena. Ibarguren: «Esana ziguten ezinezkoa izango zela herri horretan grabatzea, ez zizkigutela aterak irekiko, eta, aldiz, dena eman digute».
Umil eta errespetuz
Zuzendariek gogoratu dutenez, herritarrek erakutsi dizkiete inguruko parajeak, ireki sukaldeak, eta utzi traktoreak. Hala eta guztiz ere, hitzez kontatu dizkieten horietan guztietan eman diete filmaren tonua zehazteko zirriborroa. «Kontatu zizkiguten bizipenak eta minak, eta konturatzen ginen zauriak erakusten zituzten horietan isiltasunak hartu ohi duela guztia. Batzuek guri kontatu dizkigute aurretik inori kontatu ez zizkiotenak, eta pentsa zenbat urte joan diren». Filmeko pertsonaietan ederki ikusten da hitz egiteko ezintasun hori. Minagatik, izuagatik, euskal gatazkari buruzkorik ahoskatu ezina.
«Ahoa betetzen zaigu esanez gure zinema defendatu behar dela, baina gurea bezalako film batek ez du izan beste batzuek bezainbeste aukera».EKAIN ALBITEZuzendaria
Estutasun horren jakitun egoteak badu eraginik halako lan bat sortzean; Negu kolektibokoentzat bai, behintzat. Ibargurenek aitortu duenez, gaia aukeratu zutenetik bertatik dute bizkarrean «motxila» hori, eta ardura bat barrenean. Bertakoek bertako historiari buruz aritzeak dakarrena, besteak beste. Horri buruz franko gogoetatu du Ibargurenek, gainera. «Hemengoek oso gauza gutxi egin dituzte hemengoak kontatzeko, eta hori ere bada hausnartzekoa. Kanpotik datoz, hura hartu, produktu batean kontatu, eta badoaz. Zaintzari eta emozioei dagokienez, iruditzen zait umezurtz espazio bat bihurtzen dutela gurea. Erabili, eta badoazelako». Etxe barrenera ere zuzendu dute soa, edonola ere. Diotenez, guztia ez baita «kanpokoen errua». Albite: «Hemengo produkzio handiek ere ez diote heldu nahi izan gaiari, eta ezin dugu hitz egin guk inongo erantzukizunik ez bagenu bezala».
Erantzukizunak banatzeaz
Fikzioaren bidez gatazkaz aritzeko legitimitateari buruzko hausnarketa bat egin du Albitek. «Beti izaten da eztabaida ea zer kontatu dezakegun eta zer ez. Kasu bakoitza mundu bat da, baina filmean kontatzen den hau —ETAren jardun armatuaren amaia— guk oso gazte bizi izan dugu», hasi du gogoeta. Horrek eman die aukera soa beste nonbaitetik zuzentzeko. «Gatazkaren ondorioen jarraipena jaso dugu guk, eta gure gaztetasun honek eman dezake indar bat helduxeagoa den belaunaldi batek igual ez daukana, gure begirada ez baita gatazkakoa bertakoa, bazik eta gatazkak uzten dituen ondorioei begirakoa, bertatik baikaude lotuta hari».
«Kanpotik datoz guri buruzkoak kontatzera, eta badoaz. Iruditzen zait umezurtz espazio bat bihurtzen dutela gurea».
MIKEL IBARGURENZuzendaria
Euskal Herriko estreinaldia dela eta, Negu kolektiboko kideak «harrotasunez betetako egunak» bizitzen ari dira asteon. Pentsaezina zitzaien halakorik erdiestea, batik bat hasieran zituzten baliabideengatik, eta onartu dute sarri sentitu dutela filma ontzeko prozesua aise aldera litekeela «suizidio kolektibo» batekin. 16 mm-tan filmatu dute. Berez, gradu amaierako lana izan zedin hasi ziren Negu hurbilak trazatzen, eta film labur bat izatea zen hasierako asmoa, baina bistan da ideia horrek deus gutxi duela ikustekorik azken emaitzarekin; «poz-pozik» dira horregatik. Dena dela, zuzendariek ez dute nahi oraingo alegriak guztia tapatzerik. «Nabarmendu nahi nuke ate asko itxita aurkitu ditugula, eta, besteak beste horregatik, orain iritsi dela filma Euskal Herrira, abuztuan atzerrian estreinatu zen arren», esan du Albitek, eta kritika bat gehitu, irmo: «Ahoa betetzen zaigu esanez gure zinema defendatu behar dela, baina gurea bezalako pelikula batek ez du izan beste batzuek bezainbeste aukera». Bestela aritu zaizkienei eskaini dizkiete azken hitzak. «Ateak eta bihotzak ireki dizkigutenentzat da hau».