«Erdi Aroko gizonarentzat arte kristaua da arte gotikoa. Zein da gizon garaikidearentzat arte kristau garaikidea?». Jorge Oteizarena da esaldia, eta garai bat laburtzen du. II. Mundu Gerraren ondoren hondakinetan zen Europa, eta elizak eraiki eta zaharberritzean sortu zen eztabaida. Egokia al zen arte modernoa funtzio sakratu hori betetzeko? Nabarmena izan zen 50eko hamarkadan erlijio artearen ateak zabaltzearen aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida. Erasoak, haserrealdiak eta debekuak; bataila baten ezaugarri guztiak izan zituen polemikak, eta Euskal Herrira ere heldu zen. «Paradigmatikoa» da Arantzazuko santutegiaren kasua, Jon Etxeberria ikerlariaren hitzetan. Bi urte eta erdi eman ditu kasu hori aztertzen, eta orain kaleratu du ikerketa horren emaitza Oteiza Museoak; Intrusos en la Casa. Arte Moderno, espacio sagrado liburua (Sarkinak etxean. Arte modernoa, espazio sakratua).
«Arte kristaua berritu beharraz mintzo da etengabe Oteiza Arantzazuri buruzko bere testuetan, eta horrekin zer esan nahi zuen ulertzeko gogoaren ondorioz sortu da ikerketa», azaldu du Etxeberriak. Berehala egin behar izan zuen jauzi lokaletik globalera. «Berria zen arazoa. Ordura arte Europan Elizak sekula ez zion bere buruari galdetu beharrik izan zer eliza klase eraiki nahi ote zuen. Irizpide teologikoen menpe izan ziren irizpide artistikoak». XVIII. mendean heldu zen haustura; Ilustrazioarekin. «Elizak ez zuen modernitatea onartu, eta urrundu egin zuen horrek artearen ibilbidetik». Elizetatik kanpo nahi zuen Vatikanoak arte berria.
I. Mundu Gerraren ondoren piztu zen eztabaida lehenengoz, eta II. Mundu Gerraren ondoren bigarrenez. Eliza barruko jendeari esker sortu zen berrikuntza gogoa. Elizako adarrik progresistena izan zen eliza berriak arte garaikidearen patroien arabera eraiki behar zirela proposatu zuena, eta haien aurka azaldu ziren kontserbadoreak. «Arte modernoa zen gizartearen aberrazio guztien erakusgarri nagusia, haien ustez. Bekatua zen, kasik, elizako ateak halakoei irekitzea», dio Etxeberriak. Alde bakoitzak bere aldizkariak zituen, eta eraso zuzenak ere izan ziren.
Vatikanoaren ezetza
Bi bando horien arteko eztabaidaren barruan ulertu behar daArantzazuko kasua, Etxeberriaren ustez. Dioenez, nabarmenak dira bertan Europan erlijio artea garaikidetzearen aldekoen eta aurkakoen arteko tentsioa. Horregatik hartu zituen begi txarrez Vatikanoak, besteak beste, Carlos Pascual de Lara, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida eta Lucio Muñoz artistek santutegirako egindako artelanak. Horregatik geldiarazi zituzten jadanik hasita zeuden eraikuntza lanak, eta horregatik egon ziren Oteizaren apostoluak hamahiru urtez Arantzazurako bideko bazter batean. Bukatu gabe, eta utzita; baztertuta. Horregatik urratu zituzten fraideek Basterretxearen kriptako irudien zirriborroak.
Frantzia izan zen polemikaren gune nagusia. Etxeberriak dionez, han egin zen gogorren arte garaikidea elizetara sartzearen alde. Orduko artistarik ezagunenetariko batzuk izan zituzten kide: Henri Matisse, Georges Braque eta Jacques Lipschitz, besteak beste. Erresistentzia gunetzat ditu Etxeberriak Assyko Notre Dame de Toute Grace eliza, Audincourteeko Sacre Coeur eta Venceko Arrosarioaren kapera. Eta Euskal Herrian, Arantzazu.
Figura bat nabarmentzen du nagusiki; Pablo Lete frantziskotarra. Hark eraman zuen Europan bizi-bizi zen polemika Arantzazuraino. «Santutegia egiteko enkargua egina zegoen; baina hura geldiarazi, eta beste bat egitea erabaki zuen. Arkitekto neoklasiko batzuek eraiki behar zuten, hasiera batean, baina Letek hutsetik hastea erabaki zuen. Zerbait berria egin behar zela ulertu zuen, etorkizunean lotsarik sortuko ez ziona. Lehiaketa ireki bat proposatu zuen, eta artista plastikoek ere parte hartu ahal izan zuten hartan».
Bizi zen garaiaren taupada ulertu zuen Letek, Etxeberriaren hitzetan, eta giltzarri izan zen haren presentzia. Borroka horretan hil zen, gainera. «Lanak egin ahal izateko, etxez etxe diru eske ibili ziren frantziskotarrak, baina baldintza bat jartzen zien jende askok: haien dirua ez zedila artistentzat izan. Kubako euskal komunitatearengana jo zuen Letek diru bila, baina istripu bat izan, eta hil egin zen. Asko moteldu zuen prozesua haren heriotzak». 1958ko Pio XII.a aita santuaren heriotzak eta 1959ko Vatikanoko II. Kontzilioak bizkortu zuten berriz. Aldatu egin zen Elizaren irizpide ofiziala, eta 1969an bukatu zituzten Arantzazuko lanak.
Euskal artista abertzale, ateo eta komunisten eta kristau frankista kontserbadoreen arteko gatazka gisa ulertu dute askok Arantzazuko polemika, Etxeberriak dioenez. Baina aberatsagoa da errealitatea. Artista gehienak ez ziren abertzaleak garai hartan —ezta Oteiza ere—, eta diktadurapean egoteak gatazka zaildu bazuen ere, borroka orokorragoaren parte izan zen, nagusiki, Gipuzkoako hura. Sakratu zenaren eta garaikide zenaren artekoa.
Debekuaren onura
Ironiak ere badu tarterik polemikan, halere. Etxeberriak azaltzen du zergatia: «Vatikanoaren debekuak hemeretzi urtez atzeratu zituen Arantzazuko santutegiko lanak, eta denbora horretan asko hobetu zen hasierako proiektua. 50eko Oteiza ez zen 60ko Oteiza. Eskerrak ere eman beharko dizkiogu, beraz, Vatikanoari».
Friedhelm Mennekes frantziskotarraren eta arte adituaren testu bat eta orain arte sekula argitaratu gabeko Oteizaren hainbat testu ere badakartza liburuak.
Espiritualitatearen gatazka
Arantzazuko santutegian erlijioaren eta arte garaikidearen artean izandako tentsioa aztertu du Jon Etxeberria ikerlariakEliza artea berritzea zen Oteizaren asmoa, baina Vatikanoak ezetza eman zion
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu