Kyle Chayka egileak Filterworld. How Algorithms Flattened Culture liburuan dio (Filtroen mundua. Nola eraitsi duten algoritmoek kultura) algoritmoek «hala moduzko» eta «homogeneo» bilakatu dutela kultura, eta gizartearen kontsumo ohiturak baldintzatu dituztela. New Yorker egunkariko kazetaria da Chayka, teknologia eta kultura digitalean aditua, eta, haren arabera, gustu pertsonalak manipulatzeko gaitasuna dute plataforma digitalek, eta zer liburu eta film kontsumitzen ditugun ez ezik, zer jaten eta janzten dugun ere erabakitzen dute. Liburu hori —eta beste batzuk— eraman zuen atzo Ainara LeGardon musikari eta jabetza intelektualean adituak Gasteizko Jimmy Jazz aretoko mahai ingurura, eta gogoetagai izan zituen han jasotakoak: «Kultur sormena estandarizaziorantz eramaten ari dira streaming plataformak, eta musika edukiak apaltzen ari dira».
Solasaldian, LeGardonek kezkaturik jardun zuen AA adimen artifizialak musikan duen inpaktuaz —eta oro har kulturan duenaz—, eta mahaiaren bueltan, hark bezala, gaiari buruz jardun zuten eta erantzunik gabeko galdera mordoa airean utzi zituzten Javi Cosmea musikari eta Virgin diskoetxeko managerrak eta Josu Larrinaga EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak ere.
Egile eskubideak, Adimen Artifiziala, Spotify... Nora goaz? mahai-inguru zikloaren laugarren eta azken solasaldirako hautatutako izenburua irakurrita, aise ondorioztatu zitekeen hizlarien artean zalantzak eta galderak nagusituko zirela, ziurtasun eta baieztapen borobilen gainetik. Eta hala izan zen, neurri handi batean. Cosmeari entzunda, adibidez, argi geratu zen nekeza dela jakitea zer gertatuko den etorkizunean: «Sortzaileari, kontsumoari eta musika industriari eragiten die bete-betean adimen artifizialak, baina ez dakigu aurrera begira zer gertatuko den».
«Kultur sormena estandarizaziorantz eramaten ari dira streaming plataformak, eta musika edukiak apaltzen ari dira»
AINARA LEGARDONMusikaria eta ikerlaria
Virgin diskoetxeko managerrak hartu zuen mahai ingurua moderatzeko ardura, eta eztabaidarako abiapuntua jarri zien solaskideei, galdera batekin: «Zuei nola eragiten dizue adimen artifizialak eguneroko lanean?». Irmo erantzun zuen LeGardonek: «Pertsonalki eta ikerlari gisa, izugarri». LeGardon aspaldi ari da ikertzen adimen artifizialak sorkuntzan eta hedapen kulturalean duen inpaktua, eta, haren esanetan, musikan enpresa handiek gero eta eduki «homogeneoagoak» eta estilo «estandarragoak» nahi dituzte, «ahalik eta mainstream-enak, molestatzen ez dutenak eta inolako kalterik egiten ez dutenak», eta horrekin eduki «kaskarrak» baino ez dituzte sortzen. Izan ere, adimen artifizialak musika «estandarra» elikatzen du, eta «ez da ertzetatik kanpo ateratzen», haren iritziz.
Arlo akademikoan AAk marrazten duen panorama ez da askoz hobea, Larrinagak kontatu zuenez: «Nire ikasleek Chat GPTrekin egiten dituzten lanak zakarrak dira. Forma aldetik perfektuak dira, baina eduki aldetik hutsalak, bere onetik aterata baleude bezala». Eta unibertsitatean ikusten duen joera hori musikan ere atzematen duela azaldu zuen. Santi Eraso filosofo eta arte eragileak Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua definitzeko erabiltzen duen estetika fosilaren kontzeptua baliatu zuen Larrinagak adimen artifizialak musikan duen eraginaz hitz egiteko: «Oskol sintetikoa da, eta ez du etorkizunik».
Entzule «pasiboak»
Bat-bateko kontsumoak eta Tiktok bezalako sare sozialek berekin ekarri dute azken urteetan kantua diskoari gailentzea, eta horrek goitik behera aldarazi du musikaren eta musikarien panorama, Cosmeak nabarmendu zuenez. «Eta entzule pasiboak sortu ditu», erantsi, penatuta, LeGardonek. Musikariaren iritziz, ezin da musika gisa izendatu bat-batekotasunarekin eta abiadurarekin zerikusia duen ezer: «Nik produktua deituko nioke, ez baita musika».
«Historian ez da inoiz hainbeste jende egon musikatik bizi nahi duena. Baina gaur egun sormenak ez du alternatibarik merkatutik kanpo»
JOSU LARRRINAGAEHUko irakaslea
Ideia horren kontrapuntua jarri zuen, berriz, Cosmeak. Haren iritziz, artista batek plataforma berrien bitartez arrakasta lortzeak «ez du zertan musikari txarraren sinonimo izan», nahiz eta onartu halako tresnek kontsumorako kantak «trumilka» sortzen dituztela. Musika industriaren zokoak ongi ezagutzen ditu Virgineko arduradunak, eta onartu zuen, halaber, musikan bidea egin eta «etekinen bat» atera nahi duen artistak mainstream-akmarkatzen duen bideari jarraitu beste aukerarik ez duela.«Jokabidezko kokaina deitzen zaio fenomeno horri», aurpegiratu zion LeGardonek.
Musikari autoekoizlea da LeGardon, eta ez du plataforma digitalik baliatzen bere musika zabaltzeko, baina onartu zuen bera «anomalia» bat dela, eta, oro har, musikan edo artean bidea urratu nahi duenarentzat oso nekeza dela merkatuaren logikatik at hautu hori egitea. Arrazoia eman zion Larrinagak: «Historian ez da inoiz hainbeste jende egon musikatik bizi nahi duena. Baina gaur egun sormenak ez du alternatibarik merkatutik kanpo».
«Artista batek plataforma berrien bitartez arrakasta lortzeak ez du zertan musikari txarraren sinonimo izan»JAVI COSMEAVirgin diskoetxeko kidea
Adimen artifizialarekin egindako lanen egile eskubideez ere aritu ziren solasaldiaren amaieran, eta, lege esparruari dagokionez, LeGardonek azaldu zuen oraindik lausoa dela araudia, eta jurisprudentzia ezarri behar dela, baina gaur egun artista batek eskubidea duela AArekin egindako musikatik etekin ekonomikoak ateratzeko, baina ez jabetza intelektuala izateko. Bide horrekin kontrajarritako beste modu bat aldarrikatu zuen musikariak: «Gizakiak %100ean egindakoaren balioa azpimarratzen dut».