Estimatua zena kultuzkoa da

'Jack Goes Boating', Philip Seymour Hoffmanek zuzendutako film bakarra, estreinatuko dute gaur Euskal Herrian. Irailean helduko da 'A Most Wanted Man', aktore aritu zen azken filma.

Seymour Hoffman, berak zuzendutako Jack Goes Boating filmean (2010), Jack igerian ez dakienaren rola jokatzen. K. C. BAILEY.
Igor Susaeta.
Donostia
2014ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Oharkabean pasatu zen Philip Seymour Hoffman aktore zenak (1967-2014) bere ibilbidean zuzendutako film bakarra. Jack Goes Boating komedia erromantikoa (2010) Sundanceko Zinemaldi entzutetsuan estreinatu zuten (Utah, AEB), eta baita Torontoko (Kanada), Turingo (Italia) eta Tokioko (Japonia) jaialdietan ere. AEBetako zinema aretoetan, ordea, ez zuten ehun aldiz ere proiektatu, eta, handik kanpo, Alemanian, Kanadan eta Frantzian besterik ez zuten eman. Seymour Hoffman antzezle estimatu eta saritua zen ordurako, baina heriotzak kultuzko bihurtu zuen —joan den otsailaren 2an hil zen, droga gaindosi baten ondorioz—. Horregatik, Euskal Herrian gaur estreinatuko dute zinemagile moduan osatu zuen lan bakana. Irailaren erdialdean, gainera, aktore gisa aritu zen azken filma estreinatuko dute hemen: Anton Corbijnek zuzendutako A Most Wanted Man.

Kritika onak jasotzera oso ohituta zegoen Seymour Hoffman—Capote-n egindako lanagatik aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen, 2005ean, eta zinemazale ororen gogoan geratu dira iltzatuta, besteak beste, Happiness-en (1998) jokatu zuen Allen gazte desorekatuaren rola eta Before the Devil Knows You're Dead-en (2007) antzeztutako Andy exekutibo heroinazalearena—, eta, bere film bakarra zuzendu ostean ere, oro har laudatu egin zuten adituek. Bere txikitasunean «zoragarriki interpretatuta dagoen film zintzoa eta dibertigarria» dela zioen batek, esaterako;«goxoa» eta, aldi berean, «gogoetarako baliagarria» izan zitekeela beste batek. Baina egur pixka bat ere eman zioten: «Hoffman blokeatuta dago [...]. Planeatutakoa baino inozoagoa da istorioa».

Blokeatuta, zioen kritikari horrek, Hoffman antzezlan bat behar bezala pantailaratzeko gai ez zela izan iruditzen zitzaiolako. Izan ere, Robert Glaudini antzerkigileak 2007an idatzitako obraren egokitzapena da pelikula. Jack Manhattango (New York) limusina gidari barnerakoi baten eraldaketa kontatzen du. Clyde lagun minak eta Lucy emazteak Connie izeneko emakumezko batekin hitzordu bat edukitzea proposatuko diote. Baietz esango du Jackek, baina, aurrez aurrekorako prestatzen ari den bitartean, hainbat sekretu aurkituko ditu.

Espioei buruzkoa da, hain zuzen, A Most Wanted Man. 2008an John le Carre suspensezko nobelaren erreferenteetako batek kaleratutako izen bereko liburuaren egokitzapena egin du Corbijnek, eta 2001eko irailaren 11ko erasoen bueltako azpijoko politikoak dauzka oinarrian. Gunther Bachmannena egin du Hoffmanek, ustezko ekintzaile bati jazartzen ari zaion Alemaniako espioi droga kontsumitzaile porrokatu batena.

Berlin eta Hanburgo artean (Alemania) filmatu zuten ia oso-osorik, eta Le Carre filmaketa platora gonbidatu zuten pare bat egunetan. Joan den uztailaren 17an esperientzia horri buruzko testu bat argitaratu zuen idazleak The New York Times-en, eta, lehenik eta behin, Hoffmanez duen iritzia plazaratu zuen: «Kultua zen, balioaniztuna, artistikoa, distiratsua, eta menderatzen zein biltzen zintuen buruargitasun bat zuen. [...] Ez Richard Burtonek eta ez Burt Lancasterrek ez zidaten eragin lehen kolpean hainbesteko zirrara». Gogoratzen du nola behin, Tinker, Tailor, Soldier, Spy haren liburua BBCrako telesail bihurtu zutenean, Alec Guinness aktoreak filmaketatik bota zuen, «nire begirada biziegia zela esanez». Bada, Le Carrek jakinarazi du A Most Wanted Man filmatzen ari ziren batean Seymour Hoffmanek beregandik 30 bat metrora zegoen emakumezko bat kanporatzeko agindua eman zuela eszena bat grabatzekotan zeudenean. «Zuzen zebilen Philip. Izan ere, emakumezko hori nobelagilea da, eta inork baino begirada biziagoa eduki dezake».

Willem Dafoe, Robin Wright eta Daniel Bruhl aktoreek ere parte hartu dute filmean, esaterako. Corbijn argazkilaria da berez, eta bideoklipak zuzentzeagatik nabarmendu da batez ere —Depeche Mode, Metallica, U2...—. Hark zuzendutako film batek, Control (2007) Ian Curtis Joy Division taldeko kantaria zenari buruzko biopic-ak, harrera ezin hobea eduki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.