Estrella Morente, Goran Bregovic eta Gwendalen emanaldiekin batera, Oskorri taldearena izango da aurten Getxo Folk jaialdiaren eskaintza nagusietako bat, azken agurreko zazpi kontzertuetako lehena izango baitu euskal musikaren historian leku garrantzitsua egina duen taldeak. Orotara 11 emanaldi izango dira jaialdiaren aurtengo ekitaldian, irailaren 3tik 6ra bitartean. Kaleko banden desfileak eta bestelako ekitaldiak ere izango dira.
Jaialdiko lehen egunean, irailaren 3an, Estrella Morentek Autorretrato diskoko kantuak aurkeztuko ditu batez ere, hainbat erritmo eta musika motari tratamendu berritzailea emanez osatuak denak. Irailaren 4an, Gran Bregovic ariko da, Balkanetako jai giroko doinuak mundu osora zabaldu dituen musikaria. Irailaren 5ean, Gwendal taldearen txanda izango da; Bretainiako folk musika talde eskarmentu handikoa da Gwendal, duela 43 urte sortua, 1972an, eta Euskal Herrian maiz aritua.
Gwendal baino are zaharragoa da Oskorri, 1971n egin baitzituen lehen urratsak. Aurten amaituko da, ordea, Oskorriren ibilbide luze, oparo eta arrakasta handikoa, Hauxe da despedidia birarekin. Getxoko emanaldia, irailaren 6an, bira horren hasiera izango da. Ondoren, honako sei emanaldi hauek ditu iragarriak taldeak, bere ibilbidea amaitzeko: urriaren 10ean, Baionan; urriaren 17an, Gasteizen; urriaren 25ean, Donostian; azaroaren 7an, Iruñean; azaroaren 14an, Maulen; eta azaroaren 22an, Bilbon.
Estrella Morente, Bregovic, Gwendal eta Oskorri ariko dira Getxo Folk jaialdian
'Hauxe da despedidia' birako lehen emanaldia izango da Oskorrirena, irailaren 6an.Guztira, 11 emanaldi izango dira, irailaren 3an hasita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu