Espresionismo abstraktua, Guggenheimen 20. urtemugan

Museoak programazio «berezia» prestatu du urteurrena ospatzeko. Bill Violari eta Pello Irazuri buruzko atzera begirakoak egingo ditu

Erredakzioa
Bilbo
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Urteetako polemika eta eztabaiden ondoren, 1997ko urriaren 19an ireki zituen ateak Bilboko Guggenheim museoak. Ondorioz, datorren urtean, 2017an, hogei urte beteko ditu, eta, hori ospatzeko asmoarekin, hamabi hilabeteko programazio berezia prestatu du museoak Arteak dena aldatzen du leloarekin. Asmo argi batekin: «Museoak nazioarteko arte giroan duen erreferentziazko lekua indartzea; mundu osoko bisitariak erakartzeko ahalmena sendotzea; tokikoekin harremanak estutzea, arte —eta kultura— komunitatearen partaidetza sustatuz; museoak bere arte ondarearekin duen konpromisoa berritzea; eta Bilboko, Bizkaiko eta EAEko ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren sustatzaile gisa duen lekua irmotzea».

Hogei urteotan 19 milioi bisitari izan ditu Guggenheimek, eta sasoi onean dagoela uste du Juan Ignacio Bidarte zuzendariak: «Umiltasunez eta autokonplazentzian erori gabe begiratu behar diogu etorkizunari, baina baita nazioarteko kokalekua indartzeko asmoarekin ere».

Helburu hori lortzeko arte programazio «indartsu eta berezia» prestatu du museoak datozen hamabi hilabeteetarako. Hala, aldi baterako hamalau erakusketa zabalduko dituzte 2017ko abendura bitartean; horien artean hiru neurri handikoak. Otsailaren 3an irekiko dute, esaterako, Espresionismo abstraktuari buruzko erakusketa handia. Joera artistiko horretako hainbat ordezkariri buruzko atzera begirakoak egin dira azkeneko urteotan Europan, baina ez, ordea, mugimenduaren gainekorik. «Erakusketa honek asmo du mugimenduari beste modu batean heltzea: unitariotzat jotzen den arren, adar asko izan zituen eta konplexua izan zen». Ekainaren 4ra arte izango da ikusgai.

Ekainean bertan zabalduko dute Bill Viola bideo-artista estatubatuarrari buruzko atzera begirakoa. Erakusketan gaika eta kronologikoki aurkeztuko dute Violaren lana, «artistaren lengoaiak izandako garapena» azaltzeko asmoarekin. Espresionismo abstraktuari buruzko erakusketa bezala, Guggenheimeko bigarren solairuko aretoetan izango dira ikusgai Violaren lanak.

Aurretik, maiatzean, Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak erakusketa zabalduko dute museoko hiru aretotan. XIX. mende amaieran Parisen sortutako abangoardien gaineko hausnarketa proposatuko du Guggenheimek ehun bat artelanen bitartez. Margolanak, marrazkiak, grabatuak eta paper gaineko lanak bilduko ditu erakusketak.

Irazu, atzera begira

Bestelako erakusketak ere zabalduko ditu museoak 2017ko urrira bitartean. Hala, Pello Irazuren (Andoain, Gipuzkoa, 1963) obrari atzera begirakoa eskainiko dio martxoaren 10etik ekainaren 25era bitartean. «Ibilbide artikulatua izango da eta Irazuren artegintzaren mugarriak azalduko dira».

Gainera, erakusketa hauek izango dira Bilboko museoan: Albert Oehlen: Irudiaren atzean (urriak 21), Hermann eta Margrit Rupf bilduma (azaroak 11), Fiona Tan: Desoriente (abenduak 22), Pierre Huygue: (Titulurik gabea) Giza maskara (martxoak 30), George Baselitz: Heroiak (uztailak 14), Ken Jacobs: gonbidatuak (uztailak 6), Anni Albers: ikusmena ukitu (irailak 30), David Hockney: erretratuak (2017ko azaroak 10), Amie Siegel: Negua (2017ko azaroak 30) eta Artea eta espazioa (2017ko abenduak 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.