Goierriko (Gipuzkoa) herrixka batean filmatuko den aurrekontu handiko pelikula bateko bi estra besterik ez dira, hasieran behintzat, Charlie (Hasier Ormaza) eta Juan (Mikel Laskurain). Ez dute elkar ezagutzen, eta bide nahiko diferenteak ibili izan dituzte. Finean, ordea, bizitzaren itsaso nahasian bizirik irautea beste asmorik ez duten bi naufrago dira. Baina, ito beharrean, geroz eta gizakiago bilakatuko dira, eta argi ikusiko dute beren ametsengatik borrokatzea merezi duela. Horregatik bihurtuko dira estrak protagonista. Hori kontatzen du Carlos Zabalak eta Dorleta Urretabizkaiak zuzendutako Ados Teatroak-en Figuranteak antzezlan tragikomikoak. Villabonako Gurea antzokian estreinatuko dute, gaur (22:30).
Marie Jonesek ondutako Stones in His Pockets obraren egokitzapena egin dute Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoriak. Antzerkigile irlandarrak Edinburgoko Fringe jaialdian (Eskozia) estreinatu zuen, 1999an, dezenteko arrakastarekin. Urretabizkaiaren esanetan, Adoseko Losadak eta Vitoriak aspalditik zeukaten testu hori egokitzeko gogoa.
Baina pentsatzen du, aldi berean, jatorrizkoarekin alderatuta dezente aldatu dela. «Carlosek [Zabala] arintze eta errazte lan bat egin du. Horretarako, eszenaratzea aldatu du batez ere. Eta bukaera ere bai...». Jonesenean «melankolikoagoa» zen, esperantzarako tarterik irekitzen ez zuena, eta Zabalarenean, berriz, gordina izanagatik, itxaropenaren ateak zabaltzen dira, obraren beste zuzendariaren hitzetan. Testuari dagokionez, ordea, ez da hainbeste aldatu, eta Urretabizkaiak berakitzuli du gazteleratik euskarara.
Eta Figuranteak-en aktoreen lana da nagusi, Urretabizkaiaren iritziz. «Aktoreek antzezlan horretan daukaten boterea ikaragarria da». Izan ere, Charlie eta Juanez gain, beste bost estrarena ere egingo dute, «uneka», Hormazak eta Laskurainek; sei pertsonaia bakoitzak, alegia. Baina, batez ere, aurreneko biek eutsiko diote lanaren hariari. «Apustu bat egin du Carlosek [Zabala] alde horretatik, oso elementu gutxirekin bihurtzen baita aktorea beste pertsonaia bat». Erronka handia, hain zuzen ere, aktoreentzat. Beste pertsonaia baten larruan eta barrunbeetan sartuko dira ahotsak, gorpuzkerak eta jarrerak aldatuta.
Dena den, Charlie eta Juan ezagutuko dituzte batez ere, «baina pixkanaka», ikusleek. Lehena bizitzak «jipoitutako» gizasemea da. «Gauza asko bizi izan ditu, eta baita muturrera eramanda ere bizi. Astebetez lan egiteko eta lo egiteko leku bat eskaintzen diotela? Hara joango da». Bigarrena Goierriko herrixka horretakoa da. Alemaniara joan zen, «kristoren ametsak» zituelako. «Baina ez du lortu berak uste zuena, eta burumakur itzuli da herrira». Atzera amaren etxean bizi da, eta langabezian dago, gainera. «Pelikula horrek, agian, beste aukera bat emango dio, eta bera horri heltzeko prest dago». Filmaketan elkar ezagutuko dute biek, lagun bihurtuko dira, eta beren ametsak gauzatzeko behar dituzten pausoak emango dituzte, estra hutsa izatetik protagonista bihurtzeraino. Ordizian egingo dute hurrengo emanaldia, urtarrilaren 10ean.
Estrak protagonista
Ados Teatroak 'Figuranteak' antzezlan tragikomikoa estreinatuko du gaur, Villabonako Gurean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu