Esther Ferrerren ibilbidearen balioa aitortu du Gure Artea sariak

Sergio Prego eta Xabier Saenz de Gorbea saritu dituzte, sormen lanean eta arte bisualetan egindako lanagatik

mikel lizarralde
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Esther Ferrer, Sergio Prego eta Xabier Saenz de Gorbea saritu dituzte Gure Artea 2012 sariek, hurrenez hurren, arte munduan egindako ibilbideagatik, sorkuntza jarduerarengatik eta arte bisualen eremuan egindako lanagatik. Eusko Jaurlaritzak arte garaikideari eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmendu nahi izaten du sari horien bitartez, eta aurten, adibidez, 65.000 euro banatuko ditu hiru irabazleen artean. Ferrerrek eta Pregok 25.000na euro jasoko dituzte, eta 15.000, berriz, Saenz de Gorbeak. Gure Artea sariek artistek egiten duten lana «nolabait ordaintzea» dute helburu, eta sortzaileenak ez ezik, aintzat hartzen ditu bestelako eragileek ere arte plastikoen eta ikus-entzunezko arteen eremuan egiten dituzten ekarpenak ere.

«Sormen lanagatik eta kulturan nahiz arte garaikidean egindako ekarpenagatik» saritu dute Esther Ferrer (Donostia, 1937). 1966. urtean Zaj taldearekin hasi zenetik, artista aitzindaria izan da Ferrer, eta performancearen alorrean, egoera ezezagunak, gogoeta eragiten dutenak eta aztoratzaileak aurkeztu izan ditu. Horrek guztiak nazioartean ezaguna eta estimatua izatea ekarri dio, eta bere obrak mundu osoan erakutsi ditu. 1999an, Veneziako Biurtekoan parte hartu zuen, Manolo Valdesekin batera, eta, 2008an, Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen.

Izaera esperimentala

Sorkuntza lanarentzako sariaren bitartez, berriz, azken urteak aintzat hartuta «bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik» nabarmendu den artista edota artista taldea saritzen dute. Aurtengoa Sergio Pregok (Hondarribia, 1969) jaso du. Epaimahaiaren arabera, «sorkuntzagatik, arriskuagatik eta izaera esperimentalagatik» nabarmendu da Prego. «Artelekuk 90eko hamarkadaren hasieran sustatutako bultzada berritzaile horren bidez hasi zen. Bultzada horrek gazte sortzaileen konstelazio berri baten sorrera erraztu zuen». 60ko eta 70eko hamarkadetako artista kontzeptual zenbaitzuen ideiak bere eremura eraman, eta eskulturaren kontzeptua zabaltzen duten zenbait gailu sortu ditu.

Azkenik, arte bisualen eremuan, kulturaren balio-katearen urratsetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena, banaketa) egindako lanagatik saritu dute Xabier Saenz de Gorbea (Areatza, 1951). Euskal arte moderno eta garaikideari lotua eman du bizitza Saenz de Gorbeak, eta, besteak beste, arte kritikari, komisario, ikerlari, sustatzaile eta EHUko Arte Ederretako fakultateko irakaslea izan da. Saiakera eta monografia ugari idatzi ditu hainbat euskal artistaren gainean, eta, gainera, Remigio Mendibururen obra katalogatu du. 1971n, Windsor galeriaren sortzaileetako bat izan zen, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Kontseiluaren aholkulari 1988tik 1991ra.

Fernando Golvano EHUko Filosofia fakultateko irakasle, komisario eta arte kritikaria izan da Gure Artea sarien epaimahaiburua, eta honako hauek osatu dute epaimahaia harekin batera: Ana Roman eta Maider Lopez artistek, Aimar Arriola komisario eta ikertzaileak eta Alicia Fernandez historiagile, arte kritikari eta gaur egun Bilboko Rekalde aretoko zuzendaria denak. Lopezek iaz jaso zuen sorkuntza lanaren alorreko Gure Artea saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.