Estatu bakarra balego

Migrazioekiko begirada «tragikomikoa» eskaintzen du Lutxo Egia idazlearen 'Istanbul' ikuskizun literario musikalak. Bihar estreinatuko dute, Bilboko Biran

Lutxo Egia idazlea, Bilboko Bira gunean, aurten egindako emanaldi batean. LUTXO EGIA.
Inigo Astiz
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun

«Lurrean estatu bakarra balego, Istanbul litzateke hiriburua». Napoleon Bonaparteren esaldiak garden erakusten du bere kokapen estrategikoagatik Turkiako hiriburuak izan duen garrantzi historikoa. Lutxo Egia idazleak dioenez, bestelakoa da hiriaren izaera gaur egun, ordea. «Bizantzio, Konstantinopla, Istanbul... hori izan da, beharbada, gizateriak ezagutu duen bidegurutze nagusia, baina aspalditik dago hori desaktibatuta, eta, metropoli transkontinentala izateari utzi, eta transplantearen hiri bihurtu da». Hain justu, migrazioei buruzko literatur ikuskizun musikatu baten gidoia idatzi, eta paradoxa horregatik deitu du Istanbul. Bilbao Aurrera bekarekin idatzi zuen gidoia Egiak, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Bira aretoan, 19:30ean. Unai Pelayo Pelax musikariak propio sortutako musika izango du ikuskizunak, eta harekin batera beste hiru pertsona izango dira oholtzan: Telmo Trenor eta Elena Ramirez musikariak, eta Oier Guillan idazle eta antzerkigilea.

 

Jokin Gorostiza izeneko kazetaria da emanaldiko protagonista, eta hari jarriko dio ahotsa Guillanek emanaldian. Kroaziako errefuxiatu kanpaleku batean egon berri da lanean, eta etxerako bidean doa jada, Istanbuletik hegazkina hartuta. Bat-batean, ordea, hegazkinean doazen guztiak gizonezkoak direla ohartzen da, denak burusoilak, eta guztiek daukatela ile txertaketa egin berri. Migrazioei buruzko begirada «tragikomikoa» eskaintzen du emanaldiak, aurkezpen testuak iragartzen duenez.

Europak migrazioari tapoi bat jartzeko urtero Turkiari ordaintzen dion «dirutza» izan du gogoan idazleak, eta baita herrialde hartara ile txertaketak egitera joaten direnak ere. «Trantsituaren erabateko degradazioa da».

Bertan da Istanbul

«Hondo-hondoko gaia gu geu gara», azaldu du, halere. «Migrazioa aitzakia hartuta geure buruari egindako begirada bat da, europar gisa». Zeren eta, ikuskizuna Istanbul deitu badu ere, emanaldiak kontatzen duen errealitatea ber-bertan dagoela gogorarazi baitu Egiak. Bilbon, esaterako. Atxurin dagoen migrante kanpalekuan, adibidez. «Hilabete batzuk daramatzat hara laguntzera joaten. Gidoiarekin hasi nintzenean, oraindik ez nintzen joaten, eta orain han lo egiten duten gazteak jada izen-abizenez ezagutzen ditut: Mohamed, Ayub, Raxid, Zakaria... Haietako batek kontatzen zidan, adibidez, Bilbon kalean lo egiten bukatzeko, bederatzi aldiz saiatu zela itsasartea gurutzatzen, zortzitan pateraz, behin kayakez, eta, azkenean lortu zuela. Hori ere gure errealitatea da, eta ezin diogu ez ikusiarena egin».

Poesia liburu bat, narrazio liburu bat eta hiru nobela ditu argitaratuak, baina performanceak eta antzezlanak izan dira Egiaren azken lanak. Gaztelera ahaztuta, hilabetez euskara hutsez bizitzen saiatu zen 2015ean, esaterako; Oxtul Aige izeneko emakumezko pertsonaiaren larruan eman zuen hilabete Bartzelonan 2017an; eta bi antzezlan ere sortu ditu ordutik hona: Identitarteak, 2020an, Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria irabazi zuena, eta Free Tour aurten. Eta oraingoan ere, hasieran, performance bat egitea zen Egiaren asmoa.

«Ikuskizuna performance horren azken atala zen, berez. Hasiern, nik burua tatuatu behar nuen mikropigmentazioa izeneko teknikarekin, eta prozesu hori erakutsi behar nuen argazki bidez eta gertatu ahala». Beka bat ere eskatu zuen horretarako, eta, nahiz eta lortu ez, eta azkenean burua tatuatu ez, ikuskizunarekin aurrera egitea erabaki zuen. Hasiera xamarretik izan zuen Pelax ondoan.

Eszenara itzultzeko eskaria

Durangoko Azokan gertu izan dira azken urteetan Egia eta Pelax, biak izan baitira Ahotsenea guneko koordinatzaileak, eta urtero izaten baitira bertan. «Iazko azokan hasi nintzen gaiari buruz harekin hizketan. Gidoia bidali nion, berak zati batzuk musikatzen zituen, bidaltzen zizkidan, geratzen ginen, eta gero heldu ziren Telmo Trenor eta Elena Ramirez, eta gerora sartu zen Oier Guillan ere. Eta, behin lanean hasi direnean, eurak joan dira ikuskizunaren zuzendaritza eta prestatze artistikoa egiten». Egiak dioenez, bere ibilbidean landu izan duen rocketik aparte dabil Pelaxen musika ikuskizunean, eta badu ekialdeko musikaren ukitu bat.

Argi ikusi zuen Guillanen parte hartzea ere. Egiak barrez gogoratu du, justu, BERRIAn oholtzako aktore lana utzia zuela aitortu zuen egun berean deitu ziola galdetzeko ea emanaldian parte hartuko zuen. «Gidoia irakurri zuen, eta baietz esan zidan». Aurrez ere Guillanen lanaren oso zalea zela onartu du Egiak. «Oso ona da irakurketa dramatizatu baterako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.