Estibaliz Lizasok irabazi du Etxepare itzulpen saria, 'Kontrako eztarritik' katalanera itzultzeagatik

'Revers. Testimonis de dones bertsolaris' izenburupean eman zuen Lizasok Uxue Alberdiren saiakera liburua, iaz, Pol·len edicions argitaletxearekin.

Estibaliz Lizasok irabazi du Etxepare itzulpen saria
Estibaliz Lizaso eta erakundeetako zenbait ordezkari, gaur Donostian. ETXEPARE INSTITUTUA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko urriaren 2a
12:50
Entzun

Katalanezko lan bati egin dio aitortza Etxepare itzulpen sariak bere hamargarren aldian. Estibaliz Lizasok irabazi du garaikurra (Tolosa, Gipuzkoa, 1984), Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik. Emakume bertsolarien testigantzak (Lisipe, Susa, 2019) saiakera liburua itzultzeagatik. Zehazki, Lizasok Pol·len Edicions argitaletxearekin plazaratu zuen katalanezko edizioa, iaz, eta hau du izenburua: Revers. Testimonis de dones bertsolaris. Lanaren kalitatea goraipatu du sariketako epaimahaiak: «Zentzu guztietan da aparta».

Irabazlea ez ezik Uxue Alberdi bera ere bertan zela jakinarazi dute aurtengo irabazlea publikoki, Donostian. Eta haren aurrean esplikatu dituzte epaileek Lizasoren itzulpenaren gainean nabarmendutakoak. Diotenez, katalanezko edizioan hizkuntza «guztiz benetakoa» darabil itzultzaileak, eta horri esker egiten du bat «modu eraginkorrean» egileak jatorrizkoarekin zuen helburuarekin. Bestalde, epaimahaiak zehaztu duenez, aintzat hartu dute Lizasok zubi hizkuntzarik erabili ez izana itzulpenerako; alegia, zuzenean jardun izana euskaratik katalanera.

Zehazki, aurten kide hauek osatu dute Etxepare itzulpen sariketaren epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak, Imanol Otaegi Etxepare institutuko zuzendariak, EHUko irakasle eta EIZIEko kide Elizabete Manterolak eta Zuriñe Sanzek, eta June Monroy Etxepare Institutuko komunikazio teknikariak.

Ohi denez, 4.000 euroko balioa du sariak, eta itzultzaileak eta argitaletxeak erdi bana banatu beharra dute hori —kasu honetan, Lizasok eta Pol·len Edicions argitaletxeak—. Dena dela, beste 2.000 euroko laguntza ere ematen zaie, literatur lana argitaratu den herrialdean egin beharreko sustapenean laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.